M-8. Emakumeen greba

PASTELA BANATZEKO ORDUA DA

Ostegun honetan, urtero Martxoaren 8an bezala, emakumeek hartuko dituzte kaleak. Aurten, ordea, ezohiko mobilizazioa izango da, jatorriz eta tamainaz; izan ere, mugimendu feministak grebara deitu ditu andrazko guztiak. Euskal Herri osoko auzo, herri eta enpresetan abian dira jada prestaketak.
BERRIA

Samara Velte -

2018ko martxoak 4
Enpresetako korridoreetara, auzoetako elkarteetara eta etxeetako sukaldeetara iritsi da jada eztabaida: han eta hemen, ehunka emakume aldiro-aldiro elkartzen aritu dira azken asteotan Martxoaren 8ko greba prestatzeko. Asko lehenbiziko aldiz ari dira greba bat antolatzen; beste askok ez zuten sekula albokoarekin euren bizi- eta lan-baldintzez hitz egin. Aurten, Emakumeen Egunean, «muga guztiak gaindituko dituen mobilizazioa» egingo du Euskal Herriko mugimendu feministak: enpleguan, ikasketetan, etxeko lanetan, zaintzan eta kontsumoan «planto» egitera deitu ditu emakume guztiak.

Lehenbiziko aldia da Euskal Herrian propio emakumeentzako greba bat egiten dena. 2013ko martxoko greba orokorraren testuinguruan, mugimendu feministak sustatu zuen protesta berezi bat, bere momentuan Amantalen greba deitu zitzaiona; emakumeek protagonismoa hartu duten deialdirik, ordea, ez da egon lan eta enpleguaren munduan. Egitasmo hori iaz Hego Amerikan zabaldutako protestetatik dator nagusiki: indarkeria matxistaren aurkako Ni una menos (Ezta bat gutxiago ere) kanpainak sustatu zituen han emakumeen lanuzte jendetsuak.

Greba deialdiak legezko babesa ere jaso du, sindikatu nagusi guztiek erregistratu baitituzte lanuzteak. ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek Euskal Herri osorako deialdia egin dute: lau orduko bi lanuzte egitea proposatu diete emakumezko langileei, goizeko hamaiketatik arratsaldeko hiruretara eta arratsaldeko seietatik gaueko hamarretara. Mugimendu feministak antolatutako mobilizazio nagusietara joan ahal izateko aukeratu dute ordutegi hori: eguerdian herrietan izango dira, eta arratsaldean, hiriburuetan. Horrez gain, herriz herriko greba batzordeetako bakoitzak ere bere egitarau independentea izango du.

Nolanahi ere, enpleguaren greba Martxoaren 8ko aldarrikapenen «ardatz bat» baino ez dela gogorarazi dute antolatzaileek: hezkuntza, kontsumoa eta zaintza ere geldiarazi nahi dituzte. «Osoko zuzenketa bat egiten ari gara», azaldu du Bilgune Feministako kide Amaia Zufiak: «Soilik eremu produktiboari begiratzea ez da nahikoa. Ez badiegu zaintza lanei, etxeko lanei eta ugalketa eremuari begiratzen, emakumeok bizi dugun gatazka soziala eta gure lan gatazka ez dira inoiz konponduko».

Ikasleei grebarekin bat egiteko eskatu diete, eta emakume guztiei, egun horretan etxeko eta zaintza lanik ez egiteko; ahal den neurrian, bederen. Kontsumitzeari uko egiteko deialdia ere badago, batez ere saltoki handietan, «haiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiapen basatiaren ikur esanguratsuenetako bat». Parte hartzeko modua edozein izanda ere, besoan xingola more bat ipintzeko eskatu dute, protesta babestearen sinbolo gisa.

Emakumeok* planto izango da mobilizazioen leloa. «Garrantzitsua da emakume hitzari jarri diogun izartxo hori», azaldu du Zufiak: «Guretzat, emakumea kategoria politiko bat da, ez biologikoa, eta izartxo horretan sartu nahi ditugu sistema bitarraz harago dauden identitate eta gorputz guztiak: bollerak, transak...». Kapitala geldiaraztea bilatzen duen greba klasikoaz harago, sektore ugaritako emakumeak batzeko formula gisa ikusten du mugimendu feministak aurtengo lanuztea.

Deialdia, beraz, emakume gisa identifikatzen diren guztientzat da. Horrek ez du esan nahi gizonek ezin dutenik parte hartu. Haiei protesta «atzeko lerrotik, sukaldetik babestea dagokie», Zufiaren hitzetan: «Euren komunitatean, familian, bikotean eta lagun sarean egon daitezkeen zaintza beharrei eusteko eskatzen zaie, eta lantokietan euren emakumezko kideen lanak hartu eta greba erraztea». Gizonentzako aholku zehatz batzuk dakartzan zerrenda bat zabaldu da azken asteotan sare sozialetan: «Aita bazara, seme-alabez arduratu; laguna bazara, adiskideen umeak zaindu; irakaslea bazara, ez kontrolatu asistentziarik...». Mobilizazioetan parte hartuz gero, «protagonismo posiziorik» ez hartzeko eskatu zaie gizonezkoei: agindurik ez emateko edo protesta ez zuzentzeko, alegia.

Bistako desorekak

Emakumeen aurkako indarkeria oinarri-oinarritik hasten da, eta euren bizitza esparru guztietan zeharkatzen du. Laneko prekaritatea bera ere indarkeria baita, mugimendu feministak urteotan argudiatu duenez. Sexuaren araberako lan banaketan dago korapiloa: «Askotan, emakumeok egiten ditugu zaintzarekin lotutako lanak; lan horiek guztiz baliogabetuta daude, soldata eta baldintza kaskarrekin». Horri etxeko zaintza gehitu behar zaio maiz: enplegua eta etxeko lanak bateratzeko ezintasunak «lanaldi bikoitz eta hirukoitzak» dakartza emakume askorentzat. Egoera paradoxikoak ere sortzen direla azaldu du Zufiak: «Amatasuna, esate baterako, goraipatu egiten da gizartean, eta bonbardatzen gaituzte ama izateko mezuekin, baina hori gero guztiz zigortzen da lan merkatuan; sarritan, lan merkatutik kanporatzen gaituzte, edo zaintzarekin bateratzeko lanaldi partzialak onartzen ditugu, eta horrek ezegonkortasunera garamatza». «Soldata arrakala» deitu izan zaiona da emaitza: Hego Euskal Herrian, emakumeek gizonek baino ia 8.000 euro gutxiago kobratzen dituzte urtean, batez beste. Euren okupazio tasa, gainera, gizonena baino bederatzi puntu apalagoa da, eta lanaldi partzialak dituzten beharginetatik, hiru laurdenak emakumezkoak dira. «Gero, zahartzen garenean, izan dugun lan ibilbideagatik, gure pentsioak ere askoz baxuagoak dira», azaldu du Zufiak.

Sindikatu ia guztiek babestu dute, era batera edo bestera, Martxoaren 8ko deialdia. Gehiengo sindikalak Euskal Herri osorako egindako deialdiaz gain, CCOO, UGT, CNT eta CGTk ere proposatu dituzte euren formulak Hegoalderako: lehenbiziko biek bina orduko bi lanuzte egiteko eskatu dute —11:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 19:00etara bitartean aukeratu beharko dira bi orduok—; azkeneko biek, aldiz, egun osoko greba orokorrera deitu dute. Polemika sortu du CCOO eta UGTk deialdi mistoa egin izanak: «Ez dute mugimendu feministarekin lan egin, eta igartzen da ez dutela grebaren zentzua ulertu», uste du Zufiak. Esti Montero CCOOko arduradunak ez du ontzat jo kritika: «Gizonak ere berdintasunaren aldeko borrokan egotea nahi dugu, eta, gainera, formula egokiena iruditu zaigu emakumeok zaintza greba egin ahal izateko. Etorkizunean prest gaude behar denarekin lan egiteko».

