Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Inbasio eolikoa

2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Martxelo, Vicent, esango dizuet zeren izurria jasaten ari garen Galizian: parke eolikoen izurria, estatuan eta Galizian arauen esparruan izandako aldaketek lagundutakoa. Oraingoan ere, berriro, kolonia moduan hartu gaituzte: energia enpresek —atzerriko kapitala darabiltenak gehienak— gure baliabide naturalak aprobetxatzen dituzte mozkina ateratzeko. Eta zer uzten digute? Bada, mendiak neurrigabeko haize errotaz josiak —guztira 131 parke egitea pentsatua dute, gehien-gehienak Herkulesen dorrea bera halako hiru diren errotaz hornituak—, eta bioaniztasuna kaltetua, eta lurrak indarrez kenduak. Kasu asko eta askotan, espazio natural babestuetan.

Ez pentsa etekin handirik ateratzen diogunik egoera honi; akaso lanpostu banaka batzuk eta errenta urri batzuk, herrialdean barrena parke eoliko gehien jarri duten eskualdeetako datuek erakusten dutenez. Horrez gainera, paradoxaz, Siemens Gamesaren planta itxi berri dute, errotentzako osagaiak egiten zituen fabrika. Jakingo duzuenez, energia esportatzailea da Galizia, baina hemen ez daukagu argindar tarifa bereizirik. Nazionalismoak urteetan dihardu tematurik, Galiziarako argindar tarifa bat sortu nahian, kontsumitzaile partikularrei eta sektore ekonomikoei energia merkatzeko asmotan, baina beti ezezkoa erantzun izan diote. Ez da harritzekoa ere, kontuan izanik zenbat politikari dauden energia enpresa horietako administrazio kontseiluetan. Nazioari bagagozkio, horren erakusgarri dira Antonio Couceiro, Fragaren garaian kontseilari izandakoa, eta Beatriz Mato, Feixoren kontseilari izandakoa eta 2018ra arte Ingurumen Sailaz arduratu zena —arlo horrek tramitatu zituen Greenaliaren zenbait proiektu, eta enpresa horrek fitxatu zuen Mato—.

Energia berriztagarri horren alde egiteak berekin ekarri behar du, ezinbestean, erantzun bat ematea Galiziaren premiei eta tokiko komunitateen interesei, aztertzea ea egitasmoa bateragarria den eskualdeko jarduerasozioekonomikoekin, eta lurraldea bera babestea. Ukaezina behar luke hura ondasun publiko bihurtzeak; are gehiago ikusirik argindarraren faktura garestitu egingo dela.Berriztagarriak bai, baina ez horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.