Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Eta Madrilek zergatik ez?

2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Atzo Mendien Eguna zela eta, Galiziako 50 herritan baino gehiagotan mobilizazioak egin dituzte, zenbait enpresak eta korporaziok egin nahi dituzten proiektu eolikoen kontra protesta egiteko. Proiektu horien eragile gehienak atzerriko kapitala duten enpresa eta korporazio multinazionalak dira; atzoko erreibindikazio ekintzak, berriz, ehunka kolektibo tokikok eta nazionalek antolatu dituzte, Eolicos Asi Non izeneko plataforma batean baturik, tartean elkarte ekologistak, auzokide elkarteak, sindikatuak eta herri basoen komunitateak.

Galiziak argi du energia berriztagarriak ezinbestekoak izango direla etorkizunean; are, Galiziako barne kontsumoaren %26 baino gehiago dator iturri berriztagarrietatik. Baina horrek ez du esan nahi ingurumen eta ondare balioak deuseztatu behar direnik, ez eta etorkizuneko garabidea hipotekatu ere. Alde horretatik, zenbait arlo profesionaletan egindako ikerlan batzuetan egiaztatu duten bezala, energia eolikoak eragin negatiboa du landa eskualdeetako jarduera ekonomiko nagusietan, hala nola nekazaritzan eta turismoan. Gainera, energia eolikoan eta hidraulikoan espezializatu diren eskualdeak ari dira gehien despopulatzen.

Galiziako produkzioa, hain justu ere, espezializatuta dago sortutako elektrizitatea estatuko beste leku batzuetara esportatzean, eta herrialde honek duen arazo politikoaren adierazgarria da hori, baita haren mendekotasun ekonomikoarena ere. Aurten, ekoitzi duen energiaren %35 esportatu du Galiziak, eta, 2011tik 2020ra, enpresa elektrikoek 4.049 milioi inguru irabazi dituzte Galiziako arroetan dauden zentral hidroelektrikoen bitartez. Hala produkzio hidraulikoan nola eolikoan, Iberdrola da ekoizle nagusia. Energia sortzeko merkatuaren %80, hain zuzen, atzerriko enpresen esku dago, eta haietako bakar batek ere ez ditu hemen ordaintzen zergak.

Galiziarrak protestara atera berri dira haien lurraldea espoliatzen ari den energia eredu horren kontra, eta, egun berean, Nós Diario-k jakinarazi du Madril dela estatuan erkidego bakarra instalazio eoliko bakar bat ere ez daukana eta haizearen bidez elektrizitaterik sortzen ez duena. Beharbada, bere garaian Esperanza Aguirrek esan zuen bezala, «energia ekoiztea ez da Madrilen kontua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.