martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Hipokrisia

2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Nola pasa litezke politika zaharra lurperatu eta berria sortuko zutela esaten zutenek «Felipe Gonzalezek eskuak kare biziarekin zikinduta» zeuzkala esatetik Gonzalez-GAL lotura ez dela ikertu behar esatera. Podemos alderdiko buru nagusi Pablo Iglesiasek ikerketa hori egiteko «garai egokia» ez zela esan zion ostiralean GALindo-Espainiako Gobernua bikotearen biktima Pili Zabalari. Gutxienez, bi aldiz esana du jendaurrean: duela lau urte Espainiako Kongresuan, eta duela hiru Espainiako telebista handi batean.

CIAk aspaldi egin zuen txosten kaskarraren edukia publiko egitean itzuli da komunikabide gutxi batzuen azaletara eta albistegietako eskaletetara GALauzia, oraingoan FG zuzenki seinalatuta. Ezeroso utziko zituen asteon Iglesiasek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako alderdikideak,uztailaren 12ko hauteskundeen atarian. Ahal Dugu-koek Iglesiasen parte hartzea behar dute hauteskunde kanpainan, daramaten jaitsiera gelditu eta, Espainiako Gobernuan egiten ari diren lan sozialari etekina aterata, boto kopuruan gora egiteko. Egindako hankasartzeaz ohartuta, ostiral arratsaldean jakinarazi zuen Pablo Echeniquek atzera egingo zutela eta babestuko zutela Kongresuko ikerketa batzordea.

Bere burua ondo blindatuta dauka Gonzalezek, berarekin inor sartuko ez dela dakienaren lasaitasunarekin ibili baita beti. CIAren paperen ondorioz sortu den hipokrisia dantza honetan batzuei ez zaie batere gaizki etorriko Gonzalezekin 80-90 hamarkadetan egindako akordioak eta koalizio gobernuak errepasatzea. Sinetsarazi nahi digute ez zekitela ezer Gonzalezek, eta Gonzalezek gure herrian zeuzkan ordezkariek eta alderdikideek, giza eskubide haien urraketetan —GAL, Intxaurrondo— zeukan ardura zuzenaz?

Non geratzen da biktimekiko errespetua?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.