Artista pintatzeko irudiak

'Margolaria' hilaren 22an helduko da zinema aretoetara. Mikel Urdangarin du ardatz filmak
Mikel Urdangarin musikaria eta Oier Aranzabal zinemagilea, atzo, Bilboko BBK aretoan <em>Margolaria'</em>filma aurkezten.
Mikel Urdangarin musikaria eta Oier Aranzabal zinemagilea, atzo, Bilboko BBK aretoan Margolaria'filma aurkezten. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2019ko martxoak 13
Ñabardura soil diruditenei erreparatuta hel daiteke, askotan, mezuaren muinera: horrelako zerbait egin du Oier Aranzabal zinemagileak Margolaria filmaren gakoa zein den azaltzeko. «Hau ez da Mikel Urdangarinen pelikula, Mikel Urdangarini buruzko filma baizik». Zehaztapen txikia dirudiena «kontraesana» saihesteko azaldu du Aranzabalek, eta eman du zehaztapena gero: Urdangarin abeslaria du gidari kontakizunak, baina edozein artistak dituen kezkak lantzen ditu. Urdangarinek berak ere aitortu du Aranzabalen proposamenaren aurrean baldintza bat jarri zuela:«Argi utzi nion Oierri ez nuela egin nahi neure buruaren inguruko dokumental edo biografia estiloko ikus-entzunezkorik. Askoz harago heltzeko asmoa zuela azaldu zidan berak».

Oinarriak argituta, baiezkoa eta elkarlana heldu ziren. Elkarrizketa horretatik ia hiru urte igaro dira, eta, horrekin batera, filma pantailaratzeko unea. Hilaren 22tik aurrera egongo da Margolaria ikusgai Euskal Herriko zenbait zinema aretotan. Aurrestreinaldia, berriz, atzo egin zuten Bilboko BBK aretoan. Hori ez zen izan, ordea, publikoaren aurrean egindako lehen agerraldia, iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu baitzuten filma.

Ordukoa «luxua» izan zela uste du Aranzabalek, eta, lehen aldi horren ondoren, lasaiago agertu da jendaurrean. «Zinemaldia izan zen bizkar zorroa askatu eta hustea. Oraingoan, bizkar zorrorik gabe gatoz; askoz lasaiago gaude».

Lasaitasun horretatik aritu da Urdangarin bera dokumentalean izan duen parte hartzeaz. «Filmaketaren azken egunean eta Zinemaldian aurkeztu zenean, nabaritu nuen nire bidaia bukatuta zegoela. Bizia eta emankorra izan da prozesua, eta, orain, filmari berari dagokio bidea egiten jarraitzea».

Izan ere, zuzendaria eta protagonista bat datoz egitasmoa bidaia bat dela.« Bidaia bikoitza da filma: artistaren barrenera egindako bidaia espeleologikoa da, batetik; eta, bidaia geografikoa da, bestetik». Lekualdaketa horien guztien bitartez osatuz doa «artistaren ahotsa», zinemagilearen iritziz. Urdangarinek gehitu du, bereaz gain, beste ahots ugari ageri direla, diskurtsoa osatuz doazenak. Eta horien baturak biltzen du egilearen asmoa. Artista horien ahotsaren bilaketak gidatzen du istorioa. «Fokua aldatuz doa filmean zehar. Mikel da gidaria, baina bidean topatzen dituen artisten ahotsek bat egin eta bakarra osatzen dute: arteaz bizi nahi dutenen ahotsa».

Urdangarinen eta Alain Urrutia margolariaren arteko Skype bidezko elkarrizketa bat du abiapuntu istorioak. Urrutiak margolan bat eskaintzen dio Urdangarini, baina baldintza bat jarriz: artelanaren bila joan beharko du Londresera. Hortik aurrera hasiko da bidaia. Londres, Bilbo, Gasteiz, Edinburgo... anitz dira geralekuak.

«Abstinentzia sindromea»

Filmean egiten den bidaiaz gain, hilabete ugari igaro dituzte Urdangarinek eta Aranzabalek bata bestearen ondoan, elkarrekin lanean. Ondorioz, batera igarotako denboraren ondorio gisa, «abstinentzia sindrome» moduko bat bizitzen ari dela aipatu du Aranzabalek, umorez. Eta gertakari bat ekarri dute gogora, filmaketa eta filmaren beraren emaitza baldintzatu duena. Urdangarinek ekarri du gogora: «Ama hil zitzaidan filmaketa fasean murgilduta geundela, eta bera zen nire mezua osatzen zuen ispiluetako bat; horrek filma distantziatik gozatzera eraman nau».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna