Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Desafioak

2015eko irailaren 6a
00:00
Entzun
Euskalerria Irratia. Lizentzia emateak eragin dituen pozezko topa egite guztien ostean, ez zaizkie desafio gutxi geratzen gerora begira irratiko arduradunei. 27 urtez Iruñerriko euskaldunei eskaini dieten kalitatezko irratia hobetzen jarraitzea egunez egun, lehenengo eta behin, eta, segidan, legezkoa izateak dakartzan zenbait aspektu ere (administratiboak, teknikoak, komertzialak, langileen lan baldintzak, eta beste) biziberritzea. Eta, batik bat, urte luze horietan irratiaren inguruan gorpuztuz joan den elkartasun eta sinpatia sare horri eustea. Pedagogia eginez, ukatzea dena egina dagoelako sentsazioa, eta sinistaraztea Iruñerriko herritarrek eta uhinek euskarazko irratien premian segitzen dutela. Eta hor dela Euskalerria Irratia informazioa, hausnarketa eta entretenimendua uztartzen dituen programazioarekin. Ez baitago jarrera txepelagorik lizentzia eskuetan bertan gozo gelditzea baino.

Herrera, uhinetan. Asteartean jarri zen Copeko mikrofonoen aurrean Carlos Herrera, Espainiako irratigintzaren hautsak harrotu berri dituen fitxajea. 06:00etan egin zuen etorkizuneko asmoen deklarazioa: bere sintonia ez omen da influentzia politikoen tresna izango, ez hisopo ebanjelizatzailea, ezta luzimendu pertsonalen pasarela; guztiek kabida izango omen duten tokia izango da. Printzipio horiek goikoz behera jarri, eta gertuago ibiliko gara asmatzetik zer izango den bere irratia. Debuteko egunean bertan elkarrizketatu zituenen zerrendak nahikoa adierazi digu: Rajoy, Aznar, Sanchez —sozialista— eta Juan Carlos Borboikoa. Potoloa da Kataluniatik datorkigun desafioa, mutilak, eta bildu zaitezte, arren! Ezin mezu argiagorik —hil ala bizikoa— bidali estreinaldian paparrean bandera espainiarra luzitzen zuen esatariak.

Tertulianoen profila. Lehengo lepotik burua. Herrerak ia denak eskuineko nazionalista espainiarrak bildu ditu (Rajoyren lerroarekin oso diskoloak ez direnak; alegia, jimenezlosantostarrek eta ez dutela tokirik), eta gainerako bakanak, sozialisten artetik espainiarzaleenak. Bi, euskal herritar: Nicolas Redondo Terreros eta Edurne Uriarte. Kataluniaren gaia hartuta debate askotarikoa nahi duenak, alferrik du. Hori bai, erabakitzeko eskubidearen gainean Manuela Carmenari zein Pablo Iglesiasi itaunketa poliziala aditzeko desioa duenak, Cope sintoniza dezala etzi eta ostegun goizean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.