NOLA EZABATU FACEBOOK KONTUA

2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Facebooken izena emanda eduki baina kontua ezabatu edo denbora batez indargabetuta utzi nahi izanez gero, konpainiak bietarako aukera ematen du. Hala ere, prozesua ez da erraza, Facebooki ez baitzaio interesatzen erabiltzaileak galtzea, eta, horregatik, bidea zailtzen du, aukera horiek saiheste aldera. Kontua ezabatzeko edo indargabetzeko bide bat baino gehiago dago, baina, bat edo bestea aukeratuta ere, erabiltzaileak Facebookek berari buruz duen informazio guztia jaisteko aukera ere badauka.

Bien arteko ezberdintasuna

Defektuz, Facebookek kontua indargabetzeko aukera eskaintzen du. Aukera bilatuz gero, ordea, kontua ezabatzeko bidea ere badago, baina zailagoa da.

Kontua indargabetzea. Erabiltzaileak hala nahi duenean, berriz ere aktibatu ahal izango du sare sozialeko kontua, baina, indargabetuta dagoen bitartean, gainerako erabiltzaileek ezin izango dute indargabetutako kontua bilatu edo bere inguruko informazioa topatu. Hori bai, beste erabiltzaile bati bidalitako mezuak ikusteko aukera legoke, horiek ez direlako sare sozialetik ezabatzen.

Kontua betiko ezabatzea. Behin ezabatuz gero, ezingo da kontua berriro berreskuratu. Kontua bertan behera uzteko eskaera egin ostean, hamalau egun behar du konpainiak kontu hori ezabatzeko. Hori bai, denbora tarte horretan erabiltzailea kontu horretan sartuko balitz, prozesua bertan behera geratuko litzateke. Datu pertsonalei dagokienez, 90 egun igaro daitezke Facebooken datu baseetatik ezabatzerako. Hala ere, konpainiak jakinarazten du aukera dagoela datu basean kontua ezabatu duen erabiltzailearen informazioren bat geratzeko. Besteak beste, erabiltzaileen arteko elkarrizketak.

Nola indargabetu kontua?

Ezarpenetan sartu. Lehen pausoa Facebookeko ezarpenetan sartzea litzateke. Sarrera barran agertzen den geziari klik eginda azken aurreko aukera da hori.

Segurtasuna. Ezkerreko aldean dagoen zerrendan bigarren lekuan dago segurtasuna dioen atalean sartu, eta behean kontua indargabetzeko aukera azalduko da. Atal horren ondoan, editatzeko aukera ematen du; hor egin klik.

Zer ondorio dituen aukerak. Kontua indargabetzeko aukerari eman ostean, Facebookek horren ondorioak zein diren jakinarazten du. Jakinarazpen horien ondoren, pasahitza sartzeko eskatuko dio erabiltzaileari.

Zer galduko duzun erakutsi. Bide hori guztia egin eta gero, Facebookek erabiltzaileari galduko duenaren berri emango dio. Hau da, lagunen argazkiak erakutsiko dizkio. Argazki horien azpian derrigorrez bete beharreko galdetegi bat bete behar da.

Eskaintza alternatiboa. Edozein aukerari emanda ere, Facebookek alternatiba bat eskainiko dio erabiltzaileari. Kasurik egin nahi ezean, leiho hori itxi behar da, eta indargabetzeko botoiari eman beharko zaio galdetegiaren amaieran. Beste behin ere galdetuko dio Facebookek erabiltzaileari ea eman behar duen pausoaz seguru dagoen, eta, baiezkoa eman eta gero, aldi baterako indargabetuta geratuko da kontua.

Nola ezabatu kontua?

Laguntza gunea. Facebookeko sarrerako barran dagoen galdera ikurrean sakatu ostean, laguntza gunea dioen atal bat dago, eta bertan sartu behar da, lehen pauso moduan.

Zer egin behar da kontua ezabatzeko? Ohiko galderen atarian egonda, kontua kudeatzeko atalaren barruan kontua ezabatzeko aukeraren berri ematen du. Hori eginda, galderetako bat kontua bertan behera uzteko da. Bertan sartuta, jarraibideei heldu beharko zaie. Bide hori saihestu nahi izanez gero, www.facebook.com/help/delete_account helbidean ere egin daiteke prozesu hori.

Captcha deszifratzen. Kontua ezabatzeko webgunean sartuta, erabiltzaileari bere pasahitza sartzeko eskatuko dio Facebookek, eta, galbahe hori igarota, captcha bat deszifratu beharko du. Hau da, robot bat ez dela ziurtatzeko erabiltzen den proba, eta irudi batean agertzen diren hizkiak zein diren idazteko eskatzen du. Bada, pauso horretan, deszifratzeko eskatzen duen irudian hizkiak ez dira ondo bereizten, eta, erabiltzaile askok sarean salatu izan dutenez, hainbat ahalegin egin behar izan dituzte pauso horretan aurrera egiteko. Nahi izanez gero, audio bidezko proba bat egiteko aukera ere badago.

Azken pausoa. Proba hori gainditu ostean, Facebookeko kontua etenda dagoela jakinarazten du konpainiak. Hamalau egunean ez bada sare sozialera sartzen, erabiltzaileak kontua itxi nahi duela ulertuko du Facebookek, eta ezabatzen hasiko da. Beraz, azken pausoan baldintzak onartu behar dira, eta, ondoren, itxaron.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.