Albistea entzun

Arrastoa uzten dute oraindik

Espainiako Eskalada Txapelketak jokatu berri dira Berriobeitin, eta berriz ere Euskal Herriko eskalatzaileak nabarmendu dira.
Aitziber Urrutia.
Aitziber Urrutia. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Ugartemendia -

2021eko azaroak 9

Egutegian hainbat aldaketa izan dira aurten, baina Espainiako Eskalada Txapelketek beren lekua izan dute. Berriobeitiko (Nafarroa) Rocopoliseko horman lehian izan ziren urriko azken asteburuan 250 eskalatzaile baino gehiago. Tokioko Olinpiar Jokoetan gertatu bezala, hiru diziplinatan lehiatu ziren: abiadura, blokea eta zailtasuna.

Maila handiko txapelketak izan ziren. Gazteak oso indartsu datozela ikusteko aukera izan zuten egunero bertaratu zirenek, eta euskal herritarrek beste behin agerian utzi zuten azken urteetan izan den gorakada. Domina bana eskuratu zuten Eneko Carreterok, Oihane Ruiz de Argandoñak, Erik Noyak, Aitziber Urrutiak, Iker Carrerak, Leire Ruiz de Argandoñak, Irati Guenetxeak, Haizea Osesek, Mikel Linazisorok, Isaac Estevezek, Unax Utergak, Joanes Espartak eta Intza Elizaldek. Bina, berriz, Ainhize Belarrek eta Ines Allendek: Belarrek, blokean eta zailtasunean, eta Allendek, abiaduran eta zailtasunean.

Baina denak ez dira albiste onak. Izan ere, Euskal Mendi Federazioko zuzendaritza berriak, datorren urterako argitaratutako aurrekontuetan, murrizketa ezarri dio eskaladako euskal selekzioaren jardunari. Gainera, urtean zehar jokatzen zituzten txapelketen egutegiak ere behin-behineko aldaketak izango ditu.

1. AITZIBER URRUTIA (Elorrio, Bizkaia, 2002)
«Txapelketa guztian oso indartsu sentitu naiz»

Espainiako Txapelketetako izenetako bat izan zen Aitziber Urrutia. Saiatzeak gehienetan saria ekartzen duela erakutsi zuen, eta pozik zegoen zailtasunean lortutako emaitzarekin. «Egia esan, denboraldia lehen postu batekin bukatzeak ilusio handia egin dit. Honek datozen txapelketetarako entrenatzen jarraitzeko are motibazio handiagoa ematen dit».

Zailtasuneko Espainiako Kopako azken proban erakutsi zuen sasoiko zegoela, eta Berriobeitin berretsi egin zuen. «Kopako azken probako sentsazioek eta emaitzak indarra eman zidaten txapelketa honi aurre egiteko, banekielako posible zela emaitza on bat lortzea. Txapelketa osoan indartsu eta gogotsu sentitu nintzen, gehienbat zailtasunean». Blokean ere saiatu zen, baina urduri jarri zen: akats txiki batzuk egin zituen, eta ez zen guztiz gustura gelditu. Bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Urtea amaitzeko, Blokeko Espainiako Kopa jarri du helburu. Maila gorenean lehiatuko da, eta badaki gauzak ez dituela hain erraz izango. «Zer maila dagoen ikusita, finaletara sailkatuta oso pozik egongo nintzateke. Hala ere, gogor entrenatzen jarraituko dut, eta ahal dudan guztia emango dut podiumera igotzea lortzeko». Datorren urterako ere erronkak jarri ditu Urrutiak. «Entrenatzen jarraituko dut datozen txapelketetarako. Horrez gain, nire anaia eta entrenatzailea den Martin Urrutiarekin arrokan eskalatzeko gogoz nago».

2. IKER CARRERA (Tafalla, Nafarroa, 2002)
«Helburuak bete ditut abiadurako txapelketa irabazita»

Bere azken txapelketak izan dira gazte mailan, eta ahalik eta ondoen egitea zuen helburu nagusi. Txapelketan jokatutako hiru modalitateetatik bitan finalean izan zen, eta abiadurakoan lehen postua lortu zuen. «Banekien abiaduran ondo ibiliko nintzela, baina beste bietan zalantzak nituen. Abiaduran oso ondo aritu nintzen, eta helburua lortu nuen». Lehia handia izan zen finalean 20 urtez azpikoetan, eta Carrerak ez zuen garaipena ziurtatu azken unera arte: «Aurkariak oso indartsu ikusten nituen, eta une batean larri ikusi nuen neure burua. Finalera sailkatzeak lasaitasuna eman zidan. Esperotako maila eman nuen hor».

Abiadurako finalen ostean, beste bi diziplinetako finalak jokatu ziren. Ordurako Carrerak bazekien ez zuela abiadurako finala jokatuko. Sailkapen fasean ez zuen egunik onena izan, eta azkenean zortzigarren sailkatu zen. «Zailtasunean asko entrenatuta nengoen, eta emaitza hobea espero nuen. Zoritxarrez, ez nintzen finalerako sailkatu, eta penatuta amaitu nuen». Blokean ere gauzak ez ziren berak espero bezala atera. Finaleko egunean, denbora askoan egon behar izan zuen bakardadeko eremuan, eta, gainera, blokeak oso gogorrak iruditu zitzaizkion. «Zailtasun handiko blokeekin lehiatu behar izan genuen, eta horrelakoetan gauzak asko zailtzen dira». Txapelketa hauetan izugarrizko maila ikusi zuela ere aitortu du Tafallako eskalatzaileak. «Agian, nik inoiz ikusi dudan onena. Hiru modalitateetan bikain moldatzen ari dira gazteak, eta denbora gutxian jauzi handia egin dutela ikusten da». Gazte mailan bost urte eman ditu etengabean lehian, eta aro bat ixteko balio izan diote txapelketek. Datorren urtean gorengo mailan lehiatuko da.

