begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Indio eta bakeroetan

2021eko urriaren 2a
00:00
Entzun
Pasa den garai kasik zaharretan ohikoa zen. Polizia eta lapurretan ibiltzen ginen. Indio eta bakeroetan.

Jolas horien inguruan, gaur egun arraza guztien arteko bizikidetza dela eta, ezin onartuzkoa den aitorpena egin behar dugu gutako askok: inork ez zuen nahi indioa izan. Hollywoodek eta sos txiki batzuen truke gurasoek erositako paper txarreko nobelak idazten zituzten Zane Greyek, Marcial Lafuente Estefaniak edota Mallorquik kontatzen zutenaren arabera, indioak ziren gaiztoak. Zorte txarreko gaiztoak izan ere. Bakeroak eta Zalduneriaren Zazpigarrenak genituen, barka, heroitzat. Heroi eta eredu. Lasai izan, ikasiko genuke gero ikasi beharreko ia guztia Estatu Batuetako Mendebaldeaz. Baina garai inozoago eta sinpleago haietan, inork ez zuen nahi indioarena egin.

Adinean aurrera egin ahala, mundu (sasi) intelektualean gero eta sakonago sartu ahala, konturatu ginen, ordea, ez zela komenigarria aipatzea bakeroen pelikulak gustuko zenituela. Are gutxiago onartzea gordeta zenituela bakeroen, indioen, soldaduen, zaldien panpin eta figura horiek. Bazenituela etxean, Mendebaldeko saloiak, Mendebaldeko eskortak, Mendebaldeko arrantxoak, Mendebaldeko fuerteak (ez genuen gotorleku hitza ezagutzen...) erreproduzitzen zituzten jostailuak.

Haurtzaroko inozentzia galeraren beste seinale ikaragarria izan zen bakeroen pelikulak gustuko zenituela ukatu beharra. Ez, westernak gogoko izatea zilegi zen; Soldier Blue, esaterako. Bale, ameto egiten zuten goi mailako maisu-maistrek; Bob Dylanek sortua zelako soinu banda, Sam Peckinpahren Pat Garrett & Billy The Kid gogoko izan zenezake. Bai, Dee Brownen Bury My Heart in Wounded Knee saiakera irakurrita edukitzeak ezabatzen zuen txikitan indioen (barkatu, jatorrizko herrien) kontrako zure bekatu oro. Beste guztiaren gainean debekua zen: Ezin bakeradak laket izan —tebeoekin gauza bera gertatu zen; tebeoak umekeria galanta ziren. Komikiak irakurri behar zenituen intelektualki esnetan izateko. Geroxeago baztertu beharko zenituen komikiak, eta nobela grafikoen aldeko apustua egin...—.

Ezin John Ford, Walsh edo John Wayneren zale izan. Ezin esan hamar aldiz zenuela They Died with Their Boots On ikusita.

Makurtu ginen batzuk inkisidore horien aurrean, baina ezkutuan, itzalen artean, janzten genuen sheriff izar plastikozkoa eta egiten genuen tiro plastikozko Colt haiekin. Ezkutuan ikusi VHS bideozinta antzinakoetan grabaturiko A Man Called Horse. Egun-argitan , berriz, esan esaten genuen The Assasination of Jesse James by the Coward Robert Ford edo Brokeback Mountain bezalako filmek parekorik ez zutela western guztien artean...

Horrela, penatan, minez ematen genituen egunak eta urteak... Oraintxe arte. Pasa den Donostiako Zinemaldian bizi izan genuen gure epifania partikularra. 69. edizioan, gure lotsatik, gure lotsa zahar horretatik askatu ginen.

Egun, ozen aldarrika dezakegu bakeradak maite-maite ditugula. Eta bakeradak badirela Euskal Herriko aspaldiko kultura tradizioaren munarri-froga-harri. Beldur eta belauniko ginen guztiok altxatu gara harro, eta lau haizeetara komentatu Almeriara egin genuen bidaia hartan espageti-gazpatxo-txorizo western zatar baina zoragarri haiek filmatzen ziren Tabernas herri aldera joan ginela erromes.

Oihu egin genuen, bai, Kursaal aretoan. Orro. Irungoa zen Jose Mari Zabalzaren Al Oeste de Río Grande eta Los rebeldes de Arizona kasik buruz genekizkiela errebindikatu genuen.

Kantutan hasi ginen Kuartango herriaren ohorez eta omenez. Jakin badakigulako, orain, euskarazko literaturarako Garaziko herria izan zena Zuatzu eta ingurukoak direla euskal bakeradentzako.

Eta hori guztia Madrilgo ECAM zinema eskolan eta EHUn ikasitako emakume euskaldun bati esker. Hamaika zinemalditan ibilitakoa, saritutakoa, Arteleku abangoardiako tenpluaren ondorengoa den Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentro Donostiakoan klaseak hartu eta eman dituena...

Maider Oleagak bakeradak ikusi ohi zituen aitonarekin. Eta, Bilbotik ez hain urrun, Kuartangoko herrikide hainbatek bakero nahi zuten izan. Txikitatik. Bertan burutu zuten, pentsa, gero Almerian txaloz eta sariz hartuko zuten Algo más que morir. Maiderrek hori kontatzen du galdu ezinezko Kuartk Valley berean. Eta hori dela eta, eman behar dizkiogu eskerrik beroenak. Bai berari, bai Kuartango herriari.

Egun batzuk geroago, Zinemaldi berean Jane Campionen The Power of the Dog ikaragarria, pozoiz, desiraz, minez beteriko westerna ikusi genuen.

Letra hauekin, horren zapalduak sentitu garenok harro errebindikatzen ditugu hirurak: Algo más que morir, Kuartk Valley eta Venezian zilarra lortu zuen Thomas Savageren nobelaren egokitzapen ezin hobe hori.

Bai, bakeroak gara laino artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.