martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

EH Bildu eta sekretu ofiziala

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Azaroaren 10ean Espainian egindako hauteskunde nagusietako emaitza behin betikoen arabera, EH Bilduk gainditu egin du aurkeztu den lau barrutietan %15aren langa.

Espainiako Kongresuko arautegia aldatzen ez badute, oso lotsagarria litzatekeena baina baztertu beharko ez genukeena, EH Bilduk talde parlamentarioa edukitzeko eskubidea du, horrek dauzkan abantaila guztiekin: diru gehiago talde parlamentarioarentzat, bozeramaileen taldeko kide izatea, osoko bilkuretan hitza hartzeko txanda propioa edukitzea, legeproposamenei emendakinak aurkezteko aukera izatea, gobernua kontrolatzeko eskubidea...

Bada eskubide bat, seguru aski, hurrengo egunetan zarata handia aterako duena: sekretu ofizialen batzordeko kide izateko aukera dauka. Ofizialki, «gastu erreserbatuetara bideratutako maileguen kontrol batzordea» du izena, nahiz eta eguneroko hizkeran «sekretu ofizialen batzordea» esaten zaion.

Eskubidea luke EH Bilduk, baina erlatiboa, batzorde horretan parte hartu nahi duten parlamentariek Kongresua osatzen duten 350 parlamentarien 3/5ren aldeko botoa bildubehar dutelako: 210 baiezko. Eta oso litekeena da eskuinak betoa jartzea EH Bilduri. PPk, Voxek eta Ciudadanosek bat eginda, 150 boto biltzen dituzte, nahikoa betoa ezartzeko, EH Bilduri ez ezik, baita ere ERCri eta JxCATi.

Polita litzateke ikustea, nahiz batzorde horrek bilerak kamerarik gabe egiten dituen, EH Bilduko ordezkaria Espainiako inteligentzia agentzia nagusia den CNIko buruari eskatzen ez ditzatela gehiago jazarri koalizioko kideak.

Jazartzailea jazarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.