martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Antzerki garaian gaude

2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Irudimentsu jardun dute asteon Espainiako Senatuan. Ondoriorik edukiko ez duen mozioa onartu zuen zertarako dagoen inork ez dakien Espainiako bigarren ganberak. Onartutako testuan, Senatuak eskatu zion Espainiako Gobernuari eskumen gehiago ez ematea Eusko Jaurlaritzari, hau da, bete gabe utz dezala Gernikako Autonomia Estatutua, betetzeak espainiarren arteko desberdintasuna eragingo lukeelako. Hamarkadak daramatza delako estatutuak bete gabe.

PPk proposatu zuen mozioa, Madrilgo Kongresuan historikoki gehiengoa osatzeko Kataluniako gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin inolako arazorik gabe negoziatu eta autogobernu kuotak igo dituen PP berak. Mozioak ez du Espainiako Gobernua ezertara behartzen, eta hauteskunde zarata sortzea beste helbururik ez dauka.

Apirilaren 28an izango dira Espainiako hauteskundeak, eta inkestek ondo irakurri badute botoa emango dutenen asmoa, oso diputatu gutxiren aldearekin osatuko da gehiengoa. Asteon analista batek esan du, deskuidatuz gero, EH Bilduren botoak ere adostu beharko dituela Sanchez sozialistak presidente izateko beharko duen gehiengoa osatzeko. Dozena erdi bat eserlekuk erabaki dezakete hurrengo gobernua Espainian, zentro-ezkerreko blokea eta eskuinekoa oso parekatuta daudelako. Beste behin —horregatik aldatu nahi dute batzuek hauteskunde legea—, pisu erreala ez baino espezifikoa daukaten diputatu katalan eta euskaldunen esku egon liteke erabakia.

Berehala ahaztuko zaio PPri Espainiako Senatuan egin duen antzerki merkea, baldin eta apiriletik aurrera Moncloara itzultzeko indar txiki horietako baten botoak behar baldin baditu. Zer eskumen ez ote dio eskainiko, esate baterako, EAJri «espainiarren arteko desberdintasuna areagotzen duten» botoen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.