Athletic 2-1 Sevilla

Lehoiak zaldia irentsi du

Athleticek irauli egin du Sevillaren aurkako norgehiagoka azkeneko ordu laurdenean. Muniainen eta Unai Lopezen lana erabakigarria izan da, bigarren zatian aulkitik aterata egindakoagatik

Athleticeko jokalariak Sanceten gola ospatzen, zeinak garaipena eman zion taldeari atzo Sevillaren aurka, San Mamesen. MARISOL RAMIREZ/ FOKU.
haritz gallastegi
Bilbo
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: En Nesseryk (9. min.). 1-1: Muniainek (76. min.). 2-1: Sancetek (86. min.).Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horia: Athleticeko Raul Garcia, Iñigo, Williams, Unai Lopez eta Yuriri; Sevillako Fernando, Kounde, Acuña, Navas eta Diego Carlosi.

Ligako txapelketa oihanarekin aldaratzen da sarri. Munduko txapelketarik indartsuenetako batean bizirik irautea ez da samurra. Ahuleziak dituztenek ez dute zereginik: atzean gelditzen dira. Espainiako Ligan lehiakortasun handia dago, eta urtetik urtera parekatuagoa da. Telebistatik eskuratutako diru sarrerei esker, talde apalenek ere proiektu sendoak osatzeko aukera dute. Beraz, kale egiten dutenek ordaindu egiten dute. Urtetik urtera gaitzagoa dela ligako basoan irautea, alegia.

Gaizka Garitanok zaldiekin alderatu zituen Sevillako jokalariak neurketaren bezperan. Indartsuak eta azkarrak zirela esan zuen. Bada, konfiantza handiz dauden futbolari onen kontra jokatzea baino erronka zailagorik ez da egongo. Zaldiak indartsu zelairatu ziren San Mamesera, eta etxeko lehoiak, berriz, zaurituta. Zalantza askorekin. Ez ziren asko izango Athleticen alde txakur txiki bat emango zutenak. Baina beti ez du onenak irabazten. Zaldiak gutxietsi egin zuen lehoia, eta galdu egin zuen.

Athleticek irabazi egin zuen ez zuelako amore eman. Zuri-gorriek zailtasun handiak izan zituzten Sevillari aurre egiteko. Julen Lopetegiren taldeak hobea dela erakutsi zuen zati handi batean, baina neurketa erabakitzeko aukera izan zuenean, azken kolpea eman beharrean, eustearekin konformatu zen. Athleticek, berriz, ondo baino hobeto baliatu zuen bere momentua.

Iker Muniain eta Unai Lopez izan ziren zuri-gorrien garaipenaren giltza. Biak aulkitik zelairatu ziren, eta haien sormena eta freskotasuna erabakigarriak izan ziren Sevilla menderatzeko. Taldearen norabide okerra aldatzeko asmoz hamaikakotik kanpo geratu ziren bi futbolariak izan ziren onenak. Izan ere, Garitanok Oier Zarraga eta Jon Morcilloren aldeko apustua egin zuen atzo. Zarraga galdu egin zen Rakitic, Fernando, Jordan eta enparauen artean. Morcillok, berriz, eliteko dohainak dituela berretsi zituen.

Sevillak azkar hartu zuen aurrea, eta horrek erraztu egin zion lana. Berenguerrek eskuin hegalean egindako urruntze eskasa Acuñak baliatu zuen Ocamposi ondoko marrara pase neurtua emateko. Argentinarrak atzera egin zuen erdiraketa En Neseryk baliatu zuen huts eta batekoa sartzeko. Goleko jokalditik eta atsedenaldira iritsi arte, nahi eta ezin aritu zen Athletic. Ez zen gai izan Sevillaren sarea zulatzeko. Bonok ez zuen lanik izan.

Bigarren zatiko lehen minutuak izan ziren zuri-gorrien txarrenak eta Sevillaren onenak. Lehen hamar minutuetan, lehia erabakitzeko aukera izan zuen Lopetegiren taldeak. Athletic bere arean sartu zuen, eta En Neseryk gertu izan zuen bigarren gola. Navasek eskuin hegaletik egindako erdiraketa goitik behera errematatu zuen buruz, baina goleko marran urruntzea lortu zuen Iñigo Martinezek. Athletic larri zegoela ikusita, entrenatzaileak Unai Lopez zelairatu zuen, zelai erdia berreskuratzeko asmoz. Handik minutu gutxira, Muniain agertu zen zelaian. Eta haien hartu-emana eta Sevillaren jarrera epela —akaso nekea ere nabarituko zuen— nahikoa izan ziren neurketa kanpoko taldearen zelaian jokatzen hasteko. Athletic Bonoren area inguratzen hasi zen, eta, alde izan zuen seigarren kornerrean, Muniainek lortu zuen lehia parekatzea, Vesgak buruz egindako errematea are txikian eskuinez sarera bidalita. Sevillari min eman zion golak eta Athleticek aurrera egitea erabaki zuen. Garaipenaren sari potoloa Sanceten golari esker iritsi zen. Zelairatu berria zen jokalariak eskuinez errematatu zuen area txikian Williamsek ezkerretik egindako erdiraketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.