martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Eser eta mintza, itxaron eta ikus

2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Modako esaldia bihurtu da azken asteotan Kataluniako auziarekin zerikusia daukaten agerpenetan: «Sit and talk (eseri eta hitz egin)». Vilaweb-en irakurleetako askok ikusiko zituzten duela hiru larunbat Bartzelonako kaleetan Espainiako Auzitegi Gorenaren epai bidegabearen aurka egindako manifestazio handian esaldi hori erakutsi zuten txartelak. Hori bera egin dute ostegun honetan Clara Ponsati kontseilariari elkartasuna adieraztera Edinburgoko auzitegira hurbildu ziren solidarioek, hemendik aurrera askotan ikusiko dugun esaldia erakutsi baitzuten txarteletan.

Aste honetan bertan erabili du esaldi hori Generalitateko lehendakariorde Pere Aragonesek Catalunya Radion egin dioten elkarrizketan. Torra presidenteak ere erabili izan du aurretik.

Ondo aukeratutako leloa da: motza eta adierazkorra, munduko herritar askok ulertzeko modukoa. Bai azalean, oinarrizko ingelesa baita, eta bereziki mamian, arazoari irtenbidea hizketaren bidez ematea proposatzen baitu.

Espainiako Gobernuak erantzungo duena ez da oso urruti ibiliko —beste hizkuntzetako adibideekin segituta— ingelesezko wait and see (itxaron eta ikusiko dugu), frantsesezko on verra (ikusiko dugu) eta italierazkoci vediamo (ikusiko dugu elkar) esapideetatik.

Denak, bakoitzak bere ñabardurekin, erabili izan dira auzi bati serio ez heltzeko asmorik eduki ez dutenen ahotan; denbora ahalik eta gehien luzatu, indarra higatzen joan dadin.

«Konstituzioaren eta autonomia estatuaren barruan» hitz egiteko prest dagoela esan du berriro asteon Pedro Sanchez jarduneko presidenteak. Zer esango dute, behin gobernuan sartuta, Unidas Podemosekoek Kataluniako auziarentzat haien proposamena erreferendum adostua egitea izan bada? Wait and see?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.