3. ENEKO CARRETERO (Zumaia, Gipuzkoa, 2001)
«Begiz joak nituen txapelketa hauek»

Azken urteetan Euskal Herriak eman duen eskalatzailerik onenetakoa da Eneko Carretero zumaiarra, eta beste behin agerian utzi zuen. Sailkatze fasean oso gustura sentitu zen, bai blokean, bai zailtasunean. Bi diziplinetako finaletara sailkatzeko ez zuen zailtasun handirik izan, eta blokean laugarren eta zailtasunean bigarren sailkatu zen. Bazekien sasoiko iritsia zela txapelketetara. «Azkenaldian asko entrenatzen ari naiz, eta hori asko nabaritu dut txapelketa hauetan. Motibazio handia daukat, eta oso sasoiko nago. Txapelketa hauek begiz joak nituen», berretsi du.

Blokeko finalean ez zuen egunik onena izan, nahiz eta bere diziplinarik gustukoena izan. Baina ez zuen etsi. Handik ordu gutxira, erakustaldia eman zuen zailtasunean. Sasoiko eta gogotsu ekin zion finalari, eta sailkatze fasean lortutako bigarren postuak irabaztera eraman zuen. «Sailkapen onak lortu ditut gehienetan, baina zailtasunean gehiago kostatzen zait urduritasuna kudeatzea. Oraingoan, dena ondo atera zitzaidan».

Eskalatzaile asko bezala, Carretero ere azaroan jokatuko diren Blokeko Espainiako Kopako hiru probei begira dago azkenaldian. «Lehen asmoa hiruretan parte hartzea da. Ahalik eta ondoen lehiatu nahi dut, eta helburu nagusia irabaztea da, baina badakit blokeko diziplina oso irregularra eta aldakorra dela. Halere, hiru probatan finalerako sartuz gero ere, konformatuko nintzateke».

Azken urteetan Espainiako selekzioarekin lehiatzen ohituta dago Carretero. Nahiz eta aurten oso gutxi lehiatu den Munduko Kopan, argi eta garbi azaldu du zer asmo dituen datorren urtera begira. «Berriro ere Munduko Kopan lehiatu nahiko nuke. Ilusio handia egiten dit. Aurten ez naiz batere gustura ibili, eta maila ere ez dut eman. Blokean eta zailtasunean saiatzea da helburu nagusia».

4. IRATI GUENETXEA  (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 2005)
«Esfortzu handia egin dut azkenaldian abiadura entrenatzeko»

Blokeko eta abiadurako diziplinetan bikain aritu zen Espainiako Txapelketetan Irati Guenetxea. Denbora luzea zeraman txapelketa horien zain Aretxabaletako eskalatzaileak. Bazekien bere onena eman beharko zuela podiumean egon nahi bazuen, eta ez zuen hutsik egin. «Urteko lehen txapelketa genuen blokean eta abiaduran, eta izugarrizko gogoa neukan lehiarako».

Abiadurako diziplinan egin zuen sailkatze fase bikainak jarraipena izan zuen finalean. Burua hotz eta hankak arin jardun zuen finalean. «Izugarria izan zen irabaztea. Poz handia sentitu nuen». Garaipena lortzea ez zen zori kontua izan Guenetxearen kasuan. Abiadura da hiru diziplinetan entrenatzen zailena, eta, modalitatearen izenak dioen moduan, zailtasunak izan ditu bidean. «Abiaduran entrenatzeko, astean bi egunez Rocopolisera joan izan behar dut. Zailtasuna ondo prestatu nahi nuen, eta beste bi diziplinetan entrenatzeko gaizki ibili naiz». Blokeko finalari, aldiz, entrenamendu gutxiagorekin ekin behar izan zion, eta, zailtasunak tarteko, ez zuen aukerarik izan bere onena erakusteko. «Finalera sartzea zen nire helburua, eta hori lortu nuen. Finalean, oso eskalatzaile gutxik osatu zituzten blokeak».

Beste eskalatzaile gehienen antzera, Guenetxeak ere Blokeko Espainiako Kopa jokatzearekin amesten du. Gorengo mailan lehiatzeko hautatua izanez gero, argi dauka: «Esperientzia berri bat izango litzateke. Txapelketa hauetan finalean sartzea oso garrantzitsua izan zen niretzat, etorkizunean aurrera jarraitzeko».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eskuzko Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) Lau eta Erdiko Txapelketa jokatuko duten hamabi pilotariak, atzo, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Eremu txiki, borroka handi

Julen Etxeberria

Ostiralean hasiko da Lau eta Erdiko Txapelketa, eta azaroaren 20an jokatuko da finala, Bilbon. Dario ariko da Victorren ordez, eta Agirre Bengoetxea VI.aren ordez. Irribarriak ez du jokatuko

<b>Bidasoako jokalariak, joaneko partidan, Magnus Langelanden jaurtiketa oztopatu nahian .</b> ©JON URBE / FOKU

Aldeari eutsi behar dio

Beñat Mujika Telleria

Gaur jokatuko du Bidasoak Europako Ligara sailkatzeko azken neurketa. Joanekoan 30-27 irabazi zuten irundarrek Artalekun
Eskalatzaile bat <em>Irati</em> bidean. ©XABIER MUJIKA

Ziordiako 'Irati' bidearen barrunbeak

Xabier Mujika

220 metroko luzera du, eta zazpi luze. Antxon Gorrotxategik eta Garoa Unanuek ireki zuten, 2015ean. Inguruko bide errazenetakoa da, baina erakargarria da oso.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...