Koronabirusa

Milaka pertsona atera dira kalera ostalaritza babesteko egindako mobilizazioetan

Sektoreak jasango dituen galerei aurre egiteko laguntzak eskatu dituzte. Jaurlaritzak iragarri du zuzeneko laguntzetan 45 milioi euro emango dituela

Bilbon atzo egindako manifestazioaren burua. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Igor Susaeta Oihana Teyseyre Koskarat
2020ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Sos Ostalaritza plataformak deituta, milaka pertsona atera ziren kalera, atzo, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egindako manifestazioetan. Babesa adierazi zioten sektoreari, eta, Eusko Jaurlaritzak taberna eta jatetxeei gutxienez hilabete osorako ezarritako itxialdia dela eta, instituzioei horri aurre egin ahal izateko laguntzak eskatu dizkiete.

Mobilizazio guztiak 17:30ean hasi ziren —EAEko hiriburuetan bezala, beste hamaika herri eta hiritan ere egin zituzten—, eta Bilbokoa izan zen jendetsuena. Plaza Eliptikotik abiatu zen, eta udaletxearen parean bukatu. Antolatzaileek amaieran irakurritako ohar batean nabarmendu zutenez, badakite osasun egoera «larria» dela. «Baina ez dugu murrizketen laztasuna ulertzen. Gaueko aisialdiak hilabeteak daramatza etenda, eta birusak hedatzen jarraitzen du». Ohartarazi zuten Jaurlaritzak hartu berri dituen neurriak direla-eta «establezimendu askok» jada ateak itxi dituztela.

Sektorea pairatzen ari den «babesgabetasuna» salatu zuen Iñigo Ortiz plataformaren bozeramaimaileetako batek, Gasteizko manifestazioa bukatu zenean. Dozenaka lagun bildu ziren Bilbo plazaren eta Andre Maria Zuriaren plazaren artean egindako mobilizazioan. Ortizek nabarmendu zuen ez dituztela inbertsioetarako pizgarriak nahi, galerak konpentsatzeko «zuzeneko laguntzak» baizik.

Bulebarrean hasi eta bukatu zen Donostiakoa. Plataformakoek bukaeran irakurritako manifestu batean azpimarratu zutenez, «badirudi» ostalaritzari laguntzeko «borondaterik» ez dutela instituzioek. Nafarroako ostalariek elkarretaratzea egin zuten atzo Iruñean —urriaren 22tik daude itxita jatetxe eta tabernak— eta iragarri datorren igandean manifestazioa egingo dutela.

Ipar Euskal Herriko hainbat lekutan ere protestak egin zituzten atzo, Frantziako Gobernuak hartutako neurrien salatzeko. «Ez gara konplotistak, ez eta [Donald] Trumpen jarraitzaile batzuk. Baina ohartzen gara Frantziako Gobernuak neurriak hartzen dituela itxura mantentzeko, eta bere industria salbatzeko», esan zuen Hartzea Lopez Aranak, Baionan.

Asmoa, urte bukaerarako

Hegoaldeko manifestazioak bukatu eta gutxira, Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen beste 25 milioi euro bideratuko dituela ostalaritzarako, turismorako eta merkataritzarako zuzeneko diru laguntzen funtsera —asteazkenean esan zuen 15 izango zirela—. Alegia, urtero ematen dituen 5 milioiak eta izurriaren lehen olatuko 15ak kontuan hartuta —oraindik ez ditu banatu—, 45 izango dira guztira. Laguntza berriak asteartean onartuko dituzte gobernu kontseiluan, eta kaltetuek horiek urtea amaitu baino lehen jasotzea du asmo Jaurlaritzak. Gainera, mailegutan 100 milioi euro ematekoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.