Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Deszentralizazioa erretorika huts

2021eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Galizia da gaur egungo finantzaketa ereduan gehien galtzen dutenetako bat. Xose Diaz ekonomialariak lan bat egina du Espainiako Estatuaren 2019ko aurrekontuen likidazioa aztertzeko, Los resultados de la liquidación del sistema de financiación de régimen común o de las «regiones» en 2019 izenekoa, eta, bertan, azaltzen du Galiziak 4.562 milioi galdu zituela 2019ko ekitaldian, orain arte datuak bildu diren azken urtean.

Diazek emandako datuetan, nabarmentzen da 2019an Espainiako Estatuak Galiziatik gutxienez 13.222 milioi bildu zituela zergen bidez, baina 8.650 milioi baino ez zituela gero itzuli Galiziara: horietatik 6.256, zergen diru sarreretatik etorriak, eta beste 2.393, berriz, estatuaren transferentzietatik.

Horretan bat dator Ekonomia Aplikatuko Azterlanen Fundazioa (Fedea), Ibexeko enpresen think tank nagusia. Mariano Rajoyk finantzaketa arloan izandako ekonomialari printzipalak, Angel de la Fuentek, txosten batean esana du Galiziak 2.846 euroko finantzaketa efektiboa jasotzen duela biztanleko, hots, Kantabriak baino 475 euro gutxiago biztanle bakoitzeko, Errioxak baino 364 gutxiago, Balearrek baino 280 gutxiago, Extremadurak baino 240 gutxiago, Kanariek baino 234 gutxiago, Gaztela eta Leonek baino 99 gutxiago, Madrilek baino 29 gutxiago, eta Kataluniak baino 22 gutxiago. De la Fuenteren lanaren arabera, arlo horretan, erkidego hauek baino ez dituzte okerrago tratatzen Galizia baino: Valentzia, Murtzia, Andaluzia eta Gaztela-Mantxa.

Finantzaketa ereduaren inguruko eztabaidaren funtsa ez dagokio kontabilitate teknikari: aitzitik, eztabaida politikoa da. Feijook, aste honetan Santiago de Compostelan finantzaketaren inguruan antolatu den jardunaldiaren gisako bat sustatuz—han parte hartu dute Asturiasko, Aragoiko, Kantabriako, Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako eta Extremadurako zenbait agintarik—, babesa eman dio Galiziarentzat kaltegarria den sistema bati, eta hura betikotzearen alde egin du, arrazoi ideologikoengatik egin ere. Zerga politikarako tresnarik gabe eta zergak biltzeko organo gisa jardungo duen ogasun propiorik gabe, deszentralizazioa erretorika hutsa da, eta Galiziako eskumen ekonomikorik ez da existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.