Erdoganen tronua astintzen ari da krisia

Azken inkesten arabera, babes handia galdu dute presidenteak eta haren AKP alderdiak. Manifestazio ugari izan dira, eta Poliziak gogor jazarri die

Gutxieneko soldata handitzeko DISK sindikatuak deitutako manifestazioa, Istanbulen. ERDEM SAHIN / EFE.
Istanbul
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Turkiako liraren krisiak ondorio politiko handiak ere izan ditzake. Azken inkesten arabera, Recep Tayyip Erdogan presidentearen AKP alderdi islamistak hauteskundeak galduko lituzke. Erdoganek berak presidentetzarako bozak irabazteko aukera gutxi lituzke haren lehiakideak Ekrem Imamoglu edo Mansur Yavas CHP alderdi sozialdemokratako buruak izango balira. 2019an, CHPk, oposizioko beste taldeekin batera, Istanbul, Ankara eta Antalya hirietako alkatetzak kendu zizkion AKPri, eta erraz eutsi zion Esmirnari.

Turkiako Gobernuan bertan ez da giro. Ostegunean dimisioa eman zuen Lutfi Elvan Finantza ministroak; antza denez, ez zegoelako ados Erdoganek banku zentralari egindako presioekin. Elvanen ordez, Erdoganek bere gertuko bat jarri du: Nureddin Nebati. Horrek jendaurrean esan du interes tasen jaitsieraren alde dagoela, eta, hortaz, inor gutxi harritu zen ostegunean bertan lirak bere balioaren %3 galdu zuenean.

Ikusita gobernuak ezin dituela inflazioa eta lira kontrolatu, hauteskundeak aurreratzeko eskatu du CHPko liderrak, Kemal Kiliçdarogluk. Egutegia betez gero, 2023. urtean dira egitekoak.

Oposizioaren presioari batu behar zaio kalean pizten ari dena. Hainbat hiritan izan dira liraren krisiaren aurkako manifestazio antolatugabeak; «gobernua, dimisioa!» oihua hedatzen ari da,eta etxeetako balkoietan ere gobernuaren aurkako eltze jotzeak ere zabaldu dira. Azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako eguneko manifestazioetan ere gobernuaren aurkako oihuak nagusitu ziren. CHP saiatu da haserrea bideratzen, eta gobernua kargugabetzeko eskatzeko manifestazio bat antolatu zuen, baina gobernuak debekatu egin zuen.

Debekuei aurre eginda, parlamentuan ordezkaritza ez duten ezkerreko alderdi txikiek manifestazioak egin dituzte hainbat hiritan; poliziak bortizki erantzun die, negar gasa erabiliz eta kolpeka erantzunez, eta ehunen bat lagun atxilotu ditu. Haserrea oso hedatuta dagoela erakusten du protestak Itsaso Beltzeko hirietara ere zabaldu izanak, inguru hori oso kontserbadorea eta AKPren zalea izanagatik.

«AKP agintean dagoenetik, ados ez egotea delitu bat da. Hori gero eta egia handiagoa da, egoerak okerrera egin duelako nabarmen, eta protesten beldur direlako. Errepresioa oso gogorra da», salatu du Zubeyde Dizdar TIP Turkiako Langileen Alderdiko ordezkariak. «Krisiak asko beldurtzen ditu langileak, familiak eta gazteak, egunez egun pobretzen ari baitira. Iruditzen zait egoera ekonomikoak markatuko dituela hurrengo asteetan izango diren manifestazioak», iragarri du.

Soldatak eta alokairuak

Sindikatuak ere atera dira kalera, gutxieneko soldata igotzeko eskatzera. 2016an igo zuten 400 lirara, baina gaur egungo dirutan 200 lira baizik ez dira. DISK sindikatuak emandako datuen arabera, langileen %40k jasotzen dute gutxieneko soldata, eta erdia baino gehiago dira gutxienekoa baino %20 gehiago jasotzen dutenak gehituz gero.

Beste arazo bat alokairuak dira. Inflazioari batu zaio pandemiari lotutako murrizketak kendu direla, eta giro horrek alokairuen prezioa asko handitu du. Hiri nagusietan alokairuak langile askoren soldataren %80 hartzen du. «Nire soldatarekin eta bikotekideak duenarekin, alokairua ordaintzen dugu eta doi-doi iristen zaigu etxeko gastuak eta janaria ordaintzeko. Orain asko pentsatu behar dugu adiskideekin afaltzera edo trago bat hartzera joan aurretik. Soldata sartu bezain bizkor egiten du alde», azaldu du Hilal Ozcen irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.