Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Andoain, beste behin

2018ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Beste behin. Ez da lehenbiziko aldia. Andoaingo (Gipuzkoa) bi preso ohiren biografia laburra egiterakoan, Radio Euskadiko albistegientzat sekuentzia hiru gertakizunetara laburtu da: atxiloketa, leporatzen zaizkienak eta epaileak ezarritako kartzela zigorra. Anekdotikoa da atxiloturikoek torturak salatu izana, beraz. Oraindik orain Paco Etxeberriak zioen, torturen inguruko txostena aurkezterakoan, euskal gizartea prest dagoela errealitate horren balorazio kritikoa eta behar diren aitormenak egiteko; ziur zen errealitate hori bistaratzeak bizikidetzari egingo liokeela mesede. Bada, ez dirudi REk bat egiten duenik pentsaera horrekin. Etxeberria, soilik, hezurren eta autopsien diziplinan (El lector de huesos, ETB2) da erreferente; baztergarriak dira bizikidetzaren eremuan eman ditzakeen gogoeta etikoak.

Eman hitza Andoaini. Azken hilabeteetan 50etik gora ongietorri egin dira Euskal Herriko kaleetan. Baina orain zortziko Andoaingoak ekarri du soka luzea. Komunikabide handiei kasu eginez gero, aparteko faktoreak ditu Andoainek. Ez genuke utzi behar Iker Jimenezen esku zergatiaren hausnarketa egitea, fenomeno paranormalez ariko bagina bezala. Mereziko luke bertako herritarrei ematea hitza, esaterako Ganbara-k egin izan duen bezala saio bereziekin (Errenterian, kasurako). Bozgorailu mediatikoa atzetik dutela Andoainera urtean behin joaten diren politikarien bertsioarekin konformatzen bagara, jai dugu.

Gaztea, 'El Conquis'. Gaztedia kontsumitzaile nagusia duen irrati formulen unibertsoan ere euskararen presentzia ziurtatzeko sortu zen Gaztea. 1990etik zeregin hori aski dezente betetzen ari dela esan daiteke. Beste gauza bat da eztabaidatzea zenbat laguntzen dion euskal musikari, zenbat den gorrotagarri bere estilo histrionikoa, eta abar. Zaila dena da ulertzea nola kabitzen den Gaztea ETB2ko El Conquistador saioan. Asteazkenetako saioan, Gaztea irratiaren markapean, Joseina Etxeberriak musika jartzen duen bitartean, Ainhoa Etxebarriak sare sozialetan esaten direnak kontatzen ditu, denak gaztelaniaz (zorionak, eskerrik eta asko kenduta). Paradoxikoa da, amorragarria ez esateagatik: 2005ean hasi zenetik makina bat parte hartzaile euskaldun izan arren, euskararen ikusgarritasunari kontzesio txikirik sekula ez dio egin reality horrek, eta euskarazko komunikabide publiko baten laguntza jasotzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.