Maria Obelleiro.
ZUZENDARIEN GALEUSCA

Norekin ibili, halakoa izan

2022ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Diputatuen ganberak ontzat jo du gobernuak, patronalak, UGTk eta CCOOk lan legedia aldatzeko adostutako moldaketa. Pedro Sanchezi presidentetzara iristeko modua eman zion gehiengo aurrerakoi eta nazionalistak ez beste batzuek eman diete babesa oraingoan, kontserbadoreen artean aurkitu baitituzte kideak gobernukoek: PSOEren eta Unidas Podemosen botoez gainera, Ciudadanosenak, Coalicion Canariarenak eta PPren boto bat izan dituzte UPNko bi diputatuek boto diziplina hautsita.

Botere ekonomiko handien eta kutsu neoliberaleko think tank garrantzizko batzuen zenbait ordezkarik zelaitu dute araudi hori onartzeko bidea. Operazioan, izan ere, besteak beste Santander bankuko presidente Ana Patricia Botinek babes publikoa eman die hala Sanchezi nola Lan ministro Yolanda Diazi.

Horrez gain, Alderdi Popularraren barruan dauden eskuineko familia askok ere adierazia dute egokia iruditzen zaiela araudia. Esate baterako, FAES Analisirako eta Azterlan Sozialetarako Fundazioa, zeinak Jose Maria Aznar baitu presidente, honela mintzatu zen erreformaz: «Ez da historikoa, eta ez du bertan behera uzten 2012ko erreforma: aitzitik, sendotu egiten du». Bide berean, Mariano Rajoyren garaian 2012ko lan erreforma sustatu zuen Lan ministroak, Fatima Bañezek, zera aitortu zuen: «PPren politiken garaipen bat da».

Akordio horrekin, formalizatuta geratu da sozialistek zentrokoen eta eskuinekoen babesa lortzeko duten asmoa, indar nazionalisten beharrik gabe. Era berean, Pablo Iglesiasek alde egin ondoren Unidas Podemosek urratu duen bide berriaren erakusgarria ere bada, eta alderdi horrek estatuko botereen onespena eskuratzeko daukan intentzioarena ere bai.

Bitxia da nola bere garaian 1978ko konstituzioa babestu zuten indar politiko eta sozial berberek onetsi duten erreforma hau orain: patronalak eta UCDk eskuinetik; UGTk, CCOOk eta PCEk ezkerretik. Aldiz, erreformaren aurka egin dute, Martxelo eta Vicent, orduan konstituzioaren aurka egin zuten berberek, Kataluniako, Euskadiko eta Galiziako sindikatu eta alderdi politiko nazionalistek. Laburbilduz: estaturik gabeko nazioen esku baino ez da geratu haustura eragiteko alternatiba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.