Nafarroako Pirinioak. Mendialdeko eragileak

Biharamuna bermatzeko bidean

Pirinioetako herriak biziberritzeko lanean dihardute Txantxalan, Bizirik Gaude eta Pirinioetan Lan eta Bizi taldeek. Beharrak detektatu eta arauak mendialdeko ezaugarrietara moldatzeko eskatu diete erakundeei.

Lehen sektorea. Emakume bat Ezkarozen, baratzean lanean. IÑIGO URIZ / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Otsagabia
2020ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Haurrik apenas dagoen ibar batean, haurrek inguratuta egiten du lan Ana Sagardoik. Irakasle da Otsagabiko eskolan (Nafarroa), D ereduan. Aurten, zortzi ikasle dauzka. Horietatik, neska bakarra. «Urte batetik bestera aldatzen zaizkigu ratioak. Aurten, zortzi neska-mutiko dauzkat ikasgelan, baina heldu den urterako sei daude izena emanda, eta, iaz, lau izan ziren. Duela bi urte, bakar bat sartu zen». Belaunaldi eta genero arrakala bertatik bertara antzematen du, goizero. Maite du, hala ere, Pirinioetan bizitzea: «30 urte dira herrian bizi naizela, eta hemen dut lantokia ere. Oso pozik nago».

Zaraitzuko Batzordeko zinegotzi da Sagardoi, eta baita Pirinioetako Mahaiko burua ere. Erakunde horietan, eskualdearen etorkizuna bermatzeko egiten du lan: «Duela 30 urte, askoz jende gehiago ikusten zen inguruotan. Kalera atera, eta jendearekin egiten zenuen topo, taberna eta denda gehiago zeuden... Gustatuko litzaidake, noski, giro hori berreskuratzea eta gazteek beren bizi-proiektuak hemen gauzatzeko aukera izan dezatela». Horretarako, baina, «erraztasunak» behar direla dio.

Sagardoirekin batera, Pirinioetako Mahaiko kidea da Mikel Aoiz zaraitzuarra ere. Otsagabian bizi da eta erretiratua dago, iaztik. Aski ongi ezagutzen du Pirinioetako egoera, eta Bizirik Gaude plataformako kidea ere bada. «Bileraz bilera ibiltzen gara, administrazioei konponbideak eta neurri zehatzak eskatzen. Soldatapeko lana nuenean baino lanpetuago nago orain», esan du irribarrez.

Landa eremuko eta, batez ere, Pirinioetako despopulazioa «arazo larri eta orokorra» dela uste du Aoizek: «Hau ez da Aezkoari, Erronkariri edo Zaraitzuri eragiten dien kontu bat soilik; honek Nafarroari eragiten dio, eta lurraldearen egituraketari, oro har».

Hiru elkarte ari dira elkarlanean mendialdean, arazo horri aurre egin eta alternatibak planteatzeko: Zaraitzun eta Nabaskozen, Bizirik Gaude izeneko taldea; Erronkarin, Txantxalan elkartea; eta Aezkoan eta Erroibarren, Pirinioetan Lan eta Bizi izeneko herri ekinbidea.

Talde horretako kide dira Leire Remiro Esnoz eta Ainara Ekisoain. Olondrizkoa da Remiro; Ekisoain, berriz, Aintzioakoa. Iruñean egiten dute lan biek ala biek, eskualdeko beste hainbat lagunen antzera. Pirinioetan Lan eta Bizi herri ekinbideko kideek, baina, ez dute beren diskurtsoa zailtasunetara mugatu nahi: «Pirinioak arazoekin edo zailtasunekin lotzea ez dugu gustuko. Guk hemen bizi nahi dugu, normaltasunez», azaldu du Remirok. Horregatik, «ezkortasunetik atera» eta ibar horietako eragile guztien «topaleku» izan nahi du Pirinioetan Lan eta Bizik: «Hemen bizi direnak, lanpostua hemen dutenak, lurraldea dinamizatzen duten pertsonak, gizarte taldeak, ekoizleak... Loturak sendotu nahi ditugu denen artean».

Bost minutu Pirinioentzat

Aurreko hamarkadan sortu ziren Bizirik Gaude, Pirinioetan Lan eta Bizi eta Txantxalan. Hasieran, kultur egitasmoak, azokak eta mahai-inguruak antolatzen zituzten, nork bere ibarrean, elkartzea erabaki zuten arte, «aldarrikapenak batera egin eta indar handiagoz jarduteko».

2016an, Nafarroako Parlamentura jo zuten laguntza eske, Bost minutu Nafarroako Pirinioentzat kanpainaren barruan. «Parlamentariei eskatu genien, onartzen zuten lege bakoitzeko, bost minutu eman zitzatela neurri hori Pirinioetan nola aplika zitekeen pentsatzeko. Nolabait, galdegin genien Pirinioen aldeko perspektiba har zezatela», azaldu du Ekisoainek. Arrakasta lortu zuen kanpaina hark, eta Change.org plataforman 2.500 sinadura bildu zituzten .

Sinadurak biltzeaz gain, talde parlamentario guztiak gonbidatu zituzten ibarrera, egoera bertatik bertara ezagut zezaten: «Ustaize herrira eraman genituen. Propio hautatu genuen tokia, telefono seinalerik ez dagoelako», gogoratu du Aoizek. «Sektore bakoitzeko ordezkari bana eraman genuen hara, nork bere arazoen berri eman zezan». Bisita hark fruitua eman zuen: urte hartan, Pirinioetako Batzorde berezia osatu baitzen parlamentuan, despopulazioaren arazoari heltzeko. Lehen aldiz, Pirinioetara begira jarri ziren Nafarroako erakundeak, eragileen borrokari esker.

Batzorde hartan, berebiziko garrantzia izan zuen 2016an sortutako Pirinioetako Mahaiak, bitartekari lana egin baitzuen landa eremuko eragileen eta parlamentuaren artean. Mahaian ordezkatuta daude Erroibar, Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Artzibar ibarrak, eta baita Nabaskoze, Luzaide, Orotz-Betelu eta Aurizko udaletako eledunak ere. «Sektorekako lantaldeak osatu genituen batzorde horretan», gogoratu du Ana Sagardoik: «Laborantza, etxebizitza, garraioa, garapena, ekintzailetza, euskara, kultura... Diagnosi hutsaz harago, hobekuntza zehatzak proposatu genituen, hutsuneak betetzeko».

Oro har, batzorde parlamentarioan eginiko lana «aberasgarria» izan zela uste dute Pirinioetako taldeek, baina asmo horiek guztiak «garatu eta hezurmamitu» behar direla gogorarazi dute: «Politikariek auzia agendan sartu dutela dirudi, baina ezin gara betiko zain gelditu. Ekintzak behar ditugu orain», esan du Ekisoainek.

Besteak beste, legeak eta arauak Pirinioetako errealitatera eta ezaugarrietara egokitzeko eskatzen diete parlamentuari etaNafarroako Gobernuari: «Gure egoera ez da Iruñean izan dezaketena», azpimarratu du Sagardoik. Adibide gisara jarri du etxebizitzaren arazoa: «Hemen etxebizitza asko ditugu, baina hutsik daude, eta zerbait egin behar da horrekin. Nafarroako Gobernuak laguntzak ematen ditu etxeak zaharberritzeko, metro koadroen arabera. Baina irizpide hori ezin da ezarri Iruñeko egoera abiapuntutzat hartuta. Hemen, 300 edo 400 metroko etxe zaharrak ditugu, berogailurik gabe».

Besteak beste, azpiegiturak sustatzea, arauak malgutzea eta lanpostuak sortzeko aukera ematea galdegin diote gobernuari. «Egin dezatela zerbait biomasarekin, adibidez, eskualdean dagoen egur guztia aintzat hartuta; edo, bestela, herrian gaztandegi bat eraiki nahi duten gazteei erraztasunak eman diezazkietela. Lagundu gaitzatela azpiegitura egokiak eraikitzen trabarik jarri gabe. Baina, batez ere, hori guztia egin dezatela ibar hauetako jendearekin batera, elkarlanean, neurriak goitik behera ezarri gabe», laburbildu du Aoizek.

Finean, bermatu nahi dute eskualdean gelditzea erabakitzen duten gazteek etorkizun bat izanen dutela. Biharamun berri bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.