ANALISIA

Memoriaren testuingurua

Jon Rejado -

2018ko irailak 2
Olarizuko gurutzea protagonista izan da abuztu amaieran. Mendiolako herritarrek hamar metroko betoizko gurutze hori kentzea erabaki dute, ikur frankista bat dela argudiatuta. Gasteizko Udalak, aldiz, eutsi egin nahiko dio, baina ikur horri testuingurua emanez, plaka informatibo baten bitartez. Hain zuzen, udalak argudiatu du ikur horrek ez zuela, jatorrian, asmo politikorik, erlijiosoa baizik. Are gehiago, azaldu du gasteiztarrek emandako diruaz eraiki zela, eta, gerora, Mugimenduak zentzu politikoa inposatu zuela. Udal gobernuaren jarreraren oinarrian Virginia Lopez de Maturana historialariaren txosten bat dago, non hori bera argudiatzen baitu: jatorrian monumentu erlijiosoa baino ez zen izan. Hor sortzen da galdera: posible da 1952. urtean eraikitako gurutze bat soilik monumentu erlijiosoa izatea? Nazionalkatolizismoa ikur zuen diktadura batean, asmo politikoa eta erlijiosoa bereizita zeuden?

Lopez de Maturanak txostenean azaldu du gurutzeak 1951ko Gasteizko Misio Santua gogoraraztea izan zuela helburu. Misio horren helburua, historialariak ETBn emandako azalpenen arabera, herritarrak «berriz ebanjelizatzea» izan zen. «Garai horretan pentsatzen zen Errepublika garaian fedea galdu zela». Horren arabera pentsa liteke, Misio Santua ekinbide erlijiosoa izan arren, asmo politikoa zuela hasieratik bertatik.

Misio Santuak bi aste iraun zuen, azaroaren 4tik 18ra arte. El Pensamiento Alavés egunkariak jaso zuen egun horietan gertatutakoa: hasieratik, «Aireko Ministerioak Misioaren zerbitzura jarritako hegazkin batek» Fatimako Ama Birjinaren irudia Gasteizera ekarri zuenetik, amaierako mezara arte. Azken eguneko kronikan, hain zuzen ere, Jose Maria Bueno Monreal Gasteizko apezpikuaren hitzak jaso zituen kazetariak. «Apezpiku jaunaren hitzak nabarmenduko ditugu: eskatu du Jaunak manten dezala fedea eta bake hau Espainian, biak posibleak eta seguruak Gurutzada loriatsuari eta gure estatuko buruari esker».

Olarizuko gurutzearen jatorrizko ideia erlijiosoa izan zela onartuta ere, Misio Santua nekez bereiz daiteke orduko erregimenetik. Beraz, gurutzeari testuinguru hori gehitzeko, beste galdera batzuk ere jar litezke mahai gainean. 1951n Misio Santurik egongo ote zen demokratikoki bozkatutako gobernua indarrez kendu izan ez balute? Misio horiek gogorarazteko gurutzerik eraikitzea erabakiko lukete gasteiztar batzuek? Diktadurak nazionalkatolisizmoa ezarri izanak erraztu ote zuen gurutzea eraikitzea?

Mendiolako erabakiak piztu duen eztabaidaren harira, iraganeko testuinguruaz gain, egokia izan daiteke egungoari ere erreparatzea. Mendiolako administrazio batzarrak herritarrei eman zien hitza: gaia eztabaidatu zuten, aukerak aztertu zituzten, eta gurutzea kentzea erabaki zuten. Gasteizko Udalak bi aukera ditu horren aurrean: edo araudian zirrituak bilatzea Mendiolako herritarren hitza baliogabetzeko; edo eskumena duten herritarren hitza aintzat hartzea, zilegia den erabaki baten kontra egin beharrean. Are, erdibideko erabakia har dezake: Mendiolari gurutzea kentzen lagundu, eta ikurra beste leku batera mugitu, Gasteizko udalbatzak onartutakoa betetzeko.

Udalbatzak aho batez onartu zuen frankismoak markatutako espazioak mantentzea eta testuingurua ematea, Virginia Lopez de Maturana historialariaren txostenean oinarrituta. Horren alde egin zuen «historia ez borratzeko». Hain zuzen ere, historiak utzitako aztarnak kenduz gero, «etorkizuneko belaunaldiek pentsa dezakete ez zela Francoren diktadurarik egon».

Olarizuko gurutzearen inguruan sortutako eztabaidaren nondik norakoak ikusita, agian komeni da hausnartzea noraino heldu behar duen testuinguruak. Mendiolako erabakiaren harira, Elizak frankismoan izan zuen boterea gogoraraz dezake Gasteizko Udalak, gurutzean jarri nahi duen plaka informatiboan. Bestela, etorkizuneko belaunaldiek pentsa dezakete ez zela inolako harremanik egon frankismoaren eta Elizaren artean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna