Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Nebrijaren oinordekoak

2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Europako Kontseiluak oraindik orain egindako txosten baten arabera, agerikoa da gero eta galego hiztun gutxiago daudela gazteenen artean: 15 urtetik beherakoetatik soilik %23,9 dira Galiziaren berezko hizkuntzan hitz egiteko gai.

Egoera are kezkagarriagoa da hirigune handietan, haietantxe metatzen baitira biztanlerik gazteenak, eta haietatik banaka batzuek baino ez dute hitz egiten galegoz. Horra hor zer ondorio izan dituen Eleaniztasunaren Dekretuak, Feijook Galiziako Gobernuko presidentetzara heltzean onartutako dekretuak. Araudi horrek, Martxelo eta Vicent, Euskal Herrian eta Katalunian gertatzen denaz bestera, galegoa kanpoan uzten du zenbait ikasgaitan: matematikan, fisikan, zientzietan eta teknologian.

Kongresuak duela aste gutxi onartu zuen hizkuntza ofizialen berdintasuna eskatzeko ekinbide bat; alabaina, bertan behera utzi zuen galegoz, euskaraz eta katalanez jakin beharra defendatzen duen puntua. Artikulu horren kontra agertu zenak hau argudiatu zuen: Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela. Argi dago, bada, gaur egungo lege esparruak lehen mailako eta bigarren mailako hizkuntzak ezartzen dituela —eta ez koofizialtasuna—, eta oraindik ere egitate bat dela espainieraren gailentasuna beste hizkuntzen gainetik.

Europako Kontseiluak, Hizkuntza Normalizaziorako Mahaiak aurkezturiko salaketa bati erantzunez, txosten sendo bat idatzi zuen, eta, hor irmoki adierazita dagoenez, gaur egungo legedia «Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren kontrakoa da», eta Europako Kontseiluak dei egin die Galiziako eta Espainiako gobernuei erakunde sozialekin hitz egitera, egoera aldatzeko. Horrela, berriro ere, galegoaren etorkizuna herritarren esku dago: haiek ez dute galegoa abandonatu azken 500 urteotako jazarpenen ostean ere —Errege-Erregina Katolikoek ezarritako «hezte eta irentze» hartaz geroztik—, eta tinko aurre egin diete Nebrijaren agenda ideologiko berari jarraikiz espainiera inposatzen tematu diren botere publikoei. Izan ere, hala errege-erregina haientzat nola filologo sevillarrarentzat, «hizkuntza beti izan zen inperioaren bidaide».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.