martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Neurri eraginkorrak

2018ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Espetxe politikaren astea izan da hau, Vicent, Espainiako presidente berriak ahoa irekitzen duen aldiro aipatzen baitu euskal preso politikoei ezarritako espetxe politikaren aldaketaren beharra.

Etsaiaren espetxe politika gauzatu dute urteetan Espainiako Gobernuek; izan PSOE horiek gobernuan zeudela abiatu zuten, izan PP. Kataluniako prozesuko preso politikoekin egiten ari direna haien bizilekuetatik urrutiko kartzeletan edukitzea, egin dute hamarkadetan ehunka euskal presorekin. Zigorra, zigor erantsia besterik ez du bilatu espetxe politika horrek; ez zigor kodean, ez magistratuen sententzian ageri ez dena.

Erabaki politiko hutsa izan da, eragile eta babesleen ahotan urteetan «terrorismoaren aurkako tresna bat gehiago» moduan zuritu dutena, eta pertsona dezente senideak errepideetan eta presoak kartzela barruan hil dituena.

Espainiako Gobernuak adierazi du, aurrena, larri gaixo daudenak eta 70 urtetik gorakoak hurbilduko dituela. Eta gero, besteak. Ez da asko eskatzea bi multzo horietakoak zuzenean kalera ateratzea, haien egoera bereziagatik.

Preso politiko katalanak ere hurbiltzeko asmoa du Sanchezek. Berri ona. Hala ere, errealista izanda, prozesuko buruzagien aurkako epaiketa gelditzeak ezinezkoa ematen duenez, fiskaltzak hartuko du garrantzi berezia udazkenean hastekoa den epaiketan. Llarena instruktoreak egin duen auzipetze autoaren galgarari epaiketan fiskalak ikatza botatzen badio, etorkizun kezkagarria daukate epaituek.

Fiskaltzari, Sanchezen gobernuari alegia, dagokio ontzitzarra biratzea, eta akusazioak egitekotan, delitu txikiengatik egitea. Hor frogatu beharko du Sanchezek, hitz dotoreak esateaz gain, neurri eraginkorrak hartzeko erabakimena daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.