Koronabirusa

Berriz ere epaileekin talka

Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du gaueko jarduera mugatzeko neurria, muturreko arriskua duten udalen zerrenda bidali ez duela eta. Gobernuak beste foru agindu bat aurkezteko asmoa du

joxerra senar
Iruñea
2021eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Behin alarma egoera kenduta, epaileen galbahea pasatzea dagokie Hegoaldeko bi gobernuei, eta oraingoan, Nafarroako Gobernuak Auzitegi Nagusiarekin egin du talka. Atzo, Administrazioarekiko auzietako aretoak atzera bota zion muturreko arriskua duten udalerrietan gaueko jarduera mugatzeko erabakia. Gobernuaren asmoa zen azken hamalau egunetan 250 kasuren eta azken zazpi egunetan 125 kasuren intzidentzia duten herrietan etxeratzeko agindua ezartzea, 01:00etatik 06:00etara. Ostiralean gobernuak azaldu zuen nahikoa elementu bazituztela neurria justifikatzeko, baina auzitegia ez zen bat etorri horrekin. Argudiatu zuen gobernuak ez duela udalen zerrendarik sartu, ezta bertako egoera epidemiologikoaren berri eman ere. Hartara, epaileek uste dute ez dutela nahikoa informaziorik jakiteko «ea herritarren zirkulazio librerako oinarrizko askatasuna mugatzea neurri egokia den».

Etxeratzeko agindua atzera bota arren, administrazioarekiko auzien aretoko lau magistratuek baimendu egin zituzten beste bi neurriak: batetik, gehienez hamar lagunen bilkurak baimenduko dira; eta, bestetik, kalejirak, bazkari herrikoiak eta plazatik kanpo egiten diren bigantxen eta zezenen jaialdiak debekatuko dira. Foru agindua gauerdian sartu da indarrean, eta gutxienez uztailaren 29ra arte iraungo du. Orain arteko neurriek bere horretan jarraituko dute.

Hala ere, arauaren neurri nagusia etxeratzeko agindua zen, eta hori ez da indarrean sartuko. Auzitegiak Gorenean kasazio helegitea jartzeko aukera eman zion Gobernuari. Hala ere, Javier Remirez lehen presidenteordeak azaldu zuen beste bide bat hartuko duela. Zehaztu zuen kutsatzeak kontrolatzeko «ezinbesteko» neurria dela etxeratzeko agindua, eta horretarako beste foru agindu bat aurkeztuko duela. Erabakia behar bezala baloratzeko zehaztasun falta aurpegiratu zioten magistratuek gobernuari. Hori ikusita, Remirezek adierazi zuen fiskaltzaren txostenak guztiz bat egiten zuela gobernuaren tesiarekin.

Epaileen argudioak

Alta, lau magistratuei ez zaie nahikoa iruditu. «[Foru aginduan] Ez da sartu udalen zerrendarik, ezta horiek muturreko arriskuan zergatik diren zehazten duen daturik ere. Emandako datuak kutsatzeen igoerari buruzkoak, ospitaleetako egoerari buruzkoak, ZIUetako zerbitzuen erabilerari buruzkoak eta erkidego osoan egindako txertaketari buruzkoak dira. Ez da zehazten proposatutako etxeratzeko aginduak zer udalerri jakini eragingo dion», aipatu zuten autoan.

Epaileek aitortu dute azken egunetako kutsatzeak gaueko aisialdian gertatu direla batik bat. Dena den, autoak berretsi zuen eskaeran ez dela bereizten udalerri horietako egoera epidemiologikoa. Auzitegiak azpimarratu zuen ezen pandemiaren beste olatuetan, hainbat herri itxi izan direnean, gobernuak toki horietako egoerari buruzko txostenak aurkeztu izan dituela, eta oraingoan ez duela halakorik egin.

Eskaeran, gobernuak arrazoitu zuen beste arazoetako bat gauetan egiten diren botila festak direla, eta horretarako polizien txostenak aurkeztu zituen. Autoaren arabera, «makro botila festak kontrolatzeko arazoak daudela dioten polizia txostenak ez dira nahikoa». Epaileen arabera, txosten horietan ezin da zehaztu kontrolerako zailtasun hori biztanle gutxiko udalerrietan ere gertatzen ote den, eta «udal horiei ere eragingo die etxeratzeko aginduak». Funtsean, magistratuen ustez, ez dute oinarri nahikorik neurtzeko ezinbestekoa ote den gaueko jarduera mugatzea, ondorio sozial arinagoak lituzketen beste neurrien aldean.

Alarma egoera bertan behera geratu zenetik, ez da lehen aldia epaileek neurriak atzera botatzen dituztela. Maiatzean, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak proposatutako etxeratze aginduak atzera bota zituzten EAEko eta Nafarroako auzitegi nagusiek. Ordu hartan, arrazoitu zuten kaleko edana eta jende pilaketak eragotzi zitezkeela «legedi arrunta aplikatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.