martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Kontzientziaren beharra

2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Gaur bukatuko da Korrika ,Vicent, Gasteizen, Hego Euskal Herriko hiriburuetan azken hamarkada parean euskarak jauzi handiena eman duen hiriburuan. Ia erabat erdalduna, eta erdaldundua izatetik euskara gero eta gehiago entzutera pasatu da edozein hizkuntzak berrindartzeko erabili ohi dituen hiru bideek familia transmisioa, hezkuntza eta euskaltegiak— elkarrekin egin dutelako lan.

Bi urtetik behin egiten da Korrika, eta gure hizkuntzaren alde egiten den jende bilkurarik handiena da; buelta osoa ematen dio Euskal Herriari 11 egunez minutu bat ere gelditu gabe, kilometroro eskuz aldatzen doan lekukoaren atzetik milaka lagun eramanez. Euskaldunei indarrak batzeko balio digu, eta erdaldunei mundu oso baten ateak zabaltzen dizkio. Ariketa harrigarria aurreneko aldiz ikusten duenarentzat.

Uzta jasotzen al da? Galdetuko du irakurle batek baino gehiagok, horrenbeste herritar ikusita kausa beraren alde. Zaila da neurtzen inpaktua, zaila jakiten zenbat euskaldunek erabakiko duten, Korrikagatik, euskarazko produktuak kontsumitzen hastea, edo zenbat erdaldunek emango duten izena euskaltegi batean. Seguru asko, faktore bat gehiago izango da, beste batzuekin batera konbinatuta, erabaki horiek hartzera bultzatuko dituztenak herritarrak.

Azkar berreskuratu eta orokortu diren hizkuntzekin gertatu ohi denez zuek ere neurtua daukazue fenomeno bera katalanarekin, handia da euskara dakitenen kopuru hazkorraren eta erabiltzen dutenen kopuru motelduaren arteko tartea. Prozesuaren lehen etapa konponbidean jarrita ezin baita hitz egin jakin gabe, bigarrenari indarrez heltzeko zailtasunak dauzkagu; kasu askotan ikasi berri duenaren ezagutza maila oso justua delako. Gizarteko beste alor ahulekin egiten den bezala, ezin da hizkuntza minorizatua merkatuaren lege gordinen mende utzi. Kontzientzia (ere) landu beharra dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.