Eibar 3-0 Alaves

Bati bizipoza, besteari kezka

Eibarrek aise irabazi dio derbia Alavesi, eta irabazi gabeko bolada txar bat amaitzea lortu du. Kike Garcia izan da protagonista, hiru gol sartu baititu. Mailari eusteko lehia are gehiago estutu da

Kike, atzo sartu zituen hiru goletako bat ospatzen, eta Alaveskoak, burumakur, Ipuruako derbian. JUAN HERRERO / EFE.
Iñigo Lasa Fresneda.
2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Kikek (3. min.); 2-0: Kikek (50. min.); 3-0: Kikek (59. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Alaveseko Pina eta Battagliari.

Esperantza da azkena galtzen dena, eta, matematikak kontrakoa esan bitartean, Eibarrek sinesten jarraituko du. Sasoiko partidarik borobilena egin zuen atzo talde armaginak, eta Alavesek, aldiz, txarrena. Markagailuak ez du gezurrik esaten: 3-0 etxeko taldearen alde, nagusitasun osoz. Urtarrilaren 3tik ez zuen partida bat irabazten Eibarrek. Orduan ere Ipuruan izan zen, Granadaren aurka (2-0). Atzo, irabazi gabeko hamasei partidako bolada amaitzea lortzeaz gain, mailari eusteko helburua bizirik mantentzea lortu dute.

Gipuzkoarren garaipenarekin, are gehiago estutu da sailkapenaren beheko aldea, armaginen onurarako eta babazorroen kaltetarako. Eibarrek zuloan jarraitzen du, 26 punturekin; bakarrera dituElx, Huesca eta Valladolid (gaur jokatuko du) eta, haiekin batera, aurreko astera arte hain urruti zegoen salbazioa. Gasteiztarrak hobeto daude, baina ez etxafuegoak botatzeko moduan. 31 punturekin, jaitsiera postuetatik puntu bakar batera da Alaves. Lau jardunaldi geratzen dira, eta ezer ere ez dago erabakita. Adi ibili behar.

Egoerak hala behartuta, gogor ekin zion Eibarrek lehiari. Lehen zatian, partidaren jaun eta jabe izan ziren gipuzkoarrak. Aurreneko minutuetatik, armaginek hain berea duten jokoa egitea lortu zuten: goian estutu, aurkariaren atetik gertu lapurtu, eta area erdiraketaz josi. Jose Luis Mendilibarrek aise irabazi zion arbeleko lehia Javi Callejari. Arabako taldea lo zelairatu zen: haizeak nondik jotzen zien ere ez zekiten jokalariek. Etxeko taldearen betiko jokoak ezustean harrapatu zituela ematen zuen.

Eibarrek hasiera-hasieratik eraman zuen zelaiko nagusitasuna markagailura. Hirugarren minuturako, aurretik zen etxeko taldea. Alboko sake bat area barruan sartu, eta jokalari guztien artean Kike Garciari —nori bestela— erori zitzaion baloia: 1-0.Hain jardunaldi gutxiren faltan, eta gauzak nola dauden ikusita, talde askok abantaila babestea aukeratuko zuketen, baina Mendilibarren taldea ezberdina da, eta justu kontrakoa egitea erabaki zuen: bigarrenaren bila joatea. Aldea bikoizteko abaguneak izan zituen. Kike Garcia, Bryan Gil eta Edu Exposito gola egitear izan ziren, baina ez zuten lortu baloia Pachecoren ate barrura bidaltzea. Errenta txikiegia zen zelaian ikusi zenerako.

Kike protagonista

Babazorroak noraezean ibili ziren lehen zati osoan. Apenas iritsi ziren Eibarren area ingurura. 32. minutuan jaurti zuten estreinakoz hiru zutoinen artera, Lucas Perezen bitartez. Atsedenaldira gol bateko desabantailarekin bakarrik iristea izan zen gasteiztarrentzat albiste on bakarra. Bigarren zatia hasi bezain pronto lortu zuen etxeko taldeak partidako bigarren gola. Kike Garciak, berriz ere, bikain baliatu zuen Edu Expositoren erdiraketa, eta hanka puntarekin Pacheco gainditzea lortu zuen. Plana ondo ez zihoala ikusita, zuhaitza astindu eta bi aldaketa egin zituen Callejak: Pere Pons eta Luis Rioja zelairatu zituen Pinaren eta Edgarren ordez. Jokalariak bai, baina jokatzeko era ez zuen aldatu teknikari gasteiztarrak, eta Eibarren nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen. Hori berresteko sartu zuen hirugarrena Kikek, beretzat lehendabiziko hat-trick-a, eta Eibarreko jokalari batek Lehen Mailan sartzen duen aurrenekoa.

Datorren jardunaldian, Eibarrek Getaferi egin beharko dio bisita, eta Alavesek Levante hartuko du, Mendizorrotzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.