martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Isolamenduari izua

2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Nafarroan zegoen kokatuta askoren arreta joan den igandeko hauteskundeen aurretik, eta Nafarroan segitzen du arretak ondoren. Navarra Sumak —UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioa— 20 eserleku lortuta irabazi zituen hauteskundeak. Maria Txibite PSNkoa, Sanchez efektua ondo baliatuta, bigarrena geratu zen, 11 eserlekurekin. Azken legegintzaldian aldaketaren gehiengoa osatu duten lau alderdiek, 19 eserleku eskuratu zituzten, norbere aldetik joanda, ordea: Geroa Baik 9, EH Bilduk 7, Ahal Dugu-k 2 eta Ezkerrak 1.

Sozialistek urteak daramatzate blokea osatzen Nafarroako eskuin gogor, politiko eta sozialarekin. Igandeko emaitzak eskutan, erabaki egin beharko dute bloke horretan segitu, edo beste aukera baten buru jarri. Bigarren bidea hautatuz gero, laukoak, ez barne arazorik gabe, pentsatuta zeuzkan esparru sozialeko aldaketak mantsoago joango dira, eta Nafarroaren izaera euskaldunarekin zerikusia daukatenak —hezkuntza eta hizkuntza— askoz ere mantsoago, edo, igual, ez dira mugitu ere egingo dauden mailatik. Gatazkaren kudeaketan ere —presoak, errekonozimendua, kontakizuna...— igarriko da atzerapena.

Navarra Suma —kide nagusia den UPN bereziki— oso kezkatuta dago Txibite sozialistak har dezakeen erabakiarekin, bai baitaki erabakia, UPNrekikoak amaituta, haren lorratzetik ateratzea bada, isolamendu politikora eraman dezakeela Nafarroako eskuina, hamarkadetan haren bizileku eroso eta oparo izan diren botereguneetatik kanpo utzita.

Ez gaitezen harritu, beraz, gobernua osatu aurreko azken egunetan, bakartze hori saihestu nahian, Navarra Sumak Nafarroako lehendakaritza eskaintzen badie sozialistei. Edozer gauza, hurrengo hamarkadak ilunpe instituzionalean ez igarotzearen ordain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.