Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

«Sakoneko Galizia» mespretxatuz

2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Joan den igandean jakin genuenez, Marbellako epaile batek erabaki berria du nori dagokion 13 hilabeteko haur baten zaintza, eta, besteak beste, oinarritzat hartu du amak «sakon-sakoneko Galizian» duela bizilekua, eta ez Marbellan, zeinean, agintari judizialaren arabera, baldintza hobeak baitaude haurraren garapenerako. Jurista horren kontsiderazioak ez dira norbanako baten noizean behingo desegokikeria bakan bat, kausa jakin bati lotua. Identitate espainola osatzen duen ideologia du ezkutuan: desberdina dena ukatzea.

Alexandre Peres Vigo irakasleak doktore tesi bat egina du galegofobiari buruz, Coruñako Unibertsitateko kalifikazio gorena ekarri ziona, eta hau nabarmendu zuen: «Galegofobiak, min kroniko gisa, aldian behin azaleratzeaz gain, hamarkadetan eta mendeetan presente dirau espainiarren pentsamendu kolektiboan». Tesian jaso zuenez, «belaunaldiz belaunaldi» transmititu eta «betikotu» izan da Espainiako gizartean, «literaturaren, komunikabideen eta lagunarteko hizkeraren beraren bidez». Aditu horrek ondorio bat atera zuen: galegofobiak «oraindik ere berekin dakar fenomeno bat galiziar-espainiar harremanak markatzen dituena».

Fenomeno horren jatorria prozesu historiko bati lotua dago: XIII. mendearen erdialdera, Galizia herrialde menderatu gisa txertatu zen gaztelauen eremuan, baina ez zen argiro hala agertu XVI. mendera arte, harik eta Errege-Erregina Katolikoek «Galiziako Erresumaren heziera» bururatu zuten arte, haien kronista Jeronimo Zuritak zeritzon moduan. Pentsamendu ildo horri lotu zaizkio Espainiako kulturako figurarik garrantzitsuenak XVI. mendeaz geroztik, Cervantesekin eta Gongorarekin hasi eta gaurdaino.

Galegofobia indarberritu izanak zerikusia du bai ofentsiba espainolistarekin eta bai Espainia kulturalean jarrera chauvinistak aurrera egin izanarekin; hain zuzen, Espainia kulturala gero eta oldarkorragoa da estatuko beste identitate nazionalekin. Gaur egun, identitate espainola eraikitzeko diskurtso lagungarriaren parte da oraindik ere, eta tresna bat da, era berean, herri katalanaren, galiziarraren eta euskaldunaren xedeak borrokatzeko. Arrazismoak, Vicent eta Martxelo, beti balio izan du kolonizatzaileen menderakuntzarako lanabes gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.