Eneko Gurrutxaga. Elite mailako Euskal Herriko txapelduna

«Indar gehiegi gorde nuen korrika»

Hasierako korrika saioan indarrak gehiegi neurtu, bizikletan gehiegi estutu eta azken korrika zatian nahi beste estutu ezinik geratu zen Eneko Gurrutxaga. Hala ere, elite mailako txapela lortu zuen.

Unai Ugartemendia.
Beasain
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Bigarrenez jarraian irabazi du Mendi Duatloien Euskal Herriko Txapelketa elite mailan Eneko Gurrutxagak (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1986). Zirkuituan ere lehena da, baina ez daki hurrengo lasterketetan parte hartuko duen.

Nola sentitu zinen lasterketan?

Sentsazioak ez ziren txarrak izan. Korrikako lehen saioan ahalegina neurtu nuen, agian gehiegi, eta nahi edo uste baino denbora gehiago galdu nuen, minutu eta erdi gutxi gorabehera. Gero, bizikletan sentsazio onak nituenez, dena ematera irten nintzen, aurrekoak lehenbailehen harrapatzeko.

Lehen sektorean galdutako denborak gehiegizkoa zirudien, baina bizikletan aurrea hartu zenion Iñaki Isasiri. Gero iritsi zen txakalaldia.

Bai. Korrika indar gehiegi gorde nuen eta, horren ondorioz, bizikleta indartsuago hartu ahal izan nuen. Baina denbora galera haundia zenez, bizikletan esfortzu handia egin behar izan nuen harrapatzeko, eta, harrapatu nuenean, atzera uzteko indarrik gabe nengoela konturatu nintzen. Jaitsieran eta trantsizioan irabazitako segundo apurrekin abiatu nintzen azken partzialean, baina ordurako sentsazioak eskasak ziren.

Ibilbidea egokia al zen zure gaitasunak kontuan hartuta?

Ibilbide teknikoak dituk gustuko, eta Arriarangoa ez da oso teknikoa. Horrez gain, aldapa oso tenteak eta luzeak dauzka, eta niri gehiago gustatzen zaizkit etzanagoak eta motzagoak, gorabeheratsuagoak. Askotan jaitsierak baliatzen ditut aurkariei denbora ateratzeko, baina Arriaranen ez zen horrela gertatu. Jaitsiera zuzenak eta azkarrak dituenez, azkar jaistea ez da abilidade kontua. Baina ez da aitzakia bat, denontzat baitzen ibilbidea bera.

Sailkapen orokorrean bigarren izan zinen, baina elite mailan txapeldun. Irabazteko esperantzarik ba al zenuen?

Banekien Isasi indartsu zegoela eta ibilbidea ere ez zela niretzako hoberena, baina entrenamenduetan ondo sentitu nintzenez, aukeratxoren bat izango nuela pentsatzen nuen. Lasterketa bezperan izan nintzen Arriaranen, eta orduan euri lanbroa ari zuen. Jaitsiera arriskutsuagoa jarri zen eta horrek ere itxaropen gehiago izatera animatu ninduen. Lasterketa egunerako, ordea, jaitsierak nahiko lehor zeuden eta horrek ere ez zuen lagundu.

Orain arte jokatutako lau probetatik bi irabaziak zenituen; bestean bigarren eta Zegaman hirugarren izan zinen. Esperotako denboraldia izaten ari al da?

Espero nuena baino hobea izaten ari da. Lehen probara Isasi ez zen joan, baino Igartzara bai, eta han irabaztea lortu nuen. Zegamara, berriz, Erguin eta Isasi joan ziren, eta hirugarren amaituta ere, uste baino gertuago geratu nintzen, eta horrekin gustura nago.

Zirkuituko liderra zara. Aurtengo helburua berriz ere irabaztea izango al da?

Iaz elite mailan irabazi nuen zirkuitua, baina sailkapen orokorrean Alain Santamaria, 25 urtez azpikoa, izan zen garailea. Aurten elite mailan ere liderra naiz eta ez sailkapen orokorrean ez daukat inor aurretik. Helburua postuei eustea da. Hala eta guztiz ere, badakit lehia oso gogorra izango dudala, ez dela erraza izango.

Zein izango dira arerio gogorrenak zirkuitua irabazteko?

Une honetan Isasiren eta nire artean dagoela esan daiteke, biok podiumean egon baikara parte hartu dugun proba guztietan. Hala ere, badakigu ezin dugula akats handirik egin, atzekoak indartsu baitatoz.

Urte batzuk badira mendi duatloiek behera egin dutela. Zer falta zaio zirkuituari jende gehiago erakartzeko?

Hori da geure buruari askotan egin diogun galdera, eta erantzunik ez dugu topatzen. Erreleboka egiteko aukera aurrerapauso polita izan da. Giro oso ona egoten da probetan. Proba ondorenetan ere, jan-edanik ez da falta izaten. Asko gustatzen zait txapelketa, baina bada zerbait ihes egiten diguna.

Zer izan daiteke?

Batzuek diote proben maila gehiegi igo dela. Jende herrikoia falta dela probetan. Lagunek askotan komentatu didate, lehen urteetan oso gutxi entrenatuta irteten zirela probetan, eta hor joaten zirela, erdi parean edo erditik atzera. Urteak aurrera joan ahala, ordea, geroz eta atzerago eta gero eta tarte handiagora bukatzen zutenez, gehiago ez irtetea erabaki zuten. Ulergarria da eta uste dut horren aurka, zoritxarrez, ezer gutxi egin dezakegula.?

Zirkuituak hamar proba izango ditu aurtengoan. Denak amaitzeko asmoa?

Berez, bai. Amasako festetan egingo den lasterketara joateko asmoa dut, nekatu xamar egongo banaiz ere. Hala ere, azaro bukaeran haurra izatea espero dugu, eta agian ezingo dut azken probetara joan.

Zer moduz daramazu aurtengo mendiko bizikletako denboraldia?

Aurten oso gutxi lehiatu naiz mendiko bizikletan, gehiago parte hartudut mendi lasterketa batzuetan. Ezin izan dut mendiko bizikletetako probatan lehiatu, eta horregatik egin ditut mendi lasterketa gehiago. Hiru edo lau proba bakarrik izan dira, baina korrika eman dudan aurrerapausoaren arrazoia horixe izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.