EH Bilduk ohartarazi du Nafarroako aldaketa «egoera kritikoan» dagoela

Koalizioak uste du arazoak ez datozela oposizioaren lanaren ondorioz, aldaketaren aldeko eragileen jarreretatik baizik. «Ardura» eskatu dute
Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz EH Bilduko eledunak, atzo, Iruñean.
Bakartxo Ruiz eta Adolfo Araiz EH Bilduko eledunak, atzo, Iruñean. VILLAR LOPEZ / EFE

Gotzon Hermosilla -

2019ko urtarrilak 17
Azken asteetako gertaerek «egoera kritikoan» utzi dute Nafarroako aldaketa. Hori pentsatzen du EH Bilduk, eta, atzo arratsaldean Nafarroako egoera politikoa aztertzeko egindako agerraldian krisialdi hori ekarri duten gertaerak aletzeaz gain, «neurriak» ere proposatu dituzte egoera bideratzeko, eta «arduraz jokatzeko» eskatu diete aldaketaren aldeko gainerako eragileei.

Bakartxo Ruizek eta Adolfo Araizek esan dutenez, hainbat arrazoi daude aldaketaren «une kritikoaz» mintzatzeko. Alde batetik, Iruñeko Udalean gertatutakoa aipatu dute. Haien arabera, «batzuk», gehiengoa «hautsi», eta «aldaketaren kontrako indarrekin lerrokatu dira». Aranzadi udal taldearen jarreraz ari ziren, joan den astean Aranzadi abstenitu egin baitzen udal aurrekontuen inguruko bozketan, eta horrek indargabetu egin zuen EH Bildu, Geroa Bai eta Ezkerra taldeen arteko adostasuna. Ondorioz, aurrekontuak ez ziren onartu.

«Poliziaren indarraren erabilera» ere aipatu dute Ruizek eta Araizek aldaketaren krisia ekarri duen arrazoi gisa. EH Bilduren ordezkarien ustez, bide horiek erabiltzea «bateraezina» da aldaketarekin; hala ere, EH Bilduren aburuz, poliziak neurriz kanpo aritu dira Maravillas gaztetxea husten eta Huerta de Peraltako langileen protesten kontra.

Hirugarren arrazoi bat ere aipatu dute Ruizek eta Araizek: Ahal Dugu-ren barne zatiketa. «Ahal Dugu-ren eta Orain Bai-ren arteko liskarraren ondorioak oso larriak dira», esan dute, «eta parlamentuaren presidentetza eta zenbait gehiengo arriskuan jartzen dituzte».

«Jarrera autoritarioak»

EH Bilduko parlamentariek nabarmendu dute aje horiek guztiak ez direla sortu oposizioaren lanaren ondorioz —azken urteetan oposizioa «jokoz kanpo» egon dela esan dute—. Aitzitik, uste dute gaitza barrutik sortu dela, eta aldaketaren arteko zenbait eragiletan agertu diren «jarrera autoritario eta alderdikeriazkoak» izan direla arazoen iturri. «Ulertezina da aldaketaren aldeko indarrek oposizioari horrelako oparia egitea», erantsi dute.

Are gehiago: EH Bilduk uste du «erregimenaren bertsiorik autoritario eta atzerakoiena» atezuan dagoela, eta maiatzeko hauteskundeen emaitzek ekar lezaketela Nafarroako autogobernu «murritza» ere arriskuan jartzea. «Andaluzian itun atzerakoia egin duten hiru indarretatik bik Nafarroako zerga erregimena bertan behera uztea proposatzen dute», gogorarazi dute.

Horregatik, «sen ona eta erantzukizuna» eskatu diete aldaketaren aldeko eragile guztiei. Haien ustez, eragile horiek «jarrera arduratsua» izan behar dute, eta gizarteari mezu argia igorri: aldaketa «bere barne kontuak kudeatzeko gauza» dela.

Neurriak ere proposatu ditu EH Bilduk egoera bideratu eta «aldaketaren gehiengoa» bermatzeko. Poliziaren jokabideari dagokionez, EH Bilduk esan du aldaketa «inolaz ere» ezin dela lotu «gizartearen protestei emandako erantzun bortitzekin». Horregatik, azken asteetan gertatutakoa argitzen saiatuko dira, eta arazo politiko eta sozialak konpontzeko «negoziazioaren eta elkarrizketaren bidea» lehenetsiko dute.

«Gogoeta» eskatu dute Iruñeko Udalean aurrekontuak ez onartzearen kalteak ahal den neurrian murrizteko. Orain Bai-ri ere eskatu diote atzera egiteko Ahal Dugu-ko zenbat parlamentari kanporatzeko erabakian. Eta «maiatzeko lehia elkarrekin gainditu ahal izateko», aldaketan «sakontzeko» konpromisoa eskatu dute.