martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Kilometro politikoak

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Nafarroako UGTk SPA sindikatuarekin batera jarritako helegite baten ondorioz, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ahuldu egin du aurreko Nafarroako Gobernuaren dekretu bat, euskara indartzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideei orain arte eduki ez duten estatus bat aitortzea helburu zuena. Ez zuen iraultzen orain arteko egoera, baina urrats berriak egiteko bideak erakusten zituen. Minimoetakoa zen, aurreko hamarkadetako basamortuaren ondoren.

Inor ez du ustekabean hartu UGTren jokabideak, urruti ibili delako beti sindikatu hori euskal adjektiboa daukan errealitatetik. Baina, hala izanda ere, UGTk oso sentsibilitate txikia erakusten du euskararekin 2019an horrelako helegitea aurkeztuta. Ulergarria izan liteke jokabide hori Nafarroako eskuinarena balitz, baina zer dela-eta kentzen dio zeregin hori UGTk euskara izurritearen pare jartzen duen eskuin gogorrari?

Sindikatu handi berean daude Kataluniako UGT eta Nafarroakoa, hala nola Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoa. Irakurle katalanak gogoratuko dira, Vicent, Kataluniako UGTk bat egin zuela Erabakitzeko Eskubiderako Itun Nazionalarekin eta Erreferendumaren aldeko Itun Nazionalarekin. Duela urte gutxi antolatu ziren bi itun horietan, hasieratik egon zen Kataluniako UGT Batzar Nagusian onartuta daukalako alderdiak bat egiten duela erabakitzeko eskubidearekin.

486 kilometro geografiko daude UGTk Iruñean eta Bartzelonan dauzkan egoitzen artean, eta, nago ni, milaka eta milaka kilometro politiko daudela bi egoitza horien artean. Pentsaezina delako Kataluniako UGTk helegitea jartzea Nafarroako Gobernuak indarrean jarri zuen dekretuaren eskakizun berak edukiko lituzkeen dekretu katalanari.

Ikastaroa eman beharko diete katalanek nafarrei hurrengo Kongresu Konfederalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.