Amatasuna azken urteetan nola islatu, landu eta aztertu den erakusten du 'Ultrasounds' liburuak

Juan Luis Zabala
Herria
2015eko martxoaren 8a
00:00
Entzun
«Mende askotan, gure literaturan, semeen eskutik eta ahotsetik etorri zaizkigu amak», esan zuen Arantxa Urretabizkaiak duela bederatzi urteko otsailean, Karmele Jaioren Amaren eskuak nobelaren (Elkar, 2006) aurkezpenean. «Eta semeen ama langilea da batez ere, eta izugarri sakrifikatua: egunean behin gutxienez, eta ahal bada hamar aldiz, 'ni ez naiz ezer, besteak dira dena' esaten du. Amak ama dira, eta ez beste ezer. Aitak, aldiz, epaitu egin izan dira, baina beren bizitza osoa kontuan hartuta; edo ez behintzat bakarrik aita diren aldetik». Euskal literatura amari buruzko beste ikuspegi bat —edo batzuk— ematen hasia zegoela esan zuen, ordea, Urretabizkaiak, Amaren eskuak adibidetzat erakutsiz. Apaltasunez bere burua aipatu ez bazuen ere, amaren bestelako ikuspegi bat lantzen aitzindaria izan zen Urretabizkaia bera Zergatik panpox nobela (Hordago, 1970) argitaratzean. Arantxa Iturberen Ai, ama! (Alberdania, 1999) izan zen beste mugarri bat. Euskal literaturak azken urteetan amatasuna islatzeko, lantzeko eta aztertzeko moduetan izan duen bilakabidea uzten du agerian Ultrasounds antologiak.

Amatasuna gaitzat —edo gutxienez gaien artean— duten 1983tik 2013 bitarteko ipuinak batuz, amatasunaren gaia erdigunean jartzeaz gain, «emakume idazleek hiru hamarkadaz ekoitzitako ipuingintza modernoa» erakustea ere bilatu du apailatzaileak, Lasartek berak hitzaurrean dioenez. Ipuingintza euskal literaturan «beranduen sortu den genero modernoa» izan arren, bi hamarkada nahikoa izan ditu «errotzeko», haren ustez. «1980ko hamarkadan hedatze handia gertatu zen, eta ordukoa da Arantxa Urretabizkaiaren lehen ipuin bilduma. 1990eko hamarkadan, Jasone Osoro eta Arantxa Iturberenak ezagutu genituen. Emakumearen agerpen garrantzitsua ipuingintzan, ordea, mende berriarekin hasi zen, orduan ezagutu baikenituen Eider Rodriguez, Uxue Apaolaza, Katixa Agirre, Karmele Jaio, Uxue Alberdi eta Ana Urkiza. Testuinguru horrek bultzatu zituen emakume idazleak literaturan duten zeresana aldarrikatzera, eta horren adierazgarri ditugu Gutiziak (2000) eta Orgasmus (2010) ipuin bildumak».

Ipuinen balio estetikoari eta literarioari ere garrantzia emanez, Lasarte idazle bakoitzaren 15 orrialde inguruko irakurketak eskaintzen saiatu da. Antologiak «mundu ikuskera berri bat» proposatzen du, «begirada intimoez baliaturik», Lasartek hitzaurrean dioenez, «emakumeak dituela protagonista nagusiki, amatasunaren gogoeta duela giltzarri, eta estilo eta tonu diferente ugari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.