Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Meiras sintoma gisa

2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Joan den asteartean, Coruñako Auzitegiak emandako epai batek trabatu egin zuen berriz ere Meirasko pazoa (Sada) Galiziako herriari itzultzeko prozesua. Oraingo honetan, auzitegiak erabaki du Franco familiari dagokiola jauretxearen barrenean dauden ondasunen jabetza, nahiz eta eraikinaren salerosketako eskritura publikoak hauxe dioen: «adostutakoari jarraikiz, barne hartzen du Meirasko pazoaren barrenean dagoen guzia».

Horrez gain, Espainiako Gobernuak egindako ondasun higigarrien inbentarioak dio haietako zenbait Ondare Nazionala erakundearenak direla, eta bertze batzuk, berriz, Galiziako erakunde eta elizetatik bidegabeki ebatsiak, hala nola Abrahamen eta Isaaken irudiak; XII. mendeko pieza horiek, bere garaian, Santiago de Compostelako katedraleko Aintzaren ataritik kendu zituzten, eta, legalki, diktadorearen familiarenak dira oraindik.

Coruñako epaitegien erabakia Espainiako politikaren anomaliaren bertze erakusle bat baino ez da. Alde batera utzirik nahiz kontsiderazio tekniko eta juridikoak nahiz Espainiako Estatuak erreklamazioa gauzatzean egindako akatsak, auto horrek jarraitu egiten dio jurisdikzio bereko epaitegi batek otsailean harturiko erabakiaren ildoari; hain zuzen, egia juridiko gisa finkatu nahi du frankismoaren narrazio historiografikoa, eta bai diktadorea bai haren senideak biktima bilakatu, bidegabeki ebatsitako ondasunez baliatu ziren arren.

Erabakiak hauxe ere erakusten du: 1978ko Konstituzioan instituzionalizaturiko erregimen politikoaren kalitate demokratikoa; izan ere, erregimen hori ez zen gai izan diktaduraren oinordekotza alde batera utzi eta biktimen erreparazio prozesuari ekiteko. Espainiako eta Galiziako gobernuen jarrerak frogatzen du memoriak deseroso sentiarazten dituela botere publikoak, eta, halaber, argiro erakusten du nolakoa den Franco hil ondoren oinordeko politikoek eta oposizio demokratikoaren zati batek adosturiko erregimena: aldaketa bat, nazioarteko kapitalismoaren eta hark Espainian zeuzkan ordezkarien eskakizunekin bat zetorrena, eta segida ematen ziena frankismoko politiken ardatzei. Orain, politika horien oinordekoek toga daramate jantzita, statu quo-ari eusten zaiola bermatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.