martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Botoak epaiketan

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Ostegunean jakin genuen Espainiako datorren urteko aurrekontuetan ados direla gobernua eta Unidos Podemos. Azkar iritsi da akordioa, ustekabean esango nuke, bi egun lehenago Unidos Podemoseko goi arduradun Echeniquek egin zuen iragarpen ilunari erreparatuta.

Aurrekontuak onartzeko, behar duen gehiengoaren bila hasiko da Sanchez orain, hasita ez badago, eta pentsatzekoa da handitik txikira hasiko duela botoak zorroratzeko ahalegina. ERC da hurrengoa, bederatzirekin; atzetik datorren PDeCATek zortzi dauzka; bost EAJk, eta lau Compromisek. Edo seguruagoa dauzkan EAJren botoen bila joango da lehenik?

Unidos Podemosen baiezkoak zaildu egiten die erabakia Kataluniako independentziazaleei, askoz ere samurragoa izango baitzatekeen katalanen ezezkoa aurretik Iglesiasek bakarrik utzi balu Sanchez. Kataluniako prozesua dagoen egoeran ezinezkoa da biak bereiztea, nahiz hurrengo egunetan mantra baten moduan entzungo diegun alderdi sozialistako eledunei errepikatzen aurrekontuak gauza bat direla, eta beste bat, oso bestelakoa, prozesu judizialak.

Baina ez dira katalan independentziazaleak zail daukaten bakarrak, Sanchezek berak oso zaila baitauka dirua izango ez den eta katalanentzat onargarria izango den konponbideren bat proposatzea. Prozesuko arduradunen aurkako epaiketan zigorrik ez izatea, edo, izatekotan, txikiak izatea uko egin ezineko eskaera da alderdi independentziazale eta herritar askorentzat. Lehenagotik eskatu diote Sanchezi esku hartzeko ondorio judizialak leuntzeko, eta hurrengo egunetan ere eskatuko diote, mahai gainean jarriko dutelako afera hori, Kataluniako eta Espainiako hurrengo hilabeteetako politika baldintzatuko duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.