Durangoko 50. Azoka. Eguneko kronika

Azoka? Ondo, eskerrik asko

Iazko bisitari kopuru bertsua izan du aurten azokak, gorakada berretsiz.Ixteko egun baten faltan, 120.000 bisitari zituen jasoak.Balorazio ona egin dute hala antolatzaileek nola saltzaileek

Juan Luis Zabala
Durango
2015eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Iazko lehen hiru egunetan bezala, ixteko egun baten faltan 120.000 bisitari jaso ditu aurten ere Durangoko Azokak, Gerediaga Elkarteak emandako datuen arabera. Duela bi urte, berriz, 100.000 izan ziren azken egunaren faltan kontatutako bisitariak. Iaz izandako gorakadari eutsi dio, beraz, aurtengo ekitaldiak, baina azokak egun bat gehiago izateak ez du jende kopurua emendatzea eragin, baizik eta iazko jende kopuru bera egun gehiagoren artean banatzea. Atzo ere ez zen leku askorik Landako eraikineko kaleen artean liburuak eta diskoak begiratzen ibiltzeko. Beraz, orotara pentsa daiteke 150.000 bisitari izan dituela gutxienez azokak. Azoka jendez aski betea izan da egun guztietan, baina ez du izan, hainbat ekitalditan gertatu den bezala, pilaketa ikaragarriko unerik.

Beste datu batzuk ere eman zituen atzo Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko lehendakariak, aurtengo ekitaldiaren balantzea egitean: «30.000 bisitari webgunean, 250 ekitaldi, 350 nobedade, 190 sinatzaile... eta kopuru garrantzitsu bat: azokaren deialdiari erantzunez, 72 boluntario izan ditugu boluntariotza programan parte hartzen; ahaztu barik, noski, bestelako lanetan ibili diren militanteak». Azoka osatzen duten guneetatik zein saltokietatik ere «balorazio ona» jaso du Gerediagak. «Durangoko Azoka gertakari handia da, tamaina handikoa, eta, denon artean neurria hartu diogu agerraldi erraldoi honi»

«Euskal kulturarentzat, umiltasunez eta erantzukizunez diogu, estrategikoa da Durangoko Azoka», adierazi zuen Mujikak. «Eta Durangoko Azokarentzat estrategikoa da gaur egungo eredua: sortzaileak eta zaleak, zuzeneko emanaldiak eta ekoitzitako produktuak, herri-ekimena eta erakundea batzen dituen Durangoko Azoka».

Etorkizunari begira, belaunaldi berriengana iristearen garantzia nabarmendu zuen Gerediagako presidenteak: «Durangoko Azokarentzat eta euskal kulturarentzat ezer estrategikorik badago, hori belaunaldi berrietako euskaldunak zaletasunaren, sorkuntzaren eta eragiletzaren ardatzean ipintzea da; parte hartu, parte izan eta parte eman dezaten». Horrenbestez, «zahartu ahala gaztetu» egin beharko du Durangoko Azokak. «Zale berriak, sortzaile berriak eta eragile berriak behar ditugu. Euskal kultura geroratzeko estrategia ausarta eta adostua behar dugu. Parteka dezagun plangintza, bana ditzagun zereginak eta ekin diezaiogun lanari».

«Azken batean, helburua betikoa da: euskal kultura geroratzea», Mujikaren iritziz. «Eta betiko hiru hankak behar ditugu bide hori egiteko: herri-ekimena eta borondatezko lana; sortzaileak eta industria; eta herri-erakundeak eta alderdiak».

Guneak ere, ondo

Irudieneko koordinatzaile Arrate Illarok adierazi duenez, aurten azokaren guneek oso ondo funtzionatu dute. Kokagune berriari esker —Landako eraikinaren barruan izan baita aurten, aurreko urteetan ez bezala—, Ahotseneak solasaldietarako izan duen aretoak presentzia handiagoa izan du azokan. Gainerako aretoek ere harrera ona izan dute oro har.

Musika Industriaren Elkarteko arduradun Olatz Allikaren esanetan, azokako aurtengo salmentak iazkoen pare egon dira. «Asko lagundu du musikarien presentziak azokan, bai sinatzen eta bai zuzenekoak eskaintzen».

«Lehen bi egunak eskasak izan arren, igandean eta astelehenean konpentsatu dira salmentak», Xabier Olarra Euskal Editoreen Elkarteko ordezkariaren ustez, eta salmenten kopuruari dagokionez iazko datuak errepikatuko dira gutxi gorabehera. «Urtez urte paretsua izaten da azoka», Olarraren ustez, «gorabehera handirik gabe».

