Literatura 

Batean zutitzearen subertsioa

Arrazakeriaren aurkako mezua gordetzen du Ngugi Wa Thiong'o idazlearen 'Iraultza bertikala' ipuinak. Sei hizkuntzatara ekarri dute, besteak beste, euskarara; Iraitz Urkulok itzuli du, eta Txalapartak argitaratu.
Atalen arteko norgehiagokarekin gorputzaren eraketa kontatzen du ipuinak.
Atalen arteko norgehiagokarekin gorputzaren eraketa kontatzen du ipuinak. BERRIA

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko maiatzak 12
Oso aspaldi, gizakiak lau hankan ibiltzen ziren, lau gorputz-adar zituzten gainerako izaki guztiek bezalaxe. Gizakiak erbia, lehoinabarra edo errinozeroa baino bizkorragoak ziren». Hara nola hasten den Iraultza bertikala. Eta hortik nondik datorren izenburuaren bigarren zatia: Iraultza bertikala. Edo zergatik ibiltzen diren gizakiak zutik. Ngugi Wa Thiong'o idazlearen (Kamirithu, Kenia, 1938) ipuinik ezagunenetakoa da, mundu osoan laurogei hizkuntzatara baino gehiagotara zabaldua, eta, itxuraz, kontakizun soila irudi arren, egilearen pentsamenduaren funtsa jasotzen duena. Giza gorputzaren eraketa eta atalen arteko norgehiagoka kontatzen ditu, eta, horren bitartez, mezu argi bat utzi: ez dagoela besteak baino gehiago denik. Ez gorputz atalik, baina, batez ere, ez besteak baino gehiago den gizakirik, ez herririk, ez kulturarik.

Ez da berria aldarria, eta, halere, ez da inolaz ere zaharkitua geratu. Thiong'o-ren bizitza eta obra alderik alde zeharkatzen duena da. Haurtzarotik ezagutu zuen britainiar kolonialismoaren menderakuntza. Anaia Mau Mau gerrillan alde ari ziren bitartean, bide akademikoari ekin zion berak —memorietan kontatzen du nola poztu ziren berak unibertsitatera sartzea lortu zuenean, haien nagusien aurka aritu arren—, eta ingelesez hasi zen idazten, izan eleberriak zein saiakerak, harik eta behin andre bat ate joka joan zitzaion arte, eta esan: «Orain, itzuli zerbait herriari».

«Esaldi eder bat da, ezta?». Hala iruditzen zaio Laura Huerga Bartzelonako Rayo Verde argitaletxeko editoreari. Haiek abiatu dute Thiong'o-ren ipuina penintsulako sei hizkuntzatara ekartzeko proiektua, eta hala heldu da euskarara, Txalapartaren eskutik, eta Iraitz Urkuloren itzulpenarekin. Agustin Comotto ilustratzaileak osatu du lana, irudi biziekin. Denen artean «fede itsuarekin» lan egin izana liburuko mezuaren parte dela uste du Huergak. «Egileak bere teoria postkolonialean egiten duen hizkuntza gutxituen defentsagatik».

Herriko andre hura ate joka joan ostean idatzi zuen Thiong'o-k estreinakoz kikuyu hizkuntzan, bere ama hizkuntzan. Antzezlan bat zen, eta herritarrak ulertzeko erabili zuen hango hizkuntza. Urtebeteko espetxealdia ekarri zion, eta hor hasi zen gero teoria postkolonial askoren oinarri bihurtu ziren ideiak mamitzen, norentzat idazten zuen hausnartzen. Espetxean idatzi zuen kikuyu hizkuntza erabiliz lehen eleberria, eta hala jarraitu du ordutik. Hala idatzi zuen Iraultza bertikala ere, eta euskarazko pasarteen alboan, kikuyuzko pasarteak ere badakartza argitalpenak. Garrantzia du Urkulorentzat: «Kikuyuk armada baten babesa duten hizkuntzetako hiztunen begietara ikusezin izateari uzteko modu bikaina da».

Diferentzien ispilu

Itzultzailearen esanetan, literatura «onak» hainbat irakurketa maila behar baditu, horietakoa da Iraultza bertikala. «Gutxi dira hain xume hainbeste adierazten duten ipuinak. Modu sinplean kontatuta dago. Arrazakeriaren eta kolonialismoaren aurkako kritika latza gordetzen du, ordea».

«Edo denon artean egiten dugu aurrera, edo hau ez doa». Hori da Iraultza bertikala-ren gakoa Huergarentzat. Gizakia, atal guztiekin, zutik jartzearen alegoria darabil, funtsean, hori defendatzeko, boterea birbanatzea. «Bere obra guztian, saiakeretan eta literatur lanetan esaten dituenak nola gurutzatzen diren da ikaragarriena. Esatearen eta egitearen artekoa ikusteko ispilu da».

Ahozko literaturari omen egiten dion lana da, Huergari azpimarragarria zaiona: «Guk ere ahozko literaturatik edaten dugu. Balioa eman behar diogun herentzia bat da, egileak dioen bezala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna