Iraia Iturregi. Athleticeko entrenatzailea

«Taldeak irabazi eta ondo jokatu arren, beti zoaz kezkaren batekin etxera»

Lau hilabete pasatu dira Iraia Iturregik Athleticeko lehen taldearen ardura hartu zuenetik. Taldea jaisteko postuetatik aldendu da, eta lasai heldu ahalko dio sasoi amaierari. Oraindik ez da hurrengoan pentsatzen hasi: «Mezu okerra litzateke».

Iraia Iturregi. Athleticeko lehen taldeko entrenatzailea, Lezaman jokatutako partida batean. ATHLETIC.
ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Pasioz bizi zuen futbola jokalari zenean Iraia Iturregik (Bilbo, 1985), eta hala egiten du orain ere aulkitik. Bere lanbideaz hitz egiten duenean, nabari zaio zenbat maite duen. Gustura, luze eta gertutasunez egiten du. Ez dio gai bakar bati ere izkin egiten.

Urtarrilean hartu zenuen entrenatzaile kargua. Zer balantze egiten duzu hilabete hauetaz?

Sartu ginenean, taldea oso gaizki zegoen. Lehen asteak ez zirenerrazak izan. Jokalariek besoak zabalik hartu gintuzten, eta lan handia egin zuten, baina emaitzak ez ziren iristen, eta hori mentalki gogorra da. Baina guk beti esaten genien horrela lanean jarraituz gero ziur geundela iritsiko zirela. Azken sei partidetan emaitza oso onak lortu ditugu; taldea sailkapenaren erdialdean egonkortu da, eta ematen duen itxura oso bestelakoa da.

Itxura hori da iritsi zinenean bilatzen zenuena?

Neure buruarekin eta jokalariekin oso exijentea naiz, eta taldeak hobetzeko tarte handia du oraindik; Athletic hobeago bat ikus daiteke zelaian. Ez naiz orain artekoarekin konformatzen. Baina pozik nago hain hilabete gutxitan taldeak izan duen bilakaerarekin.

Zer hobetu du taldeak hilabete hauetan? Eta zer hobetu behar du denboraldia amaitu bitartean?

Hiru arlotan hobetu dugula uste dut. Batetik, taldea ausartago ari da baloia duenean, eta horrek gol gehiago sartzeko aukera eman digu. Bestetik, defentsako lanean ere oso ikusten dut taldea. Ondo kokatuta dago, eta ziurtasunez eta sendotasunez ari da: aurrelarietatik hasi eta atzelarietara, presioa ondo eginez. Hala, aurkariek gero eta jaurtiketa gutxiago egiten dizkigute, eta egiten dizkigutenak ez dira horren arriskutsuak. Gainera, geldikako jokaldietan ere gol asko sartzen ari gara. Hobetu beharreko gauzen artean, berriz,askotan presa handiegia izaten dugu aurkariaren areara iristeko, eta baloi inozoak galtzen ditugu, edo azken pasean ez dugu asmatzen. Hegaletako erdiraketetan ere gehiago asmatzea falta zaigu. Denboraldia amaitu bitartean, horretan hobetzea da helburua. Gaur [herenegun] bertan horretaz egongo gara hizketan jokalariekin.

Hasieran egin behar izan zenuten lana gehiago izan zen psikologikoa?

Argi genuen talentu handiko jokalariak ditugula, baina iritsi ginenean konfiantzarik gabe zeuden. Beraz, arlo mentala lantzea oso inportantea izan zen. Baina arlo tekniko-taktikoarekin batera landu genuen, eskutik. Izan ere, batean hobekuntza dagoenean, bestean ere izaten da.

Giroa oso bestelakoa izango da orain, ezta?

Bai, noski. Poz handiagoa dago entrenamenduetan, eta jokalarien aurpegietara begiratu, eta ikusten duzu ez dutela hasieran zuten tentsio hori. Intentsitatea bera da, baina gozatzen ikusten dituzu, oso motibatuta. Hori oso garrantzitsua da.

Bigarren taldeko Irene Ogiza eta Leire Monente gazteei lekua egin diezu hamaikakoan. Harrobitik ezagutzeak lagunduko zizun horretan, ezta?

Lehen partidetan hasierako hamaikakoan jarri nituenean, ziurrenik asko harrituko ziren. Sailkapenean egoera zaila izanda, gehiegi arriskatzen ari nintzela pentsatuko zuten, batez ere Ogizaren kasuan. Izan ere, joko antolatzaile lanetan ari da, zelaiko posturik garrantzitsuenetariko batean. Baina bigarren taldean urte eta erdiz zuzendu dut, eta 12 urte zituenetik ezagutzen dut. Dituen nortasun eta ezaugarri teknikoengatik, banekien erantzun egingo zuela eta taldeari asko emango ziola. Lehen taldearen ardura hartu bezain pronto esan nion Josebari [Agirre kirol zuzendaria] bertan nahi nuela. Monenteren kasuan, lehen taldearen dinamikan zegoen jada, nahiz eta denbora luzez egon zen min hartuta. Ogiza bezala, oso jokalari garrantzitsua da jokoa sortzeko orduan. Gainera, erraz iristen da aurkariaren areara; azken pase hori du, eta hori ere falta zitzaigun. Maila handia ematen ari dira. Ziurrenik ni hor egoteak lagundu egin die, aurretik ezagutzen nindutelako, badakitelako nola egiten dudan lan eta zer eskatzen diedan. Gaizki egin izan balute, nik hartuko nuen zama hori, haiek jartzeko erabakia nirea izan zelako.

Sasoia amaitu bitarte bigarren taldeko jokalari gehiagorekin proba egiteko asmoa duzu?

Bigarren taldeko jokalariak igotzeko, prest egon behar dute. Zentzuz eta lasai hartu behar ditugu erabaki horiek. Gainera, oraintxe bertan taldea oso ondo ikusten dut. Bai gazteak, baita beteranoak ere, oso maila onean ari dira, eta horri segida eman nahi diot.

Beteranoen kasuan ere, zure abantaila da kasu askotan haiekin jokatu zenuela. Nola daramazu orain haien entrenatzaile izatea?

Normaltasunez eta naturaltasunez daramat. Gainera, ia taldeko kide gehienek ezagutzen ninduten. Izan ere, duela bi sasoi prestatzaile fisiko lanetan aritu nintzen, eta beti egon naiz lehen taldetik oso gertu.

Zer esan dezakezu 41 urterekin Vanesa Gimbert azken partidetan ematen ari den mailaz?

Izugarria da. Vanesa beti izan da bere burua asko zaindu duen jokalari bat, baina, orain, are gehiago. Gero eta exijenteagoa da bere buruarekin. Gainera, nik entrenatzaile moduan balio gehien ematen diodana zera da: zerbait zuzentzen diozunean, 15 urteko jokalari batek bezala begiratzen dizu. Horrek erakusten du ikasten segitzeko duen gogoa eta grina. Umiltasunaren, anbizioaren, konpromisoaren eta profesionaltasunaren seinale da. Eredu da.

Iparraldeko jokalari baten alde egin zuen klubak udan: Sophie Istillarten alde. Kontuan hartzeko merkatu bat da? Nola ikusten duzu?

Beti erreparatu izan diogun merkatua da. Baina ez da erraza izan handik jokalariak ekartzea. Batetik, ez zeuden asko, eta, bestetik, ez genituen topatzen Athelticek eskatzen duen maila zuten jokalariak. Sophieren kasuan, urteak generamatzan haren atzetik, eta lortu dugu hona ekartzea. Ni oso gustura nago harekin. Jokalari oso langilea da, nekaezina, isila baina atsegina. Beti erakusten du erabateko konpromisoa. Jokalari oso solidarioa da, bai zelaian, eta baita hortik kanpo ere. Multzoan asko estimatzen dute.

Oso desberdina da lehen taldeko jokalari izatea eta entrenatzaile izatea?

Entrenatzaile gisa ardura handiagoa da. Taldeak irabazi eta joko ona egin arren, beti zoaz ardura edo kezka batekin etxera. Adibidez, jokatzeko aukera izan ez duten jokalariengatik, zuk bizi izan duzulako zer den hori.

Aipatu zenuen beharbada ez zela garairik egokiena lehen talderako urratsa egiteko. Hala pentsatzen duzu oraindik?

Hori esaten nuen nik urte gehiago jarraitu nahi nuelako formakuntza lan horretan. Oso gustura nengoen bigarren taldean; izugarri disfrutatzen ari nintzen. Sentitzen nuen jokalariei nire ekarpena egiten niela, eta haiengandik ere asko ikasten ari nintzen. Bigarren Maila, gainera, oso lehiaketa exijentea da. Beraz, ez nuen presarik saltoa emateko. Bizpahiru urte gehiago ikusten nuen neure burua bertan. Baina klubak egoera zail hartan nire aldeko apustua egin zuen, eta ez nintzen gai ikusten ezetz esateko. Laguntzeko aukera banuen, zergatik ez. Argi genuen asko eskatuko zitzaigula, emaitzen premia zegoelako, eta alde horretatik gogorra izango zela, baina sekulako ikasgaia izaten ari da.

Asko aldatu behar izan duzu entrenatzaile moduan bigarren taldetik lehen taldera?

Nik beti esaten dut gauza batzuetan kategoriak berdin duela, baina beste batzuetan, ez. Izan ere, lehen taldean emaitzek garrantzi handiagoa dute. Bigarren taldean ere badute inportantzia, baina formakuntzari lotutako beste faktore batzuk gainetik daude. Lehen taldean, irabazi egin behar duzu, bai edo bai. Hartzen dituzun erabaki guztiak horretara bideratuta daude, nahiz eta batzuetan jokalariren batekin ez zaren justua izaten. Dena den, ez dut askorik aldatu behar izan. Baina, agian, gaztetxoekin gehiago jartzen zara irakasle rolean. Lehen taldekoekin, berriz, zuzenago hitz egin dezakezu.

Azalpen gehiago eman behar zaizkio jokalari beterano bati justua ez izate horretan edo jokatzen ez duenean? Adibidez, Garazi Murua ohi baino gutxiago jokatzen ari da.

Ez. Azalpenak berdinak dira guztientzat. Garaziren kasuan, gainera, oso ondo entrenatzen duen jokalari bat da; jarrera oso ona du. Zurekin hitz egiten duenean, ez dizu galdetzen zergatik ez duen jokatzen, baizik eta zertan hobetu behar duen.

Jada lau emakume entrenatzaile zaudete Lehen Mailan. Zer garrantzi ematen diozu zuk horri?

Denbora kontua zen. Vila-real ere Lehen Mailara igo berri da, eta emakume bat du aulkian. Ea datorren urtean gutxienez bost garen. Egia da oraindik ere emakumezko gutxi daudela, baina aurrera goaz. Duela gutxi arte emakume gutxiren buruan zegoen entrenatzaile izatea eta horretaz bitzea. Orain, berriz, bagaude batzuk aukera hori dugunak, eta garrantzitsua da arlo horretan ere erreferenteak izatea. Pixkanaka, gero eta gehiago izango gara.

Maiz hitz egiten duzue zuen artean?

Tarteka. Lehen, ziurrenik, gehiago egiten genuen. Izan ere, kongresu edo ekitaldiren batean topo egiten genuen, eta oso atsegina eta aberasgarria izaten zen elkarrekin egotea eta horien ostean esperientziak partekatzea eta hitz egitea. Baina orain halako gauza gehienak Internet bidez izaten dira, eta ez dugu aukera askorik.

Zer da zuretzat entrenatzaile on bat izatea?

Nik beti esaten dut entrenatzaile on bat dela dituen jokalarien eta dagoen klubaren ezaugarrietara egokitzen dena.

402 partida jokatu zenituen jokalari moduan Athleticen. Aulkian ere hainbeste neurketa zuzentzeko moduan ikusten zara?

Oso zaila da hori. Izan ere, desgastea handia da, eta gaur egungo futbolean entrenatzaileek ziklo laburrak egiten dituzte taldeetan. Nik uste dut, gainera, hala izan behar duela; are gehiago gurea bezalako talde batean. Izan ere, dugun filosofiagatik, multzoa ez da asko aldatzen sasoi batetik bestera, eta denborarekin jokalariek motibazio berriak behar dituzte: aurpegi eta mezu berriak.

Ari zara disfrutatzen bizitzen ari zarenaz?

Lehen asteetan gehiago izan zen presioa, disfrutatzea baino. Orain, gehiago ari naiz lortzen disfrutatzea, batez ere entrenamenduetan. Gainera, futbolari nintzen garaitik ikasi dut presio egoeretan disfrutatzen.

Nola ikusten duzu emakumeen futbolaren bilakaera? Profesionalizazioa eta ikusgaitasuna irabaztearekin batera, ez al duzu arriskua ikusten gizonezkoen ereduari segitzeko?

Bai. Pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago hurbiltzen ari gara gizonezkoen futbolaren eredura. Ez dakit hori ona edo txarra den, baina gertatzen ari den errealitate bat da. Adibidez, jada 12 urteko neskatoak daude.

Aste honetan hemezortzi urte bete dira Athleticek lehen liga irabazi zuenetik. Berriro ere izango al da txapeldun Athletic?

Aipatu bezala, pixkanaka emakumeen futbola gizonezkoen futbolaren bilakaera izaten ari da. Gaur egun posible da Athleticek gizonezkoetan liga irabaztea? Duela urte batzuk Luis Fernandezekin bigarren geratu ginen, baina hortik aurrera urruti egon gara aukera horretatik. Emakumezkoetan ere hala da. Ez da ezinezkoa, baina bai oso zaila. 2015ean irabazi genuenean, jada ikusten zen bilakaera, eta elkarri behin eta berriz esan genion: disfruta dezagun, oso zaila izango da eta berriz lortzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.