Euskal Herrian greba antolatzen aritu diren batzorde eta sindikatu nagusien artean, ordea, kontsentsu zabala dago Martxoaren 8ari buruz: protagonismoa emakumeek izan behar dute. «Deialdia mugimendu feministak egiten du, eta guri eskatu ziguten enpleguaren esparruan bide juridiko bat ahalbidetzeko, greba egin ahal izateko», azaldu du Jone Bengoetxea ELAko Berdintasun arduradunak. Argi du eurena «ardatz bat» baino ez dela: «Greba honek arrakasta izateko, ikusten ez diren lan horietan guztietan planto egiteko aukera izan behar dugu, hezkuntzarekin eta kontsumoarekin batera».

Grebak elkarrekin joateko errail bat eskaini die mugimendu feministari eta langile mugimenduari. Horregatik, Martxoaren 8a «irteera tiroa» izatea nahi luke Bengoetxeak, geroago aliantzak zabalduz joateko. Antzera ikusten du Zufiak: «Askotan, mugimendu feministaren borrokak alde batetik joan dira, eta, horrez gain, emakumeak aritu dira lantokietan edo etxeetan borrokan, baina oso modu bakartuan. Oraingoan lortuko dugu hori guztia gehiago jostea». Deialdiari esker sekula Martxoaren 8 batean kalera irtengo ez liratekeen emakume ugari aktibatuko direla uste du Bengoetxeak: «Sindikalismoarentzat ere interpelazio zuzen bat da; jauzi historiko bat, greba aberasten duelako tresna gisa, eta lana, kontzeptu gisa, hain zuzen ere enplegutik harago doan zerbait bezala ulertzen delako».

Batez ere sektore feminizatuetan lortu nahi dute eragina: zahar etxeetan, hezkuntzan, lan ikusezin ugaritan. «Lan merkatuan ere, horiek dira sektore gogorrenak, antolatzeko zailenak direnak, ez daukatelako kultura sindikalik. Lan batzuk, duela gutxira arte, ez ziren enplegutzat ere jotzen, adibidez, jantokietako langileak, edota etxez etxekoak. Ez zeukaten hitzarmenik edo antolaketarik». Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba jarri du adibidetzat Bengoetxeak: urriaren 27an amaitu zen hura, 370 egunez lana utzi ondoren. «Niretzat, greba feminista bat izan zen, borroka lan baldintzetatik harago egin zelako. Sindikalismoa ahalduntze tresna bat izan zen eurentzat. Emakume batek esan zidan lehenago ez zela gai nagusiari atea jotzeko ere, beldurra ematen ziola. Azkenean, megafonoa hartzea, nagusiari hitz egitea... hori da ahalduntzea, pertsonala eta kolektiboa».

Zaintzaren korapiloa

Enpresetako emakume langileak kalera ateratzeak eragin nabarmena izango du Martxoaren 8an. Gauza jakina da, ordea, emakumeen lanaren erdia baino ez dela izaten etxetik kanpo egiten dutena: gainerako guztia sostengatzen duten zaintza lanak ere euren gain geratzen dira gehienetan. «Gizonak eremu publiko-produktiboan lehiatzera eta haztera bultzatzen dira, eta hori baloratuta dago: aitorpen soziala eta ekonomikoa lortzen dute. Emakumeok, aldiz, emozioen, zaintzen, familiaren eta maitasunaren gordaile edo sostengu gara modernitateaz geroztik», azaldu du Zufiak: «Kapitalismoan, erdigunean jartzen dena merkatua da, merkatuaren etekinak, eta benetan bizitzari eusten dioten lan horiek —higieneari, segurtasun afektiboari, autoestimuari edo elikadurari lotutakoak— modu oso ikusezinean egiten dira».

Liz Quintanarentzat, horixe da «feminismoak uneotan duen korapilo potoloa»: zaintza. Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko abokatua da, eta grebaren antolaketan sartuta dago Sorgin eta Anitzak taldearekin. «Greban pentsatzen dugunean, honako termino hauetan egin ohi dugu: gaizki gaude, beraz, soldata hobea edo dena delakoa aldarrikatuko dugu. Sistema bera ez da kritikatzen; dagoen bezala, adabakiak jarri nahi zaizkio. Baina kapitalismoak, heteropatriarkatuak eta arrazakeriak osatutako haril bat da sistema; eta hori askatzen ez dugun bitartean, baldintza txikiak hobetzen joango gara, eta gutako batzuek zortea izango dugu haietaz probetxu ateratzeko, baina besteek berdin jarraituko dute».

