Oraingo iraganak

Memoria ardatz duen 'Markak (Gernika 2016)' ikuskizuna estreinatuko dute bihar, Gernikan, Atxaga, Ordorika eta Mursegorekin

Markak (Gernika 2016) ikuskizunean ikusiko den bideoetako baten irudia. 'MARKAK (GERNIKA 2016)'.
Inigo Astiz
2016ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
«Gogoratzeak, memoriak lan asko eskatzen du; nahitaezkoa da euskarri batzuk egotea, zerbait, zeinu batzuk behar dira gogoratzeko, ze normalena ez da gogoratzea, normalena da ahaztea». Konstante bat da memoriari buruzko kezka Bernardo Atxaga idazlearen ibilbidean, eta memoria hartu zuen ardatz Gernikako bonbardaketaren oroimenetik abiatuta sortutako Markak liburuan ere. Eta, hain zuzen ere, gogoeta horiek hartu dituzte orain gidari Berde Produkzioak eta Filmak Media ekoizpen etxeek Markak (Gernika 2016) sortzeko. Dokumentala estreinatuko dute udazkenean, 1937ko erasoak markatutako hiriaren memoria kontatzeko, baina, orain, poesia, musika eta bideoak uztartzen dituen emanaldia prestatu dute biharko. Gernikako Jai Alai frontoian egingo dute estreinaldia; Atxaga arituko da saioa gidatzen, eta zuzeneko musika eskainiko dute Ruper Ordorikak, Mursegok, Vedran Smailovicek, Nebbian bikoteak, Aitor Etxebarriak eta Ander Mujikak.

«Memoria ariketa berezi bat izango da emanaldia». Berde Produkzioak etxeko kide da Hannot Mintegia; hura aritu da dokumentalaren zuzendari lanetan, eta bera dabil orain ere ikuskizuna zuzentzen. Dioenez, bonbardaketaren urteurreneko ekitaldi programaren parte da emanaldia, baina bonbardaketaz harago doa prestatu duten kontakizuna. «Bonbardaketaren lekukotza bat entzungo da, baina ikuskizunean ez da kontaketa historiografiko zehatz bat egingo».

Berez, ETB telebista kateak egindako enkargu bat da guztiaren hazia. Izan ere, 80 urte dira aurten lehen Eusko Jaurlaritza sortu zenetik, eta Agirre lehendakariarentzat esanguratsu izan ziren hiri edo guneekin dokumental serie bat egiteko asmoa du telebista kateak; hain zuzen ere, Gernikari buruzko atala grabatu dute Mintegiak eta Berde Produkzioak ekoizpen etxeko kideek. Bukatu dute lanik handiena jada, eta prozesu horren azken urratsa da ikuskizuna. «Iruditu zitzaigun polita izango zela Gernikagaz lotura daukaten belaunaldi ezberdinetako artistak elkarlanean ipintzen dituen ikuskizun bategaz bukatzea». Ikuskizunean txertatu egingo dituzte, gainera, dokumentaleko pasarteak.

Atxagaren gidaritza

Mintegiak azaldu duenez, emanaldiko sortzaile guztiek dute harremanenen bat Gernikarekin, baina bada kasu berezi bat ere, Vedran Smailovic musikariaren kolaborazioa izango baitu, esaterako, Mursegoren parte hartzeak. Sarajevoko txelista ezizenez ere ezagun da Smailovic nazioartean. Izan ere, 1992ko maiatzaren 27an, Balkanetako gerran, Sarajevon ogi pixka bat jasotzeko esperoan zegoela, jende ilara oso bat nola bonbardatzen zuten ikusi zuen musikariak, eta, hurrengo 22 egunetan, egunero-egunero joan zen sarraskia gertatutako lekura, Albinoniren pieza bat jotzera.

Atxaga izango da sortzaile guztien piezak batuko dituen haria, Mintegiak kontatu duenez, dokumentalaren ideiarekin lanean hasi eta berehala etorri baitzitzaien Markak lana akordura egileei. «Haren kontatzeko era hor dago; gauza sakonak zelan azaltzen dituen hain era sentzilloan. Markak liburuak badu Gernikako bonbardaketa ardatz moduan, baina gero beste lotura batzuk ere baditu, eta gehiago egiten du berba memoriari buruz eta aztarnei buruz, eta nola gogoratzen dugun, iraganaren eta orainaren arteko harremanak zelan egiten diren...». Eta dokumentalean ere gertakari zehatzetik harago jotzen saiatu dira Mintegia eta kideak. «Gernikaren sinboloa mundura zein azkar hedatu zen kontatzen dugu, baina Gernikaren inguruko sinbologia zelan berritu den ere gura izan dugu erakutsi, eta azken urteetan izan duen eraldaketa ere bai», azaldu du zuzendariak.

Lekukotza historikoak eta gaur egungo jarduerak uztartu dituzte horretarako. 14 urterekin bonbardaketa ikusi eta gero Astra armagintza fabrikan aritutako emakume baten hitzak bildu dituzte, esaterako, baina Astra fabrikaren egungo kultur erabilera zein den ere erakutsi dute. Bildu dute egun Gernikan bizi den Kiori izeneko neska japoniar baten testigantza, eta Hiroshimako bonbardaketak haren memorian duen marka azaldu, adibidez, baina kontuan hartu dute orain lau urte sortutako Lobak izeneko egitasmoa ere. «Mosaiko moduko bat da dokumentala», laburtu du Mintegiak. «Gernikaren erretratu bat egitea izan da asmoa, gutxi gorabehera, eta erakustea oraingo hiriak iraganarekin dauzkan loturak. Markak». Eta espiritu bera du bihar eskainiko duten ikuskizunak ere.

Berezia da Gernikako Jai Alai pilotalekua Berde Produkzioak ekoizpen etxeko kideentzat, eta horregatik hautatu dute gune hori oraingoan ere ikuskizuna bertan aurkezteko. Han eskaini zuten, esaterako, orain hilabete batzuk Jai-Alai blues izeneko dokumentala; han proiektatu zuten orain urte batzuk Amerikanuak filma, eta orain han emango dute Markak (Gernika 2016) emanaldia ere. Mintegia: «Leku horrek gauza asko iradokitzen dizkigu».

'MARKAK (GERNIKA 2016)'

Gernika. Jai Alai pilotalekuan, bihar, 20:30ean. Sarrera: 8-10€.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.