Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Fenomeno psikofonikoak

2017ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Estutu orain, lasaitu orain. Dani Alvarezek badaki zorrotz izaten, gai beraren inguruan antzeko galderak eginez (biolentziaren atala tartean denean batik bat), zenbait politikarirekin erakutsi izan digun eran. Giza eskubideen aitormena, ezeren aurretik omen. Konforme printzipioarekin, beti aplikatzetakotan noski. Herenegun Urkullu lehendakaria zeukan aurrez aurre Boulevard-en, eta behin torturaren gaia mahairatuta, koherentea izaten saia zitekeen. Bada, ea eroso sentitzen den PSEren jarrerarekin, eta ea gobernu-krisia gainditua ote dagoen; horretara mugatu zen Alvarezen jakin-mina. Denok futboleko entrenatzaile onak sentitzen garen modu berean senti gaitezke kazetari elkarrizketatzaile. Baina, ostiralean, entzun ez ziren bi galdera egitea eskatzen zuen zentzumenak: ea gobernuak zein motatako erantzuna emango dien txostenean ageri diren biktimei, eta ea zer pentsatzen duen bere ardurapeko administrazio publikoko zenbait langileri 336 giza eskubideen urraketa-kasu leporatu izanak...

Kontzesiorik ez. Aspalditxotik gazte gehien-gehienak D ereduan matrikulatzen diren Gipuzkoan, oraindik ere salbuespentzat —fenomeno psikofonikotzat kasik— jo behar da ostiralean gertatu zena ehun mila entzulerekin gehien entzuna den Ser katean, Hora 14 albistegian: hogei bat segundoz euskarazko ahots bat entzun genuen, Maribel Vaquero Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendariarena hain zuzen, Gipuzkoarren kultura politikoa 2017 azterlanaren aurkezpenean. Ez da askorik hausnartu behar jakiteko zer gertatu zen: euskaraz egin zen prentsaurreko osoa, eta irratian, albistea formatu txukunean aurkeztu nahi-eta, beste erremediorik ez zuten ikusi prentsaurrekoko protagonistaren hitzak jasotzea baino. Bada, hortik beharko du joan etorkizunak, irmoki jokatuz gizartearen hizkuntzaren errealitateari bizkar emanez bizi diren komunikabideekin. Koherentzia eta ausardia erakutsiz hizkuntzaren normalkuntza predikatzen den diskurtsoaren eta praktikaren artean. Ahal diren joko-arauak ezarriz informazioaren merkatuaren legean: nik emango dizut zuri interesatzen zaizun produktua, baina neuk nahi dudan zorroan bilduta. Eta, kontzesiorik egin gabe, hots, euskaraz emandako ordu erdiko prentsaurrekoari erantsi gabe minutu edo bost minutuko gaztelaniazko hitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.