Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Kontabilitate ingeniaritza

2021eko urriaren 24a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, aditu ezinago arituak daude aurrekontuak makillatzen. Galiziako Xuntako presidente Alberto Nuñez Feixoo, esaterako, txapeldun petoa da horretan. Galiziako Gobernuak 2023ko aurrekontuak aurkeztu berri ditu: «historiako handienak», hark dioenez, baina matematikak goitik behera desegiten du lelo klasiko hori, eta agerian uzten honako hau: KPI kontsumo prezioen indizearen igoera aplikatuz gero, 2009ko aurrekontu haiek —PSOEren eta BNGren biko gobernuaren azkenekoak— 13.322 milioi euroren baliokideak izango liratekeela gaur egun; alegia, 2022ko aurrekontuetakoak baino 1.695 milioi gehiago.

Datorren urteko aurrekontuetan badira zenbait gai harrigarri, hain zuzen, biluzik uzten dutenak Espainiako hedabide progresistek begi onez dakusaten gizon bat. Jakingo duzuenez, Galizian modu basatian desegiten ari dira osasun arloko lehen arreta. Itxaronaldiak asteetakoak izaten dira, eta, urrira arte, kontsulta gehien-gehienak modu telematikoan egiten ziren. Profesionalak estu eta larri dabiltza, agendak bete-beteak dituztela, 60 paziente inguru eguneko. Galiziako Gobernuak berak ere aitortua du kolapsatu egin dela herritarrek osasun zerbitzu publikorako duten lehen sarbidea. Bada, egoera halakoa izanik ere, lehen arretak 1.389 milioi euro jasotzen ditu, 2021eko aurrekontuetan baino gutxiago. 2009ko aurrekontuekin alderatuz gero, eta KPIa aintzat harturik, lehen arretak duela hamabi urte baino 230 milioi euro gutxiago jasoko ditu datorren urtean. Hori bai, Feixook bere hartan eutsi die osasun pribatuarekin itundutako 127 milioiei. Horra hor Xuntako presidentearen progresismoa.

Eta hizpidera ekar dezakegu galegoa ere. Gobernuko burua hain da progrea —zeinak, bide batez, soldata igo baitio bere buruari, bai eta kabineteko langile behin-behinekoei ere—, non 2021ean baino hiru milioi euro gutxiago eman baitizkio galegoari. Aurrekontu berrien aurreikuspenen arabera, hamar milioi euro izango lituzke, eta ez aurtengo ekitaldiko hamahiruak. 2009ko datuekin alderatuz gero—KPIa kontuan izanik—, galegoak 14,4 milioi euro gutxiago izango lituzke. Ez du lanik hartu diru sail hori makillatzen ere. Feixooren gobernuak baliatzen duen autogorrotoaren beste erakusgarri bat da, nahiz eta datu guztiek—edonondik begiratuta ere— ohartarazten duten Galizian nabarmen egin duela atzera galego hiztunen kopuruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.