martxelo otamendi
ENBAXADA BILA

Agintari bakarra, luzaz

2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako presidente Pedro Sanchezek argi utzi du, lerro artean bada ere, Espainian hurrengo bi hilabeteotan benetan aginduko duen bakarra bera izango dela, eta, berarekin batera, bere gobernuko kideak.

Joan den asteartean konfinamendua leuntzeko urratsak eta epeak kaleratu zituenean, gehienak hatzari begira geratu ziren, papereko xehetasunei begira, alegia; baina ilargian zegoen erabakirik garrantzitsuenaren berri ematen zuen mezu nagusia: leuntzearen egutegia ekainaren hirugarren astea bitartean luzatuko da. Hau da, alarma egoera, hipotesirik onenean, ekaineko hirugarren aste hori bitartean ez da indargabetuko; eta, horren ondorioz, Sanchezen esku egongo dira erabaki garrantzitsuak, agintari bakarraren izaera ematen diolako Espainiako presidenteari alarma egoeraren dekretuak.

Alarma egoera bukatuz gero, erabaki asko hartzeko eskumena Adolfo Suarezen laborategitik sortutako «komunitate autonomoetara» itzuliko litzateke, Sanchez presidentea erabaki asko hartzeko botererik gabe utziz. Hori da astearteko mezua, erabakimena berreskuratu zain dauden «presidente autonomoek» inork azaldu behar izan gabe oso ondo ulertu zutena.

Lotsa gutxirekin ari zaie Sanchez adarra jotzen presidente horiei; haiekin aurrez ezer adostu nahi ez, eta igandeetan esaten die plasma bileran bezperan telebistaz herritar guztiei aurreratu diena.

Sanchezek alarma egoera luzatzeko Kongresuaren gehiengoa behar duenez gero, ikusi dugu egunotan nola hasi zaizkion lur azpia astintzen presidente horiek, gogoratuz ez daukala ziurtatuta aldeko botoa, eta kontzesio batzuk egin beharko dituela. Sanchezek malgutasuna onartuko die presidenteei, Gasteizkoari eta Iruñekoari ere bai, agintari bakarra izaten segitzearen truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.