Aurrera begira jarrita, erronka anbiziotsuen alde agertu zen Olarra. Azoka «errutina moduko bat» bihurtu da, haren iritziz, eta aurrera begira «aldiro zerbait gehixeago» egiten saiatu beharko litzateke. «Herri anglosaxoietan dagoen ohitura egongo balitz, horrelako ekitaldiak esponsorizatzekoa, enpresa handi irabazi handikoak —BBVA eta Petronor gisakoak— saiatuko balira hurrengo urteetan euskal kulturari %1eko igoera ematen, lortuko genuke %50eko igoerara iritsi eta Durango eta Gerediaga txikiegi gelditzea, azoka Bilbora eraman behar izatea eta Ahotseneko solasaldiak Barakaldoko BECen egin behar izatea. Hurrengo urteetarako erronkak horrek izan beharko luke, eta guztiok inplikatu beharko genuke horretan. Horren alde nago, eta entzun nahi duenak entzun dezala».

Standetan, gustura

Argitaletxeetako arduradunek ere balantze positiboa egin dute, oro har, azokak aurten eman duenari erreparatuta. Ez dute gorakada handirik sumatu, baina ezta beherakadarik ere. Dagoeneko ohiko bihurtua duen harrera bero eta jendetsua izan du azokak, eta salmentetan ere izan du islarik horrek.

Datu zehatzen faltan eta besterik ezean susmoetan oinarrituta —egilearen sinadura jasotzeko osatutako ilara amaigabeak batez ere—, liburuen alorrean Toti Martinez de Lezearen Y todos callarron nobela (Erein) izan da jakin-min handiena piztu duena eta ale gehien saldu duena. Liburuaren euskarazko bertsioak ere —Denak isilik— oso harrera ona izan du, Idoia Gonzalez Erein argitaletxeko arduradunak azaldu duenez. Martinez de Lezeak bere liburuen euskarazko bertsioa jatorrizkoarekin batera argitaratu ohi du, eta gero eta gehiago dira bien artean euskarazkoaren alde egiten dutenak.

Martinez de Lezearenaz gain, beste hiru nobelak izan dute harrerarik onena Ereinen standean: Anjel Lertxundiren Zu, Ramon Saizarbitoriaren Lili eta biok eta Jon Arretxeren Estolda jolasak. Fermin Etxegoienen Urpekariak gazte literaturako nobelak ere harrera ona izan du, eta baita Bernardo Atxgararen Xola eta lapurra haur literaturako narrazioak ere.

Elkar argitaletxeko liburuen erakusmahaian, Imanol Muruaren Ekarri armak kronika liburua eta Jasone Osororen 12etan bermuta nobela nabarmendu ditu Antxiñe Mendizabalek, Uxue Alberdi eta Maite Gurrutxagaren Besarkada haur literaturako album ilustratuarekin batera.

Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etikak ala politika saiakera eta Bernardo Atxagaren Muskerraren bidea gidaliburua izan dira gehien eskatuak Pamiela argitaletxearen standean, Pello Elzaburu editoreak azaldu duenez, baina Tere Irastortzaren Mundua betetzen zenuten eta Jon Sarasuaren Bost truke-k ere harrera ona izan dute, poesia liburua izan arren Irastortzarenak, oraindik jendaurrean aurkeztu gabe egon arren Sarasuarenak.

Berriak ez ezik, funtsekoak

Susa argitaletxearen erakusmahaian, urtero bezala, udazkenean aurkeztutako azken bi liburuak izan dira erosienak, Gorka Arrese editoreak azaldu duenez: Harkaitz Canoren Beti oporretan narrazio bilduma eta Gotzon Barandiaranen Gidariaren okerra nobela.

Txalaparta argitaletxearen standean, berriz,, ETA: historia irudietan (1951-1978) argazki liburu kolektiboaz eta Jon Alonsoren Hiri hondakin solidoak nobelaz gain, oso estimatua izan da Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Aitziber Alonsok elkarlanean ondutako Euskal mitologia haurrei kontatua liburua ere. Dena den, Txalapartak liburu berriak adina edo gehiago saldu ohi ditu Durangoko Azokan bere funtseko liburuak, hala nola Joseba Asiron eta Martin Altzueta Martintxo-ren Euskal Herriko historia ilustratua, adibidez.

James Joyceren Ulises-en itzupenaren aleak saldu ditu gehienIgela argitaletxeak, bi formatuak aintzat hartuta: tapa gogorrekoa eta tapa bigunekoa. Baina aurretik argitaratuak diren Agatha Christieren nobelek ere oso harrera ona izan dute, eta baita Lorenza Mazzetti italiarraren Zerua gainbehera dator liburuak ere.

Musikari dagokionez, Elkar diskoetxearen erakusmahaian, Ken Zazpiren Phoenicoperus eta Mikel Urdangarinen MMXV izan dira estimatuenak; Baga-Bigaren standean, En Tol Sarmientoren Beldurrik ez, Txapelpunken Punkaren semeak eta Korrontziren Dantzan; Bidehutsen standean, Jupiter Jonen Eta metaforak greba egin zeben... eta Nireren Hamabost-ekin batera, Saccoren diskoa eta Anariren Zure aurrekari penalak ere nabarmendu dira, azken hori orain binilozko formatuan ere eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.