UR APARRETAN

Lehia bizia

Ane Pescador - San Juaneko arraunlaria

2018ko uztailak 3
Joan zaigu emakumezkoen arraun taldeek egutegian gorriz markatuta genuen asteburuetako bat. Euskotren ligarako sailkapena jokatu dugu, erlojupeko bi estropadatan.

Aurreko estropadetan lehiatu ez ziren bi aurkari berri izan genituen asteburuan, Puebla-Cabo eta Hernani. Inork ez zekien zein maila izango zuten bi ontzi horiek.

Larunbateko estropadan, Portugaleten, San Juan, Orio, Hondarribia eta Donostia Arraun Lagunak izan ginen, hurrenez-hurren, lehen lau ontziak. Hamar segundoren tarte estuan sartu ginen laurok. Igandean ere, Zierbenan lehiatu ginen. Lehen lau postuak lortu zituzten ontziak berdinak izan ginen, hamasei segundoren tartean, baina oraingo honetan, Arraun Lagunak-ek lortu zuen hirugarren postua.

ETE ligan parte hartuko duten ontziei dagokienez, honetan ere, lehia bizia egongo dela ikus daiteke. Larunbatean, lehen sailkatua Kaiku izan zen, bost segundora Donostiarra eta seira Deustu. Hibaikako ontziak ziabogako maniobran eduki zuen ezustekoa eta gero, azken-aurrenengo postua lortu zuen. Baina, Zierbenako estropadan, aldiz, bezperako arantza kentzearen helburuarekin, ETE liga osatuko duten ontzien arteko denborarik onena markatu zuen Hibaikak, Deustu eta Donostiarrako ontziekin ehuneneneko eskasetan. Bi segundo gehiago behar izan zituzten Kaikuk eta galiziarren ontziak. Tolosaldea eta Hernaniren arteko denborak ere estuak izan ziren bi egunetan. Lea-Artibaik, ordea, bi egunetan azken postua izan zuen. Beraz, asteburu hau osatu duten bi jardunaldiak kontuan hartuta, ETE ligako erreginaren txartela lortzea oso garesti egongo dela aurreikus daiteke.

Onenak irabaz dezala!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna