martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Katalunia hilobi

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniako herritar independentziazaleek beren asmoa betetzeko lanean irmo segitzen badute, Espainiako politikarien hilobia izango da Katalunia; bai, behintzat, Kataluniako auziari irtenbide adostua eman nahi ez diotenentzat.

Gerra zikinak bota zuen Felipe Gonzalez Moncloatik 1996an; 2014ko Madrilgo atentatuak ETAk egindakoak ziren gezur tematia esateagatik, zazpi urtez atzeratu behar izan zuen Mariano Rajoyk Moncloarako sarrera... Eta orain, Katalunia. Estatu arazo nagusia bihurtu da, askogatik, Kataluniako afera azken hamarkadan, eta ikusi dugu gaurko hauteskundeetako kanpainaren ardatzik garrantzitsuena izan dela. «Lurralde politika» eufemismoarekin estali nahi dute askoz izen potoloagoa merezi duen arazoa, izenak beti izana aldatzen duelakoan.

Saiatu da, saiatu denez, PSOEko hautagai Sanchez kanpainaren mintzagai nagusia gobernabidera eta erakundeen sendotasun premiara bideratzen. Ez du lortu, bera ere bere asmoei izkin egin eta barruraino sartu delako Kataluniakoan. Telebistako eztabaidan proposatu zuen adostu gabeko erreferendumetara deitzea delitua izango zela berriro — 2003tik 2005era bezala— Zigor Kodean. Eta elkarrizketa batean esan berri du denok dakiguna, alegia, fiskalek gobernuaren aginduak betetzen dituztela.

Hipokrisia ariketa olinpikoa eginez, zarata handia atera dute fiskalek, hainbat komunikabidek eta oposizioko buruzagiek, Sanchezek erretiluan jarri zielako; baina gauza jakina da estatu auzietan fiskalek ez dituztela estatua eta gobernua bakarrik uzten.

Gaurko hauteskundeek ez dute egoera aldatuko, arazo nagusiek, Katalunia tartean, bere horretan segituko dutelako. Errezeta zaharrek ez dute balio, baina farmazialari berririk ez da egongo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.