KRITIKA Dantza

Sacromontetik mundura

Agus Perez.
2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun

'Habitat'



Kontzeptua eta koreografia: Daniel Doña. Zuzendaritza eszenikoa: Jordi Vilaseca.Soinu-espazioa: Hector Gonzalez. Eszenografia: Davinia Fillol.Argiak: Olga Garcia. Jantziak:Yaiza Pinillos. Interpreteak:Cristian Martin, Alfredo Valero,David Vazquez, Daniel Doña.Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Otsailak 23.

Daniel Doñaren hastapenak eta sustraiak Granadako Sacromonten (Espainia) omen daude, eta pasa den hamarkadan Achanta la mui gaztaro-ikuskizuna sortu ostean, orain helduaro betean etorri da Habitat izeneko sorkuntzarekin. Ez da nire asmoa dantza flamenkoaren historia hurbila hemen egitea, urrunetik eta distantzia emozionaletik jarraitzen dudalako haren bilakaera, baina jakin beharra dago esangura handikoak direla bi izenburuok. Lehenak Isildu zaitez behingoz edo Itxi aho hori esan nahi du iberiar ijitoen hizkuntzan, eta esapide horrekin Doñak aldarrikatzen zuen bere flamenko iraultzaileak zaharren forma ankilosatuetatik libre izateko zeukan eskubidea.

Oraingo Habitat honekin txoko artistiko bat aldarrikatzen du bere estilo heldurako. Habitat berri horretan aurkitzen dira dantzariaren eta konpainia osoaren jatorria, eta, aldi berean, dantza klasikoaren eta garaikidearen eragina, baina beste ezeren gainetik, XXI. mendeko sortzaile izateko bokazio erostezina. Horren lekuko, Doñak eskuratu duen sari garrantzitsuen bilduma.

Ikusleek, aretora sartzean, beroketak egiten baleude bezala aurkitu dituzte artistak. Bat txalo erritmikoak jotzen eta flamenko-abeslaria lurretik esaten bere salmodia. Erabateko jarraitutasun eredugarrian sartu gara emanaldian, eta orduan hasi gara konturatzen leuntasun atsegineko cante-a soinu-espazio oniriko baten parte zela eta oso arkaikoa egiten zitzaigula. Abeslaria eszenako alde batean zegoela, beste aldean ikusi ditugu bi dantzariak, bata zein beste biak argi zenital banaren pean kokatuta, eta dantzariek eraikitako figurek maila gorena erakutsi dute hasierako keinutik eta emanaldia bukatu arte: besoek, eskuek, gorputzek, jarrerek… zehaztasun itzela hartu dute, eta leunak izan dira aldi berean. Inspirazio sublimearen fruitu izanik, eta teknika diziplinatuaren bidetik, Ekialde Hurbil eta Ertaineko korronte mistikoekin konektatu gaituzte.

Hasieratik bertatik sartu gara dantzaren eremu sakratuan, non bai dantzariak bai ikusle trebatuak lurreko eremu materialetik irten eta meditazioaren moduko esfera esplikaezin batean sartu garen. Dantzarien gorputzen trebakuntza itzelak eta sortzaileak arte gorenaren erresumara heltzeko duen borondateak gu geu ere eraman gaitu batzuetan zeru horietara, eta Lurrera berriz etortzean jakin dugu aingeruen dohain batzuk dastatzeko gai izan garela.

Egia osorik esan behar badut, ez da den-dena Daniel Doña eta Cristian Martin dantzarien meritu izan: Jordi Vilasecaren dramaturgia erabakigarria, duela bi mendeko oihalekin egindako jantzi alegorikoak, goitik eskegitako tramankulu oniriko erraldoi aldakorra, argien diseinu intimista eta beroa, akordeoiaren presentzia obsesiboa... dena izan da pertinente, ez da ezer betegarri hutsa izan, eta araztasun horren bidez heldu gara berriz ere dantzaren gailurretaraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.