Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Desbirtualizatu gara!

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, azkenean elkartu gara, Diari de Balears-i esker: 25. urteurrena zuela eta, hirurok elkartu gintuen Palman, hitzaldi batean, hizkuntza gutxituetan aritzen diren komunikabideen inguruan ditugun ikuspuntuez aritzeko. Jakina, lehenik eta behin zorionak eman behar dizkiogu Balearretako egunkari horri, mende laurden egin du eta; ia Vilaweb-ek adina, iaz bete baitzituen hark 25 urte.

Hizkuntza gutxituetako komunikabideen sistemaren garrantziaz aritzeko, ezinbestekoa da kontuan izatea zer eginkizun duten komunikabideek gizartean, eta aintzat hartzea zenbaterainoko garrantzia duten nazio identitatea indartzerakoan, hizkuntza propioak garatzerakoan eta harreman sare bat ehuntzerakoan. Besteak beste, haien eginkizunen artean nabarmenetako bat da norberaren hizkuntzan espazio publiko bat sortzea, bai eta kultura, hizkuntza eta identitatea sustatzea ere.

Galiziari dagokionez, papereko komunikabide gehienek ez zuten konpromisorik hizkuntza propioarekin. Nós Diario-k, ordea, harpidetzaren bidez proiektua babestu zuten 3.000 lagunen apustuari esker, hautsi egin zuen ikerketa akademiko guztietan biltzen zen anormaltasun bat: Galiziako bertako hizkuntzan egindako papereko egunkaririk ez egotea.

Galizieraren egoera euskararena eta katalanarena baino are kezkagarriagoa da. Nicolas Xamardo irakaslearen ikerketa baten arabera, Europako hizkuntza gutxituak kontuan hartuta, hizkuntza propioan idatzitako komunikabide bat dago 12.100 biztanleko. Galizian, ordea, hori halako bi da kopurua: komunikabide bat 24.600 biztanleko. Gainera, Galiziako Xuntak komunikabideei ematen dizkien laguntzen politikak are gehiago larriagotzen du galizierak gaztelaniaren aldean jasaten duen diskriminazioa; izan ere, oraindik milioiak ematen dizkio Galizian editatzen den gaztelaniazko prentsari, eta baztertu egiten ditu komunikazio hizkuntza gisa tokiko hizkuntza erabiltzen dutenak.

Nós Diario-ren gisako komunikabideak existitzen badira, galizierazko egunkari fisiko eta digital bat beharrezkoa dela agerian uzten dutenen esfortzuari esker existitzen dira. Eta ez dira beharrezkoak, soilik-soilik, hizkuntza hori kanal gisa erabiltzen dutelako, baizik eta baita galiziarren ikuspuntutik landutako kazetaritza bat egiten dutelako ere, kanpotik inposatutako gai agenda kopiatu gabe. Eskerrik asko laguntzen diguzuen irakurle guztiei! Orain, lagun iezaguzue hazten!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.