martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Bi interesgune boto paperetan

2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ondo diozun bezala, Vicent, hauteskundeak dauzkagu guk biok gure herrietako iparretan: udaletarakoen bigarren itzulia. Eztabaida interesgarria da gure herrietan dauden bi ereduetan zein den egokiena, alegia, zeinek bermatzen duen hobeto herritarrek botoa emateko orduan adierazten dutena. Frantziako bi itzulietakoa, eta Espainiako bozkaldi bakar batekoa.

Baliteke Espainiako sisteman botoa emateko ohituragatik izatea, baina uste dut bozketa bakarrekoa ordezkatzaileagoa dela, ez dituelako udaletxetik kanpo uzten zinegotzia lortzeko adina boto eskuratu duten alderdi txikiak. Frantziako sistemak alderdi handien interesak oso ondo zaintzen ditu, eta alde batera uzten alderdirik txikienak.

Lehen itzulian, ezkerreko abertzaleek emaitza onak lortu zituzten tamaina ertaineko udaletan. Gaurko bigarren itzulian, herririk handienetan eta, bereziki, Baionan dago jarrita arreta. Frantzian 2017an izandako azken lurralde moldaketaren ondorioz, aurreneko aldiz Ipar Euskal Herria oso hartzen duen egitura administratiboa daukagu: Euskal Hirigune Elkargoa.

Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Generalitateak daukaten autogobernutik oso urruti, lehen urratsak ematen hasia dago, dauzkan eskumenak landuz.

Erakunde horren osatzaileak aukeratzeko espresuki hauteskundeak ez daudenez, udal hautetsiek osatzen dute, herriaren tamainaren araberako parte hartzearekin.

Udal hautetsi jakobinoek, zuen herrian ere ez dira faltako, ez dute begi onez Elkargoa. Abertzale askorentzat ilusio piztailea den erakundea jakobinoentzat estatuaren batasunaren aurkako tresna da. Baionako emaitzek, hiriak daukan tamainagatik, baldintza dezakete Elkargoaren jarraipena. Adi jakobinoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.