Nazioarteko merkataritza. Gerra komertziala

Muga zergen bigarren sorta ezarri diote elkarri AEBek eta Txinak

Merkataritza gerra eteteko elkarrizketa hasi dute, baina ez dute ados jartzeko itxaropen handirik

Edukiontziak itsasontzi batean, Hong Kongeko portuan. JEROME FAVRE / EFE.
Iker Aranburu.
2018ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Kolpez kolpe, handitzen ari da AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerra. Gauerdian indarrean sartu zuen Washingtonek Txinaren produktuen aurka bigarren tarifa sorta. Pekinek ez zuen minutu bat bera ere galdu, eta automatikoki AEBetako produktu batzuen inportazioari muga zergak jarri zizkion. Elkarri kolpea ematearekin batera, negoziaziorako ere tartea badute Washingtongo eta Pekingo gobernuek, baina ez da espero ezer lortuko dutenik, Donald Trumpi interesatzen zaiolako merkataritza gerraren frontea irekita izatea, azaroko hauteskundeetara arte behinik behin.

Munduko lehen eta bigarren potentzia ekonomiaren arteko hartu-emanen seiren bati eragiten diote, oraingoz, muga zerga berriek (100.000 milioi dolar). AEBetako enpresek 130.000 milioi dolarren salmentak egiten dituzte Txinan, eta enpresa txinatarrek, berriz, 505.000 milioirenak egiten dituzte Pazifikoaren beste aldean. Desoreka komertziala txikitzea da, hain zuzen, Trumpen helburu ofiziala, haren ikuspuntu hertsian, merkataritzan defizita izatea «galtzea» baita.

Lagunduak eta kaltetuak

Tarifen bitartez, AEBetako presidenteak espero du lagundu egin ahal izango diela Txinaren lehiaren aurrean larri dabiltzan AEBetako enpresa batzuei, eta Asiara joan diren ekoizpen batzuk berreskura ditzaketela.

Posible da sektore batzuetan hala gertatzea, baina kaltetuak ez dira faltako AEBetan bertan. Batetik, ekoizpen kateak oso nazioartekotuak dituzten enpresek garestiago ordaindu beharko dituzte osagai asko —Applek, Micro- softek eta beste enpresa teknologikoek, esaterako—. Txinatik amaitutako produktuak —jantziak, jostailuak...— inportatzen dituztenen kostuak ere handituko dira, eta horrek prezioak handitzea ekarriko du.

Herritarrek zuzenean kontsumitzen dituzten produktuei muga zergak igotzeak inflazioa ia automatikoki igoko lukeela ikusita, Trumpen lehen tarifek industriek egiten dituzten inportazioak izan dituzte jomuga. Altzairuarekin, aluminioarekin eta beste produktu batzuekin hasi zen ekainean —34.000 milioi dolar—, eta erdieroaleekin, plastikoekin, produktu kimikoekin eta beste beste 276 gairekin jarraitu zuen atzo —16.000 milioi—.

Baina AEBetako presidenteak oso garbi utzi du ez duela hor geratu nahi, eta prest dagoela Txinatik joaten zaizkion produktu guzti-guztiei %25eko muga zerga berezia ezartzeko. Aste honetan beste zerrenda bat osatzeko asmoa dauka Etxe Zuriak.

AEBen kolpeei neurri horretako beste kolpe batekin erantzuteko aukera gutxiago du Txinak. Izan ere, dagoeneko zergapetzen ditu AEBetatik inportatzen dituen produktuen %40. Atzo indarrean jarri zituen muga zergek 333 produktu estatubatuarren inportazioa garestituko du —ikatza, petrolioa, altzairua, autobusak, osasun ekipamenduak...—.

Produkturik ezin badu zergapetu, gerra komertziala aurrera jarraituz gero, espero da Txinak beste neurri batzuk indarrean jartzea, hala nola traba gehiago jartzea Txinan dauden konpainia estatubatuarrei, edo yuan dirua ahultzen uztea, bere esportazioak merkatzeko.

Lehen tarifa sortarekin egin zuen bezala, bigarrengoa ere Munduko Merkataritza Erakundean salatuko duela aurreratu zuen Txinako Merkataritza Ministerioak.

Negoziazioak

Bi potentzien arteko giroa garratza izan arren, negoziazioen bigarren txanda bat hasi zuten herenegun, baina bigarren mailako ordezkariekin. Trumpek berak ohartarazi du ez duela «askorik» espero. Otsailean, Xi Jinping Txinako presidenteak bere aholkulari ekonomiko nagusia bidali zuen Washingtonera, Liu He. Merkataritza gerra ez hasteko akordio bat iragartzera iritsi ziren, baina ezerezean gertatu zen, bi aldeek indartsu ikusten dutelako euren burua, eta ez dutelako amore emateko arrazoirik ikusten. «Haiek baino askoz bala gehiago ditugu, eta badakite. Ekonomia indartsuagoa ere badugu», esan du Wilbur Ross AEBetako Merkataritza idazkariak. Bala, batez ere, hauteskundeei begirakoa du Trumpek, uste baitu Txinarekin gogor azalduta hautesleei eutsi ahal izango diela gune desindustrializatuetan. Azaroaren 6an Ordezkarien Ganbera osorik ordezkatuko dute, eta Senatuaren heren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.