Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Galizieraren etsaiak

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, begira zer egoera tristean dagoen gure hizkuntza. Galizieraren Errege Akademia Real Academia Galegak (RAG) aste honetan aurkeztutako txosten batean jasotako datuen arabera, galiziera hiztun diren ikasleek gaitasun berdintsua dute galizieraz eta gaztelaniaz. Gaztelania hiztun diren ikasleen %35ek, berriz, gaitasun urria dute galizieraz. Ikerketa horren arabera, inkestan parte hartu duten DBHko 600 ikasle inguruen ia %44ren lehen hizkuntza galiziera eta gaztelania dira; %36,1ena, gaztelania; eta %18,1ena, berriz, galiziera. %70ek erantzun dute gaztelaniaz bakarrik hitz egiten dutela, edo gehienetan. Zenbaki horiek aurretik egindako ikerketa batzuk berresten dituzte,hala nola Galiziako Gobernuaren mendeko organismo batek egindakoa, hau da, IGE Galiziako Estatistika Institutuak egindakoa; institutu horrek ohartarazi du 15 urtetik beherakoen %24k ez dutela galizieraz ez hitz egiten, ez idazten.

IGEren datuen biribiltasunak agerian utzi du gaztelaniaren inposizio linguistikoaren prozesua. Bostehun bat lege xedapenek behartzen dute hura erabiltzera; aitzitik, ez dago galiziera erabiltzera behartzen duen araudirik. Hori ez da dena. Nazioarteko erakundeek, Europako Kontseiluak adibidez, zalantzan jarri dute Galiziako Gobernuaren hizkuntza politika, eta «galiziera irakasteko mugak» ezabatzeko estutu dute. Gainera, hainbat soziolinguista galiziarren ustez, Galiziako Xuntak Feijoo presidentetzara iritsi zenetik aplikatutako legedia da gaztelaniak galiziera ordezkatzeko prozesu azkarraren eragilea.

Feijook, galizieraren presentzia irakaskuntzan mugatzeko diskurtso ideologiko gisa, galizieraren inposaketa faltsua aipatu zuen, eta gaztelania hiztunen eskubideen ustezko urraketa, eskubiderik gabe uzten omen zituen legedi batean oinarrituta. Feijook adierazitakoa ez da Galiziarentzat bakarrik pentsatutakoa, Jose Maria Aznarren Analisirako eta Gizarte Ikasketetarako Fundazioaren (FAES) lantegiaren parte baita, Estatua birzentralizatzeko egin zuen programaren barrukoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.