Zaintza lan —ordaindu— gehienak migratzaileek egiten dituzte gaur egun, baldintza kaskarretan. «Zaintzen krisi globala» dagoela azaldu du Quintanak: «Munduko iparraldean krisian gaude, biztanleria geroz eta zaharragoa delako, geroz eta gehiagok behar dutelako zaintza, eta lan horiek ez garelako modu kolektiboan ebazten ari. Zerbitzu publiko nahikorik ez dago, eta daudenak murrizten ari dira». Emakumeek eta gizonek ez dute ardura hori modu berean hartu, eta leku askotan hegoaldeko emakumeak kontratatzen dira beharrok egiteko: «Azkenean, emakumeak gara, berdin-berdin, lanok egiten ari garenak».

Zaintza lanek eragin zuzena dute emakumeen bizi baldintzetan. Ordainduta egiten dituztenen kasuan, baldintzak merkatuko prekarioenetakoak izaten dira: soldata eskasak, sarri lantokian bizi beharra, aisialdirako tarte gutxirekin... Dohainik egiten diren lanetan, aldiz, zaintzailearen denboran eta estres mailan sumatzen dira ondorioak. Andrazko askok euren ogibidea murriztu behar izaten dute, eta horrek menpekoago bihurtzen ditu: «Ez da kasualitatea laguntza sozialak edo diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen artean gehienak emakumeak izatea; egiten ditugun lan motekin eta horren arrazoiarekin du zerikusia».

Ikusgarritasuna eta aitorpena, bi kasuetan, hutsaren hurrengoak dira. «Sistemari berari interesatzen zaio lan hori ahalik eta modu merkeenean egin dadin, edo, ahal bada, dohainik, beti erabili izan dituen tresnak erabilita: maitasunagatik egiten dela, sakrifizioaren ideiagatik, erruagatik edo emakumeok ezetz esaten dugunean gaizki sentitzen garelako edo estigmatizatu egiten gaituztelako», azaldu du Quintanak: «Horregatik ez dira sustatzen zaintza zerbitzu publikoak, baina bai etxe barruko langileen eredua». Administrazioaren azpikontratazio politika salatu du: «Zerbitzuak enpresa pribatuen esku uzten ditu; erditik kentzen da, eta ez du ikertzen zein baldintzatan ematen diren. Diru publikoarekin ari da, baina enpresa pribatuen helburua ahalik eta etekin gehien lortzea da, eta hori langileak esplotatuz baizik ezin liteke lortu. Azkenean, emakumeon gorputzek, bizitzek eta denborek ordaintzen dute». Aurtengo planto deialdiak horixe sinbolizatzen du: «Honaino; orain pastela banatuko dugu, eta mundu guztiak jaso behar du zati bat».

Nola antolatu, baina, zaintza lanak beste era batera? Zufiak argi du: estatuak eta gizonek ere egin behar dituzte, eta sistema osoa haien arabera berrantolatu behar da. «Ikusi behar dugu benetan pertsonek eta naturak berak zein behar dituzten mantentzeko, aurrera egiteko —eta zein muga; eta, gero, horiek asetzeko lanak, azpiegiturak, zerbitzuak, denborak eta espazioak sortu behar ditugu». Mugimendu feministaren arabera, oraingoz «inboluzioa» gertatzen ari da prozesu horretan: «Gizarte zerbitzuetako murrizketa guztiak gure bizkar erori dira, eta emakumeok gara gaur egun pertsonen beharrei erantzuteko koltxoi bakarra. Baina horrek gure prekarizazioa eta gure denboraren pobretzea eragiten ditu».

