joxerra senar
Koronabirusa. ANALISIA

Erdibidea, oso fina

2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Martxoaren 14ko asteburuan, konfinamendua iragarri zen asteburuan, berritasunaren aurrean, umore ona zen nagusi. Bi hilabete geroago, bestelakoa zen egoera. Herritar guztien gain utzi du motxila bat, eta haren ondorioak hasi da orain antzematen. Beste zahar etxe askotan bezala, Iruñeko Erruki Etxean, egoiliarrak hiru hilabete eman zituzten logelan bakartuta. Egoerari buruzko kronika egitean, euretako batek neurri gogor hartara egokitzeko ahalmena erakutsi zuen bezala, emakume baten begiradan islatzen zen sufrimendua, beldurra. Gizartean ere, erantzunen tonua, luzea bezain aldakorra da. Beldurretik axolagabekeriaraino.

«Zer gertatu zaigu?», galdetu zuen aurreko asteburuan Iñigo Urkulluk sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Hego Euskal Herrian, hilabete baten buruan kasuek nabarmen egin dute gora, eta, agerraldi horietako asko aisialdi egoeran eman direnez, ulertezina egiten zaio lehendakariari eta askori jokabide horren zergatia. Irudi luke, haren hitzetan, konfinamendurik ez dela izan. Alderantziz izan daiteke, ordea. Udaberria hormen artean egon izanak, udaz gozatzeko antsia eragin du. Urkulluk iradoki bezala, jarrera orokorra al da? Ez, baina egia da, halaber, kopuru handi bat izan daitekeela.

Konfinamenduak abantaila bat zuen: lortu beharreko helburua argia zen, eta norabide horretan arraun egin behar zen. Orain, aldiz, zer zaila den neurria hartzea! Amildegiaren alde batera, pandemia; bestera, hondamendi ekonomikoa. Eta erdibidea, oso fina. Iragan astean, Carlos Artundo Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendariak, herritarrei arduraz jokatzeko hamaika ohartarazpen egin ostean, «koronabirusarekin bizitzera ohitu» egin behar dela azaldu zuen. Bizi, baina zuhurtziaz. Nola egiten da hori, aldi berean, bakoitzak bere errealitatea bizi duenean? Nola interpretatu mezuak gehiegizko beldurra eragin gabe, baina aldi berean axolagabekeria saihestuz? Edo, agintarien larruan jarririk, nola eman mezuak edo ezarri neurriak, publiko orokorrean batzuk alde baterantz eta besteek besterantz jotzen dutenean?

Ez dago makila miragarririk. Udaberria joan da, baina Monterrosoren mikroipuin ezagunean bezala, koronabirusak hor jarraitzen zuen. Zientziak aurrean dituen galderen erantzunen bila jarraitzen duen bitartean, hilabeteotan ikasitako neurriak aplikatu besterik ez dago: distantzia gorde, pilaketa eragotzi eta maskara jarri. Oraindi, koronabirusaren transmisioari buruzko ondorio behin betikorik ez dago, baina ezagutza horren gain egin behar da aurrera. Akritiko izanda? Berriro ere, marra fina. Zalantzak planteatzea osasungarria gerta daiteke, baina egoera konplexu honetan, ez dago erantzun errazik. Han-hemen maskaren aurkako mezuak nagusitzen ari diren honetan, oihal horiek dira uneotan defentsa nagusia. Eta adi, askatasunaren izenean, eskuin muturra halako mezuekin arrantzan ari baita.

Egoera guztiak agerian utzi du kultura zientifikoan dagoen hutsune handia. Alta, pedagogia egitea beti nekeza eta zaila bada ere, errieta tonua sobera dago. Udazken beroa izango da, zaila. Itsuan doaz herrialdeak, ikasgelak nola ireki daitezkeen ereduen bila. Aurrean den hondamendi ekonomikoa ere ez da nolanahikoa. Agintariek ezin dute gurasokerian erori. Anabasa hori kudeatzea erronka zaila izanagatik eta jokoan asko izanagatik, konponbideak bilatu behar dituzte: adibidez, jarraipen taldeetan jarri behar dute indarra. Hego Euskal Herria estatuan PCR gehien egiten duen lurraldea bada ere, inberti dezala behar den guztia ikerketa taldeetan. Kosta ahala kosta eragotzi beharreko konfinamendua baino merkeago izango da, baita emozionalki osasungarriago ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.