Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

«Kudeatzaile onak» kale

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Martxelo eta Vicent, pentsatzen dut Sanchezek eta Feijook aste honetan Senatuan izandako eztabaidak komunikabideetako orriak eta minutuak beteko zituela Euskal Herrian eta Herrialde Katalanetan ere, Madrilgo gai agendaren oihartzun moduan. Hilabeteotan ikusi dugu nola utzi duten nabarmen Feijooren irudia, zeina modu mediatikoan eratu baitzuten PPren interesen alde Galiziako hedabideetako askok, bai eta Madrilgo hedabide progresistek ere. Madrilgo horiek ahaleginean aritu ziren Feijooren gobernuaren irudi bat transmititzen, zerikusi handirik ez zuena galiziarrak 2009az geroztik jasaten ari diren errealitatearekin. PPren barruko beste lidergo batzuk ahultzearren jardun zuten horretan, gaitz erdi zelakoan.

Hedabide horiek berak, pixkanaka, haren lotsaizunak erakusten ari dira, hainbat datu oinarri harturik, beste batzuok urteetan agerian jarri izan ditugunak. Sanchez bera Xuntaren buru horren datuez baliatu da bere arrazoibidean, «kudeatzaile onaren» irudia desegitearren. Feijook Madrilen gogor kritikatu du Espainiako Estatuak egindako zorra, baina berak 7.000 milioi baino gehiago handitu zuen Galiziaren zorra. 2009. urtearen hasieran, zor hori 3.900 milioi baino gehixeago zen, eta, 2022ko martxoan, 11.300dik gorakoa zen. Eta kopuru hori handitu eta handitu egingo da haren akolito Alfonso Ruedarekin: 2023rako aurrekontuetan aurreikusi dutenez 12.250 milioira ere helduko da datorren urtean.

Eta zor hori justifikatua legoke enplegua sortzeko eta gizarte zerbitzuak sendotzeko balitz, baina ez. Enplegu galeraren datuei erreparatu besterik ez dago: 2009ko martxotik 2022ko otsailera, Galiziak 23.000 autonomo baino gehiago galdu zituen, eta, epealdi horretan bertan, 33.500 enplegutik gora galdu zituen industrian.

Gizarte zerbitzuetako gastuari dagokionez, osasun publikoaren adibidea bakarrik jarriko dut. Aste honetan Nós Diario-n gogora ekarri dugunez, 350 milioi baino gehiago jaitsi dira lehen arretako inbertsioak 2009az geroztik. Ez dakit zein den zuen nazioetako egoera, baina ni bizi naizen udalerrian, Soutomaiorren, batez beste 15 egun itxaron behar dugu nork bere medikuarekin kontsulta izateko. Hemen, 7.500 pertsona baino gehiago gaude erroldatuak, eta hiru mediku baino ez ditugu, eta sekula ez diete ordezkorik jartzen baimenen bat hartzen badute, oporretara badoaz edo gaixotzen badira. Horra «kudeatzaile on» horren erakusgarri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.