Harago doa Quintana: zaintza bera ulertzeko modua aldatu behar dela uste du. «Badirudi beti haurrez edo autonomoak ez diren pertsonez ari garela, baina ez ditugu ikusten pertsona guztiok egunerokoan behar ditugun zaintza horiek: jaikitzen garenean, norbaitek jana antolatu behar du, arropa... Hor, pertsona guztiok dugu elkarren beharra; horregatik, denon ardura da eguneroko beharrei arreta ematea». Administrazioaren garrantzia ere nabarmendu du, ordea: «Helburua ez da den-dena estatuaren esku uztea, baina ezta ere hark esatea 'Hara, zein ongi, hau kolektibizatzen bada ez daukat ardurarik'».

Greban egoteko erak

Osteguneko deialdia emakume guztientzat bada ere, antolatzaileek jakin badakite askok ezin izango dutela fisikoki parte hartu. «Ez da gauza bera enpresa edo denda batean lan egitea, edota atzeratu ezin litezkeen beharrak asetzea. Alegia: pertsona bati ordu zehatz batean medikazioa eman behar badiozu edo fardela aldatu, ezin diozu esan lau ordu barru egingo duzula». Etxeko langileen sektoreak, gainera, baditu bereak diren zailtasunak: «Ez dute ohiko lantokirik, beste kideen babesa jaso dezaketen lekurik. Horregatik, oso zaila da eurek banaka planto egitea eta 'Gaur ez naiz etorriko' esatea, horrek izan ditzakeen ondorioengatik». Askok ez dute langabeziarako eskubiderik ere, eta horrek nabarmen mugatzen die protestarako askatasuna. Ostegunean haiek gogoan izango dituzte manifestazioetan: «Inolaz ere ez dugu zalantzan jarriko egun horretan ez badute lanuztea egiten, ongi ulertzen ditugulako euren arrazoiak, baina irudikatuko dugu euren egoera».

Grebaren beste bi oinarriak hezkuntza eta kontsumoa dira. Eskoletan emakumezkoen erreferentzia positiboak falta direla uste du mugimendu feministak, eta sexismoa eta LGTBIfobia oso zabalduta daudela. Zufiaren hitzetan, hezkuntzan ezartzen dira sexuaren araberako lan banaketaren oinarriak: «Daukagun sozializazioagatik, ikasketa batzuk edo beste batzuk aukeratzera bultzatzen gaituzte, eta, kasualitatez, emakumeok aukeratzen ditugun horiek dira enplegu prekarioetara eramaten gaituztenak».

Kontsumo grebarena, aldiz, «herritar guztientzako» eskaera da: «Ekoizpen ereduari oso lotuta daude gure kontsumo ohiturak, eta, horretan, emakumeok guztiz esplotatuta eta objektualizatuta gaude». Publizitatea jarri du adibidetzat Zufiak, emakumeak «sexu objektu» bihurtzen dituelako: «Horrek indarkeria matxista elikatzen du». Bangladeshko Rana plazako «sarraskia» ere ekarri du gogora: 2015ean erre zen H&M bezalako markentzat arropa ekoizten zuen fabrika hura, eta barruan baldintza miserableetan lanean ari ziren 1.138 behargin hil ziren, gehienak emakumezkoak. «Gure kontsumo ohiturek lotura zuzena dute hegoaldeko herrialde pobreagoetan emakumeek sufritzen duten esplotazioarekin».

Finean, Martxoaren 8koa «kapitalismoaren aurkako greba bat» dela argitu du Zufiak, «eta haren oinarrian dauden harreman patriarkal, arrazista eta kolonialista guztien aurkakoa». «M-8a berreskuratzeko modu bat ere bada; izan ere, sistematik badago ahalegin bat feminismoa edukiz husteko, espektakularizatzeko». Langile mugimenduari ere antzera gertatu izan zaiola uste du Quintanak: «Tranpan jausi gara, sinistu genuelako posible zela sistema honen barruan denok gutxieneko bizi baldintza batzuk izatea, eta hori posible zela beste inor txikitu gabe: biztanleriaren zati bat, beste herriak, edota natura bera zapaldu gabe, alegia. Ikuspegi horretatik, bateraezinak dira feminismoa eta kapitalismoa».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna