martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Metroaren luzera

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Ez da, Vicent, aurreneko aldia gai hau hona ekartzen dudana, baina asteon ere berriro ikusi dugu metroak ez daukala beti neurri bera. Alegia, luzeagoa dela batzuetan, eta motzagoa besteetan, segun zer komeni zaion neurtzaileari. Beti esan izan da, brometan, oihal dendetako metroari zentimetro batzuk faltatzen zaizkiola, harategiko pisuari gramoak bezala.

AEBetako polizia zuri batek herritar beltz bat, beste behin, erarik arrazistenean hil ondorengo istiluen gaineko informazioa gure inguruan nola landu den aztertzeak argi batzuk emango dizkigu.

Aldera ditzagun bi istilu, eta istilu horiek deskribatzeko erabilitako terminologia. Iazko urrikoak Bartzelonako Via Layetanan Kataluniako prozesuarekin lotuta, eta asteon AEBetako hainbat hiritan, Minneapolisen bereziki, George Floyd herritarraren hilketaren harira egondakoak.

Ez dago dudarik, ordena publikoaren ikuspegitik, askoz ere larriagoak, bortitzagoak, arriskugarriagoak... izan direla Minneapoliseko istiluak —eta AEBetako beste hiri batzuetakoak— Bartzelonakoak baino. Espainiako komunikabide batzuetan, baita Kataluniako batzuetan ere, askoz terminologia larriagoa (aditzak, adjektiboak...) erabili zuten Via Layetanako eta Ronda Sant Pereko istiluak deskribatzeko, asteon AEBetan gertatu direnen berri emateko baino.

Beste behin ikusi dugu sute handiak txikiagoak direla urrutitik ikusitakoan eta, aitzitik, sute txikiek handiak diruditela gertu dauzkagunean. Beste modu batera esanda, bortizkeria eragin duen arrazoia gure gustukoa dutenenean, «mina», «sumindura», «indignazioa», «ezinegona», «protesta»... erabiltzen dituzte. Gustukoa ez dutenean, nahiz eta dezente txikiagoa izan, «bortizkeria», «kaosa», «sute handia», «bandalismoa»....
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.